Otsaportilloko lezean gorpuzkin gehiago opatu dituzte

  • Aranzadi zientzia elkarteko kideak lastailaren 12a eta 15a bitartean jaitsi ziren berriro. Bi hezurdura eta makina bat hezur berreskuratu zituzten. Zein diren identifikatzeko DNA probak egiten ari dira.

Aranzadi zientzia elkarteko kiedak Otsaportillon
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko azaroaren 02an - 12:34

Satorrak espeleologia taldeko kideak 1979an lezera jaitsi zirenean 10 metro egin zuten behera eta 14 gorpu opatu zituzten (13 gizonezko eta emakumezko bat). Aranzadi zientzia elkartekoak joan den urteko garagarrilaren aurreneko bi larunbatetan lezera sartu zirenean 7,8 metro egin zuten behera eta  metalezko kutxan gordeak zeuden hezur guztiak jaso zituzten, zortzi pertsonarenak.

Bitartean zer gertatu zen lezeak sakonera galtzeko eta hezurdurak ez egoteko? Batetik, 1979an Jimeno Juriok eraildakoen inguruan hainbat albiste argitaratu ondoren, lezea profanatu egin zuten. 1982an senideek metalezko kutxa batean sartu zituzten hezurrak, tartean zortzi buruhezur. Bestetik, propio kaskailu pila handi bat bota zuten, arrastoak ezabatzeko.

Pilareko zubian Aranzadi zientzia elkarteko kideak bi metroko altuera eta kono itxura zuen kaskailu pila lezetik atera zuen. Lezearen zoruraino jaitsi nahi zuten kaskailuaren azpian edo artean hezurdura gehiago ote zegoen jakiteko. Lanak emaitza eman du: bi hezurdura eta hezur pila berreskuratu dituzte Aranzadikoek, kaskailu pilaren 0,4 eta 2 metroko sakoneran zeudenak. Beraz, Otsaportilloko lezean gutxienez 11 pertsona erail zituztela ziurtatu dute zientzialariek. Pistola bat eta zenbait bala ere berreskuratu dituzte.

Opatutako hezurrak zeinenak ziren identifikatzeko DNA probak egiten ari dira. Haiek Nafarroako Gobernuak sortutako DNA bankukoekin parekatuko dituzte identifikazioren bat lortu asmoz. Aranzadikoek, gainera, analisi antropologikoa eta patologikoa eginen dute. Ikerketak despeditu ondoren identifikatutako pertsonen hezurrak euren familiei bueltatuko dizkiete.

Egitekoak

Joan den urteko ikerketak bederatzi pertsonaren hezurrak opatzea ekarri zuen. DNA proben bidez haietako lau Francisco San Roman Galbete (Urdiain), Meliton Agirre Lezea (Olatzagutia) eta Domingo eta Francisco San Roman Otxoa anaiak (Ziordia) zirela jakin zen. Saroiko lezean 2015ean egindako azterketaren ondoren Narciso Artola Razkin, Clemente Araña Migel, Paulo Garziandia Arin, Andres Gonzalez eta Antonio Maiza Miranda etxarriarrak identifikatu zituzten. Gerrakoan eraildako senideak dituztenak eta haiek non dauden ez dakitenek Aranzadirekin  harremanetan jartzeko eskatu dute zientzia elkartetik. Izan ere, Otsaportilloko lezetik 2016an ateratako bost hezurdura eta Urbasako saroitik 2015ean ateratako bat identifikazio zain daude.

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta Creative Commonz lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude