Emakumeak borrokan

JARRAIPENA | Zortzigarren hildakoa: beste preso batek ere bere buruaz beste egin du

  • Leyla Guvenek 2018ko azaroaren 8an hasi zen gose greban. 55 urte ditu. Erdoganen alderdiak Afrinen egin zituen operazioak salatzeagatik espetxeratu zuten "erakunde terrorista gidatu eta babestea" egotzita. 31 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Urtebetez espetxean izan ostean, gose grebaren 79. egunean askatu egin zuten. Ehunka lagunek bat egin zuten bere protestarekin, gose greba mugagabeak abiatuz.

ARGIA @argia
2019ko otsailaren 13a
Gakoak
Erakutsi gako guztiak
Mashum Pamay izan da zortzigarren hildakoa.
Ocalanen abokatuek prentsaurrekoa eman dute berarekin egotea lortu ostean

Azkenean lortu dute abokatuek Abdullah Ocalan bisitatzea. Maiatzaren 2an izan zen. Abokatuek 810 aldiz egin behar izan diote eskaera espetxe administrazioari, azkenean baimena lortzeko. Ocalanek zortzi urte zeramatzan abokatua ikusi gabe.

Abokatuek jakinarazi dute beren bezeroari ez dizkiotela egunkariak eta gutunak ongi ematen, eta beraz, komunikatzeko eskubidea urratzen diotela. Bileraren helburuetako bat zen, Ocalanek eta beste hiru presok komunikatu bat helarazi nahi zietela.

'Ocalan askatu' pankarta jarri dute Parisko Eiffel dorrean

 

Zazpi metroko luzera duen "Liberez Ocalan" pankarta jarri dute ekintzaile kurdu gazteek Parisko Eiffel dorrean. ANF agentziak informatu duenez, ekintzaile hauek protestak antolatzen jarraituko dute gose grebalariekin elkartasunez.

Zortzigarren hildakoa: beste preso batek ere bere buruaz beste egin du

22 urteko Mahsum Pamay preso politikoak bere buruaz beste egin du Abdullah Öçalanen isolamenduaren eta torturaren aurka. Elazig espetxean hil da ostiral arratsaldean.

Larunbatean, hileta egin diote Cizre herrian eta bertan ehortzi dute, nahiz eta senideek salatu duten soilik familiako kide batzuei utzi dietela hilerrian azken agurra ematen. Bitartean, poliziak hartua izan du herria, ANF agentziak jakinarazi duenez eta azpiko argazkian ikus daitekeenz.

 

Amnesty Internationalen isiltasuna salatu dute

Alemaniako Dusseldorf hirian, hainbat ekintzaile Amnesty International GKE-ak duen egoitzan sartu dira, honek Öçalanen isolamenduaren eta gose grebalari kurduen harira mantentzen duen isiltasuna salatzeko.

Zazpigarren pertsona bat hil da: beste preso batek bere buruaz beste egin du

Siraç Yüksek izeneko preso politikoak, Osmaniye-ko espetxean zegoenak, bere buruaz beste egin du Abdullah Öcalanen isolamenduaren aurkako protesta gisa. ANF agentziak eman du albistea.

Martxoaren 1etik gose greban zegoen Yüksek. Gose greba hasi zenetik sei preso politikok egin dute beren buruaz beste, eta Alemanian pertsona batek bere buruari eman zion su. Denak Öçalanen isolamendua salatzeko ekintzak izan dira.

Rojavan borrokan hil zuten italiarrari azken agurra Florentzian

Daesh-en aurka borrokatzera joan zen Lorenzo Orsetti nazioarteko brigadistari azken agurra egin diote bere jaioterri Florentzian. Baghouz-eko batailan hil zuten, bera TiKKO/YPG-ekin ari zen borrokan.

Guven bisitatu duen delegazioa: "Oso, oso gaizki dago"

Erresuma Batutik Kurdistanera joan den nazioarteko delegazioak Leyla Güven gose grebalaria bisitatu du.

"Oso, oso gaizki dago. Gaur ezin izan ditu ezta bere likidoak eta B bitamina ere hartu. Benetan ez dirudi askoz gehiago geratzen zaionik, bizitzeko!".

Kontzentrazioa deitu dute ostegunerako Donostian

Gose grebalariekin elkartasunez eta Öçalanen isolamendua amaitzeko eskatuz, kontzentrazioa deitu dute Donostian ostegunerako.

 

Seigarren hildakoa: Yonca Akici presoak bere buruaz beste egin du

Gose greban zegoen Yonca Akici izeneko preso politikoak bere buruaz beste egin du Öçalanen isolamenduaren aurka, ANF agentziak jakinarazi duenez.

Yonca Akici Şakran Emakumeen espetxean zegoen duela lau urtetik, "legez kanpoko erakundeko" kide izatea egotzita. Martxoaren 29an bere burua hiltzen saiatu zen, bere burua zauritu zuen eta ospitalean hil zen. Akici martxoaren 1etik zegoen gose greban.

Ipar Kurdistango hiri nagusi Ameden HDP alde handiarekin garaile

"Garaipen hau gose grebalarientzat da". Hala adierazi dute HDP alderdi kurduko Amed hiriko alkategai Selcuk Mizrakli-k, ANFk jaso duenez. Alde handiarekin irabazi du. 2014ko udal hauteskundeetan botoen %55,1 eskuratu zuten. Igandeko hauteskundeetan %63,14-ra igo da. Erdoganen AKP alderdiko hautagaiak %30 eskuratu du.

Emaitzak jakin berritan Mizrakli-k ondorengoa adierazi zuen: "Emaitza hauek argi erakusten dute isolamenduaren aurkako jarrera hazten ari dela. Garaipen hau Leyla Güven eta Gültan Kışanak gose grebalarientzat da. Kurduek argi erakutsi dute beren nahia, erabakia eta sinesmena. Argi adierazi dute bakean eta herrien arteko koexistentzian bizitzeko nahia."

Ikusi HDP alderdiaren egoitzaren kanpoaldean egindako ospakizunen bideoa:

Erdoganek kolpea jaso du hauteskundeetan

Turkiako estatuan hiri nagusiak ondorengoak dira: Istanbul, Ankara, Izmir, Adana eta Diyarbakir. Erdoganen AKP alderdiak denak galdu ditu.

Manifestazioa Bilbon gose grebalariekin elkartasunez

Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak deituta, manifestazioa egin dute igande eguerdian Bilbon. Ecuador Etxeak atera ditu ondorengo argazkiak.

Hemen Ecuador Etxeak egindako bideo-laburpena.

Manifestazioa deitu dute iganderako Bilbon gose grebalari kurduekin elkartasunez

 Igandean 13:00etan Bilboko udaletxearen aurretik abaituko da manifestazioa. Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak deitu du.

 

Leyla Guven epaitegira eramateko agindu du Amedeko Auzitegiak

Amed hiriko Zigor Auzitegiak bertaratzeko agindu dio gose greban 140 egun bete dituen Leyla Guveni. "Erakunde terroristako kide gisa" ikertzen ari dira. Azken saioan Guven ez zen epaitegira joan. Abdullah Öçalanen bi anairekin batera epaitzen ari dira gose grebalaria –Mehmet eta Gatma Ocalan–. Guven ez zen epaitegira joan gose greban dagoelako eta bere abokatua bertan izan zen.

ANF guneak azaldu duenez, abokatuak epaileari adierazi zion Guvenen osasuna arriskuan zela eta ez zegoela epailearen aurrean deklaratzeko moduan. "Poliziak epaitegira indarrez eramaten badu, hiltzeko arriskua izango du. Egoera honetan, nire bezeroak ez du defentsa bat aurkezteko modurik. Horregatik, exijitzen dugu kasua albo batera uzteko eta auzitegiak ez dezala derrigorrezko agerraldirik agindu".

Auzitegiak erabaki zuen Leyla Guven epaitegira eramateko agindu die agenteei.

Ehunka lagunen azken agurra Ugur Sakarri
Newroz ospatu dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen

Donostian, Bilbon eta Errekaleorren Newroz eguna ospatu dute asteburuan. ARGIA Donostiako ekitaldietan izan zen. Argazki batzuk jarraian.

Rojavan izan diren hiru emakumek beren ezagutza partekatu zuten.
Antiguako Txantxarreka gaztetxean izan zen mahai ingurua.
Ondoren, dozena bat pertsonak Antiguatik abiatuta Kontxa osoa zeharkatu zuten bidean gurutzatzen zirenei esku-orriak banatuz.
500 esku-orriak banatu zituzten.
Leyla Guvenek eskatu du "sakrifizio ekintzak" amaitzeko

Leyla Güven gose grebalariak eskatu du "sakrifizio ekintzak" ez egiteko, Dengê Welat irratira kurdueraz bidalitako audioan. Hemen entzun daiteke bere ahotsa.

"Iraultzaileek ez lukete hain erraz hil behar", adierazi du Guvenek. Jarraian bere adierazpenetatik hainbat pasarte euskaratuko ditugu.

"Erresistentzia hazten eta hazten ari da. Gure eskaera mundu osoan zabaltzen ari da. Gaur egun edonork daki kurduok ez dugula isolamenduan bizitzea onartzen. Gure lehentasuna morala eta motibazioa altu mantentzea da. Gure ideologiaren oinarria da iraultzaileek ez luketela hain erraz hil behar. Amaiera arte eutsi behar diogu. Eusten ari gara".

"Gure historian lehen aldiz, milaka pertsona mugarik gabe isolamendua amaitzeko borrokan ari gara. Inork ezin du esan ekintza hauek emaitzarik izango ez dutenik. Emaitzak izango ditugu ziur, ziur nago irabaziko dugula".

"Ez gara gu behartuta gaudenak, zokoratuta, urratsak nola eman ez dakitenak. AKP eta MHP dira horiek. Hauteskundeak dituzte aurrean, eta ez daukate soluziorik, ez dakit zer egin".

"Lagunok, maila berri batera mugitzen ari gara. Arrakastarako gutxi falta zaigu. Zintzotasunez esan nahi dut: sor ditzagun ekintzaileen inguruko zirkuluak, sor ditzagun itxaropen eta gogo zirkuluak. Garaipena gertu daukagu, lortuko dugu, ehuneko ehun lortuko dugula. Espetxean dauden gure lagunei eskatu nahi diet eusteko borroka moral honetan, modu baketsu eta entusiatikoan. Eta gose greban ez daudenek babestu behar dituzte badaudenak".

"Zülküf, Ayten, Uğur, makurtzen naiz zuen ekintzen aurrean. Isiltasuna hautsi nahi izan dute beren sakrifizioarekin. Baina esan nahi dut: horrelako ekimenak aurrera eramaten dituen edozein lagunek, nire gorputzeko puska bat eramaten du, nire espiritu eta bihotzaren puska bat. Ekintza hauen aurrean errespetua adierazten dugu. Baina esan nahi dut: dagoeneko bada ekimen bat abian, emaitzak lortzetik gertu gaude. Gose grebalarien inguruan hartu behar dugu leku. Ez dugu ekimen berririk egin behar".

"Lagunok, batu gaitezen gose greba hauek mundu osoan zabaltzen eta horrela lortuko dugu emaitza. Hori da helburua".

Bosgarren hildakoa: Beste preso batek bere buruaz beste egin du igandean

Martxoaren 24an, igandea, bere buruaz beste egin du Oçalanen isolamendua salatzeko Medya Çınar preso politikoak, ANFn irakur daitekeenez. Mardin hiriko espetxean zeukaten eta 24 urte zituen.

Çınar 2016ko maiatzaren 31n atxilotu zuten, beste 42 pertsonarekin batera. Epailearen aurrean torturak salatu zituen, baita herri kurduaren aurka Turkiako estatuake egindako errepresioa eta sarraskia ere. Kurdueraz mintzatu zitzaion epaileari.

HDP alderdiko delegazio bat gorpuaren bila joan ziren Mardineko ospitalera. Aipatu iturriak jakinarazi duenez, gorpua bahitu eta ez diete senideei eman. Eztabaidan ziren bitartean, talde bat "Martiriak hilezkorrak dira" oihuka hasi da eta poliziak kolpatu egin ditu dispertsa zitezen lortzeko. Hiru lagun atxilotu ditu Turkiako poliziak.

 

Laugarren hildakoa: beste preso batek ere bere buruaz beste egin du Oçalanen isolamenduaren aurka

Zehra Saglam izeneko preso politikoak bere buruz beste egin duela jakinarazi du ANF agentziak. Oçalanen isolamendua salatzeko protesta izan da. Erzurum probintziako espetxean zeukaten.

Hirugarren hildakoa: Ayten Beçet-ek bere buruaz beste egin du

Beste preso politiko kurdu bat hil da, ANF agentziak informatu duenez, Öçalanen isolamendua salatzeko bere buruaz beste egin du Gebzeko espetxean. Han zeukaten dispertsatua, etxetik 1.300 kilometrotara, Istanbul ondoan. Ayten Beçet zuen izena, 24 urte zituen.

Aipatutako iturrien arabera, albistea entzundakoan abokatuak espetxera joan dira korrika eta bertan espetxeko funtzionarioek esan diete Beçetek bere burua urkatu duela. Ez dago garbi bere gorpua nora eraman duten.

Bigarren hildakoa: Ugur Sakar-ek bere buruari su eman zion

Alemaniako Krefeld hiriko epaitegiaren aurrean, Ugur Sakar izeneko kurduak bere buruari so eman zion otsailean Öçalanen isolamendua salatzeko. Ospitalean izan dute, gorputzaren %64ko erredurekin. Ostiralean hil da.

Bere buruari su eman aurretik, Sakarrek ohar batean idatzita utzi zuen Öçalanen isolamendua salatzeko egingo zuela ekintza, gose grebalariengatik eta Alemaniako gobernuari mugi zedin presio egin nahi ziola. "PKK-k erakutsi digu "erresistentzia bizitza da" filosofia. Gure betebeharra da injustiziaren aurrean eustea, edonon gaudela".

Sakarrek Tortura Saihesteko Batzordeak gose grebalarien auzian duen isiltasuna ere salatu zuen.

Bilduma: Newroz eguna ospatu dute Kurdistan osoan

Kobanen milaka lagun batu dira

Qamishlon sua hildako gudarien amek piztu dute

Raqqa hirian zortzi urtean lehen aldiz ospatu dute Newroz eguna, ISISen kontrolpetik askatu ostean

Akre hirian ospakizun ederra

Mendietan, gerrilari kurduek ere ospatu dute Newroz eguna

Kandil mendietan, gerrilari eta hildakoen senideen presentziarekin
 
Zülküf Gezen-en familiak piztu du Newrozeko sua Ameden

 

HDP alderdiak antolatutako Newroz ospakizunetako lelo nagusia hauxe izan da aurten: "Eutsiko diogu, isolamendua hautsiko dugu".Ospakizunetara ehunka milaka lagun batu dira beste urte batez, eta aurten, sua pizteko ardura eta ohorea, gose greban hil berri den Zülküf Gezenen senideek izan dute. ANF agentziaren informazioen arabera, ehunka milaka lagunek oihukatu dituzte "Leyla Guven gure ohorea da" edo "Zülküf Gezen hilezkorra da" gisako oihuak, sua pizten zuten bitartean.

 
 
Newroz eguna Errekaleor auzoan

Kurdistango askapen mugimenduaren omenezko jaialdia antolatu dute Gasteizko Errekaleor auzo autogestionatuan. 18:00etatik aurrera izango da eta goiko kartelean ikusgai da egitaraua.

Newroz eguna Bilbon gose grebalariei elkartasuna adierazteko baliatuko dute

Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak antolatuta, ostiralean Bilbo Zaharreko plazan 19:30ean. Ekitaldi politikoaz gain, musika eta dantza ere izango direla iragarri dute, baita sua ere.

Newroz Eguna Donostian: Rojavako iraultzaz mahai ingurua eta gose grebalarien aldeko elkarretaratzea larunbatean

Larunbatean Newroz eguna ospatuko dute Donostian. Antiguako Txantxarreka gaztetxean azken hilabeteetan Rojavan izan diren hainbat kiderekin mahaingurua egingo dute, eta ondoren, 19:30ean elkarretaratzea egingo dute gose grebarekiko elkartasunez Antiguako elizatik abiatuta.

Gose greban hildako Zulkuf Gezen-en senideak Leyla Guvenekin bildu dira

Bisita hunkigarria jaso du dagoeneko gose grebalaren ikur bilakatua den Leyla Guvenek, bere 130. egunean.

Aurreko egunean hil zen Zülküf Gezenen gurasoen bisita jaso du eta ezin izan dio negarrari eutsi Güvenek.

Kazerolada deitu dute gauero 20:00etan

Gose grebalarien egoera salatu eta Öçalanen isolamendua amaitzeko eskatuz, HDP alderdiak kazerolada deitu du gauero 20:00etan.

Ikusi lehen gaueko irudiak.

Gose greba mugagabean zegoen preso politiko bat hil da: Zulkuf Gezen

Zulkuf Gezen zuen izena. PKK-ko kidea zen. Martxoaren 17an hil da Tekirdag hiriko espetxean, Istanbul ondoan, etxetik 1.500 kilometrotara, ANF berri agentzia kurduak informatu duenez.

Albistea jakin berritan, Istanbulgo Ataturk aireportuan dozenaka kurdu batu ziren gorpua agurtzeko eta senideei babesa adierazteko. HDP alderdiko kideek salatu dute gorpua bahitu egin duela armadak eta senideen oniritzirik gabe eraman dutela Kurdistanera.

Amed hiriko aireportuan, Turkiako polizia ugari zeuden zai. ANFk jakinarazi du familia behartu egin dutela gauean gorpua lurperatzea, hileta jendetsuak ekiditeko.

Ikusi ondorengo bideoan Turkiako poliziak Amedeko aireportura eraman duen operazio erraldoia.

Gose Grebaren Jarraipen Batzordeak larrialdi deia egin du

Gose Grebaren Jarraipen Batzordea Silivri-ko espetxean protestan diren presoak bisitatzen izan da eta adierazi du egoera kritikoa dela. Autoritateei berehala mugitzeko eskatu diete, The Mesopotamian hedabideak jaso duenez.

Bisitaren ostean, prentsa agerraldia egin dute. Preso askori hainbat egunez edateko ur gutxi eman izan dietela salatu dute, baita osasun azterketarik egiten ez direla ari ere. Askok pisu galera handiak izan dituztela eta odol presioa oso baxu dutela jakinarazi dute.

Guztira, 331 preso politikok 61 egun bete dituzte gose greban.

331 preso politikok 61 egun bete dituzte gose greban

Martxoaren 1ean ANF agentziak publiko egin duenez, preso gehiagok bat egingo dute datozen egunetan eta izen abizenak publiko egingo dituzte.

Argentinako Maiatzaren Plazako Amen babesa, in situ

Argentinako Maiatzaren Plazako Amen elkartetik Emliy Appie joan da Amed hirira, Leyla Güveni babesa adieraztera.

 

Mugimendu feministak dio Guvenen borroka presente izango dutela Martxoaren 8an

Dozenaka emakumek publikoki babesa adierazi diote Leyla Guvenen gose grebari eta hau ez hiltzen uzteko eskatu diote Erdogani. Guven bera kide den emakumeen TJA talde feministaren ekimena da.

The Mesopotamian egunkariak dio Martxoaren 8an Guvenen borroka presente izango dutela eta askatasun oihua izango dela. Mugimendu feministako kide bati egindako elkarrizketan, diote Leylak hasi duela urteko agenda feminista. Martxoaren 8rako prestatu duten egitaraua espetxe aurrean hasiko da.

Jarraian grabatu duten beste bideo bat.

Martxoak 1: Guvenek 114 egun, Yagizek 101 bete ditu

114 egun bete ditu gose greban Leyla Guvenek. Guztira 400 lagun baino gehiago daude gose greban. Batzuk nabarmentzearren: Nasır Yağız-ek 101 egun bete ditu, PKK eta PJAKeko 300dik gora preso politikok 76. Estrasburgon dauden 14 kurduk 75. Mele Mustafak 48.

Manifestazioa Vienan, Austrian

Austriako hiriburuan Öçalanen isolamendua amaitzeko eskatuz eta gose grebalariei babesa adieraziz manifestazioa egin dute.

 

Milaka lagun Bruselan egindako manifestazioan

Mugitzeko eskatu dute Bruselan. Bertan bildu dira Europan bizi diren kurdu ugari, baita elkartasuna adieraztera joandako herritar asko ere, ANF agentziak berri eman duenez.


Torturaren Prebentziorako Batzordea isilik dela salatu dute gazteek

Dozenaka gazte kurdu Tortura Prebentziorako Batzordeak (CPT) Estrasburgon duen egoitzaren aurrean salatu dute erakundea isilik dagoela ehunka kurduren bizitzak arriskuan jarri dituen gose greba masiboaren aurrean. Öcalanen 20 urteko isolamendua amaitzeko eskatu dute eta sarrerako leihoa hausteaz gain, hainbat pintaketa egin dituzte. Frantziako poliziak atxilotu egin ditu.

<< <
1 2
> >>
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kurdistan

Kurdistan kanaletik interesatuko zaizu...
"Biji" Kurdistan

Biolentzia betikotzen denean ikuslea immunizatzen da, txerto bat jartzea modukoa da. Ural mendietatik haragoko errealitateei europar instituzioek eta hiritarrek ez ikusiarena egiten diete, eraginkortasun txundigarriaz. Ehunka ekintzaile kurdu, zaila zenbat esatea, gose greban daude. Muturreraino eramandako gose grebak dira, eta hiltzen ari dira. Beste batzuek beren gorputzei su emanda egiten duten aldarria: azken 20 urteak kartzelan daramatzan Abdullah Öcalan PKKren buruaren erabateko... [+]


Kurduen gose greba masiboa iruditan
MULTIMEDIA - erreportajea

Dagoeneko 7.000 kurdu baino gehiago gose greba mugagabean daude Abdullah Öcallan beren liderraren isolamendua amaitzea eskatzeko. Azken hilabeteetan gutxienez zortzi hil dira "sakrifizio ekintza" moduan beren buruaz beste eginda. Hemen duzue iruditan kurduen ekimena.


2019-03-25 | ARGIA
Bosgarren hildakoa: Beste preso kurdu batek bere buruaz beste egin du igandean

Martxoaren 24an, igandea, bere buruaz beste egin du Oçalanen isolamendua salatzeko Medya Çınar preso politikoak, ANFn irakur daitekeenez. Mardin hiriko espetxean zeukaten eta 24 urte zituen.


Gose grebalari kurduak justizia eske

2018ko azaroaren 8an utzi zion jateari Leyla Güven legebiltzarkide kurduak. Mundua beste alde batera begira den bitartean, gose greban 100 eguneko langa kritikoa gainditua du berak, eta atzetik beste 400 kurdu baino gehiagok protestarekin bat egin dute. Eskaera bat eta bakarra dute: Abdullah Oçalan buruzagi presoaren 20 urteko isolamendua amaitzea. Hori lortu arte ez dutela jango diote.


2019-02-08 | Leyla Güven
Munduko emakumeei gutun irekia, gose greban 100 egun betetzear den Leyla Güven kurduaren partez

Emakume agurgarriak, nahiz eta gure geografiak milaka kilometrok zatitu, pozik nago nire ahotsa heldu zaizulako. Munduko iskina oso ezberdinetan gauden arren, emakume gisa, beti aitortu izan dugu elkar. Hypatiak dioen bezala, "gutako inor ez da berdina, baina batzen gaituzten gauzak banantzen gaituztenak baino handiagoak dira". Ahizpak gara. Gehien batzen gaituzten gauzak askatasunaren aldeko borroka, era guztietako faxismoen, diktaduren eta pentsaera patriarkalaren aurkako... [+]


85. eguna gose greba mugagabean Leyla Guven kurduak, Ocalanen isolamendua amaitzeko eskatuz

Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoaren espetxe isolamentua amai dadila eskatzeko, 85. eguna bete du gose greban Leyla Guvenek. HDP alderdiko legebiltzarkidea eta DTK alderdiko presidentea da. Mundu mailan Guvenen protestari oihartzun ematen ari dira ekintzaileak eta dozenaka lagunek gose greba abiatu dute batean eta bestean.


2019-01-08 | Topatu.eus
Hitzaldi bira bat eskainiko du udan Rojavan izandako brigadista talde batek

Irakaspenak jaso eta elkartasuna adierazteko asmoz joan ziren hainbat euskal herritar udan Kurdistango Rojava eskualdera. Bertan ikasitakoak partekatu asmoz egingo dute hitzaldi bira urtarrilean eta otsailean, sei herritan.


2019-01-07 | Hala Bedi
Rojavako Iraultzaren ekarpenak etxera ekartzeko unea

Aurreko udan Kurdistanen egondako talde batek, internazionalismoaren beharra azpimarratuz egin du publiko brigada. Hala Bedi Tabernan hitzaldia eskainiko dute urtarrilaren 30ean, baina ez da bakarra izango.


Hondamendia eragin du presa baten matxurak Kurdistanen

Diyarbakir probintziako iparraldean, Turkiaren menpe dagoen Kurdistanen, Dicle urtegiko presako ate bat hautsi zen abenduaren 13an eta urak inguru guztia hartu zuen.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude