1 Bilboko azken okupazioaren kontrako polemika: Enekuriko kasua
Azken asteetan, okupazioa kriminalizatzea helburu duen kanpaina mediatikoaren kapitulu berri baten aurrean izan gara. Oraingoan Bilbon, Enekuri auzoan. Duela aste pare bat, gazte batzuk Enekuriko etxe abandonatu batean sartu ziren. Egun batzuen buruan, jabea agertu da soldatapeko matoi batzuekin lagunduta. Hauek bizilagunak mehatxatzen eta hertsatzen aritu dira, etxea utz zezaten. Kasuak protagonismo handia izan du komunikabideetan, bai euskal hedabide garrantzitsuenetan (Eitb, El Correo) bai Espainiako tele-zaborra delakoan (adibidez, El Programa de Ana Rosa).
Hedabideen kontakizuna espekulatzaileen interesak eta matoien praktika mafiosoak legitimatzen aritu da egunetan zehar, esaterako jabe gizajo baten irudi faltsua saltzen. Bertsio ofizial eta “hunkigarri” horren arabera, jabeak nagusien-egoitza bat egin nahi zuen (okupak hondatzen ari direna) eta gauero etxe ondoko jatetxe ohian lo egin behar du, bere “lagunekin” batera (matoiak), eraikin hura ere okupatu ez dezaten.
Egun batzuk geroago, Enekuriko bizilagun batzuek, bonbardaketa mediatikoak konbentzituta eta jabe gizajoaren eta "gure adinekoengan pentsatzen ez duten okupa berekoien" kontakizuna irentsi ondoren, elkarretaratzea antolatu dute okupazioa gaitzesteko eta era berean, jabetza pribatua defendatzeko. Hortaz, testu honetan, hausnarketa batzuk egin nahi nituzke, Enekuriko azken gertakari hauek, okupazioaren aurkako erasoaldi orokorrarekin lotzeko asmoz.
"Auzokideak (horietako asko langile klasekoak) okupazioaren aurka eta 'jabetza pribatuaren defentsa eta errespetuaren' alde mobilizatu izan dira"
2 Enekuritik haratago: okupazioaren aurkako erasoaldia, burgesiaren klase ofentsiba da
Argi dago okupazioaren aurkako (eta ia aurrekaririk gabeko) erasoaldi batean aurrean gaudela, burgesiaren klase-erasoaldi batean aurrean hain zuzen, zalantzarik gabe bizi dugun krisi sistemikoarekin (osasuna, ekonomia, finantza...) lotu behar dena. Ofentsiba honen helburua fronte kapitalista indartzea da eta aldi berean desjabetuoi armak eta tresnak kentzea, krisiari norabide politiko argia emanez, berregituratze kapitalistaren helburu argiarekin. Erasoaldi berri honek gutxienez bi fronte ditu: juridikoa eta politikoa.
2.1 Fronte juridikoa: okupazioaren kontrako kanpaina, jabetza pribatu handia babestea helburu duena
Arlo juridikoari dagokionez berez, zein da kanpaina honen azken helburua? lege-erreforma berri baterako bidea prestatzea, geroago okupazioa zigortuko duena eta jabe handiei, bankuei eta espekulatzaileei berme gehiago emango dizkiena.
Jabe handiei buruz ari naiz bai. Izan ere, nahiz eta kanpaina mediatikoak jabe txikiak interpelatzen dituen –"Bi egunez joan eta etxea okupatzen dizute", "Zure amamak hiltzean utzi zizun etxea okupatuko dute"… horrelako mamuak elikatuz–, errealitatea estereotipo horietatik oso urrun dago. Alde batetik, zenbakiek okupazioen % 90 baino gehiago bankuen etxebizitzak, funts-putreenak eta jabe handienak direla esaten digute. Bestetik, eta are garrantzitsuago dena, jabe txikien kasuan eta “bizilekua bortxatzearen delituaren” aurrean babesteko ez da inolako erreformarik behar. Izan ere, erreforma horiek duela urte batzuk egin ziren dagoeneko, hala nola 2015eko Zigor Kodearen aldaketarekin edo 2018an asmatutako “etxe-kaleratze espres” figurarekin (honi esker jabe txikia izanez gero, egun pare bat pasata berreskura dezakezu etxea).
Baina orduan, zein da bultzatzen ari den lege-erreforma? Erantzuna sinple samarra da, “etxe-kaleratze espres” figura hura (momentuz jabe txikientzat baino ez dena), banku, funts putre, etxe agentzia eta enpresen esku jartzea. Hortaz, krisiaren ondorioz gero eta alokairuen ez-ordaintze gehiago aurreikusten direnez, eta familiak etxetik botatzeko gero eta premia handiagoa dagoenez, burgesiaren interes handiek babes gehiago eskatzen dute, jendea beren etxeetatik azkar eta segurtasunez botatzea ahalbidetuko dien lege bat exijituz.
Baina, nola liteke, langile klasearen pobretxe prozesu baten erdian eta kapitalisten etekinak gora doazen heinean, pobrezia kriminalizatzea eta etxebizitza eskubidearen aurkako diskurtso klasista zilegi bihurtzea? Hemen dago okupazioa deslegitimatzeko kanpainaren lorpen garrantzitsuenetako bat: jabetza pribatuari buruzko eztabaida erdigunean jartzea, langile klasea interpelatuz, nahiz eta jabetza handia (kapitalista) defendatzea duena helburu. Jabetza txikia arriskuan dagoela esaten dute –familia langile batek bizitza osoa lanean egon ostean erositako jabetza txikia–; baina ez da horrela. Jabetza pribatuaren defentsari buruz hitz egiten dutenean, jabetza kapitalista handiari buruz ari dira, kapitala eta etekina sortzen duen jabetza, alegia. Hau da, burgesiaren jabetza handia. Lege erreforma berria, beraz, norabide honetan enfokatuta dago.
2.2 Fronte politikoa: klase-ertainaren ideologia elikatu, burgesiaren bloke politikoa indartzeko
Erasoaldi juridikotik haratago, agian are kezkagarriagoa da okupazioaren aurkako kanpainaren erasoaldi politikoa, okupazioaren aurkako mobilizazioekin zerikusia duena. Hilabete hauetan horrelako mobilizazio askoren lekuko izan gara, bai Estatu espainarrean, bai Euskal Herrian. Mobilizazio hauetan, auzokideak (horietako asko langile klasekoak) okupazioaren aurka eta "jabetza pribatuaren defentsa eta errespetuaren" alde mobilizatu izan dira.
"Zer da datorrena, txiroen arteko gerra edo klase borroka? Berregituraketa kapitalista edo egungo egoera deuseztatzea eta gainditzea?"
Okupazioaren aurkako kanpainaren helburua jabetza pribatu handia babestea bada ere, kanpaina bera ez dago burgesei bideratuta, baizik eta langileei. Burgesiak ekoiztutako kanpaina bat da, klase ertainaren ilusioa indartzea helburu duena. Ilusionismo sozialeko kanpaina honek klase (ertainaren) kontzientzia sortu nahi du, klase ertaina (fikzioa baino ez dena) subjektu politiko gisa eraiki nahian. Hau da, zalantzarik gabe, okupazioa kriminalizatzeko kanpainaren datu politikorik kezkagarriena: gure klaseko geruza bat gure aurka mugitzea lortzen ari dira, beren klase-interesen aurka eta beren etsairik handienaren alde (jabetza pribatua) kokatuz.
Burgesiaren bloke politikoaren barruan langile-klasearen geruza baten berrosaketa politikoa burutzea lortzen ari dira; amorrua eta haserre soziala bidegabekerien arrazoien aurka antola ez daitezen lortzen ari dira (etxebizitza negozio kapitalista gisa, hura eskuratzeko ezintasuna...), bidegabekeria horien ondorioen aurka mobilizatuz (etxebizitza baten okupazioa…). Krisiari norabide politiko argi bat ematea lortzen ari dira, amorrua eta haserrea borroka eta klase-elkartasun gisa antola dadin saihestuz eta, aldi berean, indar erreakzionario gisa koagulatuz, txiroen arteko gerra sustatuz.
Klase ertainaren ilusioa desmuntatzea ezinbestekoa da. Fikziozko klase honen osaera politikoa desegin behar da. Berriro ere, borroka kontra-hegemoniko eta pedagogiko bat abiatu behar da, bidegabekeria guztien sustrai gisa, jabetza pribatuaren kritika erradikala egingo duena; eta aldi berean, langile klasearen berrosaketa politikoaren prozesua berraktibatuko duena. Etxebizitzaren kasuan, arazo hori politizatuko duen borroka, beharrak antolatuz eta kolektibizatuz, banakako beharrei erantzun kolektiboak emanez -elkartasunaren, auzodefentsaren eta auto-antolaketaren izenean-.
Pasa den hilabetean argitaratu nuen erreportajean jada esan nuen bezala, gaur egun jokoan dagoena –etxebizitzaren kontuaz haratago– krisiak hartuko duen norabide politikoa da: zer da datorrena, txiroen arteko gerra edo klase borroka? Berregituraketa kapitalista edo egungo egoera deuseztatzea eta gainditzea? Enekuriko kasuaren harira “Ana Rosak” esan zuen moduan, zer da datorrena, "Jabetza Pribatuaren" gizartearen erreproduzitzea edo “guztia guztiontzako” izango den gizarte berriaren begiztatzea? Dena gutxi batzuentzako ala omnia sunt communia?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi... [+]
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak... [+]
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]
Bizipen multzoa da gure historia. Esperientziek osatutako atal eta kapituluak. Errutina eta egunerokoa zipriztintzen dituzten gertaerak. Baina adin batera iritsita, bizi izandako momentu batzuk atzenduta geratzen dira, buruaren zokoren batean ostenduta. Ez ahaztuak,... [+]
Ez dira gauza bera. Sistema demokratiko bat, edozein eskalan, parte-hartzailea ez bada ez da demokratikoa. Demos batek ez badu lehentasunik erabakiak hartzerakoan, demokrazia eredu hori hutsala da. Israelgo Estatuan hauteskundeak egiten dira, baina ariketa politiko horrek ez dio... [+]
Trumpen muga-zergen dantza da azken hilabeteetako berri nagusietako bat. Gerra komertziala eta ekonomikoa hedabideen eta analisten ahotan daude oraindik ere. Gehienetan, baina, herritarrei gauzak era oso sinplean azaltzen zaizkie, gutxi-asko esanez Etxe Zurian ero bat dagoela... [+]
Teknologien azken joerengatik galdezka aritu da mastodon.eus-eko erabiltzaile bat, ezagutzen zuenak ez baitzion zirrararik eragiten. Zer pentsatua eman digu zenbaiti, eta jaso dituen erantzunak oso ezberdinak izan dira.
Nik adierazi diot teknologiek gizakion arteko... [+]
Ez dut ikusi nahi gorputza arimaren kartzela gisa. Baina ezin dut saihestu gorputz atletikoak, gazteak, osasuntsuak, ulertzea luxuzko ibilgailuak balira bezala, jabeen eramaile arinak. Gazte (osasuntsu, atletiko) ez garenon gorputzek ere bere jabeok eramaten gaituzte, baina kasu... [+]
Ikasturtearen hasiera, lankideekin, laneko deskantsuan, kafe baten inguruan, atzean utzitako hilabeteen oroimenak mahairatuz. Deskantsua paraje desberdinetan egin izanagatik ez ditugu alboratu gizarte gisa ibiltzen dugun garaia. Distantzia hartu eta geldiunean gaudenean gai gara... [+]
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]