Udalak beharrean, Paris 365-ek ordainduko ditu Iruñean kalean bizi direnen dutxak

  • Paris 365 jangela solidariotik adierazi dutenez, izerdi etengabeak, freskatzeko ezintasunak eta arropa garbitzeko zein lehortzeko aukerarik ezak kalean diren herritar askori sarna, onddoak edo infekzioak eragin dizkie. Are gehiago, adibidez, abuztuan izan diren beroaldiekin.


2023ko irailaren 8an - 10:19
Azken eguneraketa: 12:38
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Elkarteak prentsa ohar bidez azaldu duenez, hori guztia gertatzen ari da maiatzaren amaieran Caritasek kudeatutako Iruñeko San Miguel zentroa itxi zenetik, non kalean zeuden pertsonek dutxa hartu eta arropa doan garbitzeko aukera zuten. Iragandako hiru hilabete horietan, Iruñeko Udalak ez du inolako zerbitzurik prestatu San Migel zentroaren funtsezko lana ordezteko. Neurri bakarra Trinitarioen aterpetxean eguneko zortzi plaza irekitzea izan da, baina bero boladagatik alerta aktibatu zen zazpi egunetan soilik.

Beraz, kale egoeran daudenei udal bainuetxera jotzea baino ez zaie geratzen, Paris 365 elkartea jakinarazi duenez: “Hala ere, higienea mantentzeko zerbitzu horretaz aparte beste aukerarik ez dutenek oso gutxitan izaten dute hori ordaintzeko adina diru. Izan ere, dutxatzea 1,05 euro kostatzen da; oihala, 0,40 euro; xaboia, beste 0,40; arropa garbitzea, 5,65; eta lehortzea, beste 5,65”.

Onartzen dute zerbitzu horiek udalak ordaintzen dizkiela gizarte zerbitzuen babesean diren herritarrei, baina elkartearen ustez, oro har, bazterkeria larrian eta kalean dauden pertsona gehienek ez dute benetan bainuetxea erabiltzeko aukerarik.

Egoera horren aurrean, Gizakia Herritar - Paris 365 Fundazioak erabaki du aurrerantzean kalean dauden erabiltzaile guztiei hiru dutxaren eta asteko arropa garbitu eta lehortzearen kostua ordainduko diela, baita aparteko muda bat ere. Era berean, Iruñeko Udalari exijitzen dio hirien bizi diren herritar guztien oinarrizko premiez arduratzeko.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.