Okupazioaren kriminalizazioak gogor jo du Ezkerraldea

  • Azken hilabeteetan okupazioaren aurkako bonbardaketa mediatikoan ari dira Espainiako Estatuko hainbat hedabide, eta Hego Euskal Herria ez dago berorren eraginetik salbu. Gurean iazko urritik eta Portugaleten jazotako gertakizunen harira ari da gorpuzten okupazioaren aurkako kanpaina, eta hainbat hedabide Portugalete "okupen aurkako gotorleku" gisa aurkeztera iritsi dira. Baina zenbat du egiazkotik diskurtso horrek? Zer ezkutatzen da kontakizun horren gibelean?

Azken urtean, Santurtzin ere azaleratu da okupen aurkako herritarren bulkada. Argazkia urrikoa da, eta hainbat lagun etxebizitza baten aurrean ageri dira, bertako bizilagunak kanporatzea xede (Javier Zorrilla / EFE)
Azken urtean, Santurtzin ere azaleratu da okupen aurkako herritarren bulkada. Argazkia urrikoa da, eta hainbat lagun etxebizitza baten aurrean ageri dira, bertako bizilagunak kanporatzea xede (Javier Zorrilla / EFE)

Urte zaila izan da igarotakoa Portugaleten okupazio mugimenduarentzako. Ezkerraldean munta mediatiko eta politiko handia izatera iritsi dira 2019ko urrian eta 2020ko ekainean Portugaleteko Errepelega auzoan jazotako "desalojo herrikoiak". Urrian, Victoria de Castroren kasuak herritarren haserrea eztandarazi zuen. Auzoko bizilaguna den adineko emakumea bere ahizparen etxera joan zen egun batzuk igarotzera, eta kanpoan zela indarrez sartu zitzaizkion etxean zenbait pertsona. Gertakizunen aurrean Errepelegako bizilagunak antolatu eta presio herrikoi handia egin zuten, bizilagunaren etxea berreskuratzea lortu arte. Herritarren artean eztandarazitako haserrearen ondorioz, okupatuta zeuden beste bi etxebizitza ere hustu zituzten herrian.

2020ko ekainean antzerako gertakizunak errepikatu ziren Errepelegan bertan: “Okupa” batek auzoko emakume bati lapurreta egin ziola zioen zurrumurrua hedatu zen, eta testuinguru horretan, ustezko lapurrak okupatutako etxebizitzaren parean 50 pertsona baino gehiago bildu ziren. Bizilagun okupei oihuka eta mehatxuka, eta Ertzaintzaren esku-hartzea medio, mobilizatutako herritarrek okupek etxetik alde egitea eragin zuten. Biharamunean, gauez, 100 pertsona baino gehiagok beste hitzordu bat egin zuten herriko beste etxebizitza baten parean. Hemen ere, Ertzaintza lagun, beste familia bat etxetik kanporatu zuten.

Azken asteotan, okupazioaren aurkako polemika berpiztu da Portugaleten, uztaila hasieran okupatu zuten Sastraka Gaztetxeko sutearekin. Gaztetxeko kideek eta suhiltzaileek egindako lehen adierazpenen arabera, sutea nahita eragindakoa izan da.

“Okupazioaren arazoa”: eraikuntza mediatiko eta politikoa

Urrian bezala, ekainean ere komunikabide handiek tarte zabala eskaini zieten aipatutako mobilizazioei, “okupazioaren arazoa” hauteskunde eztabaidaren erdigunean jarriz. Han eta hemen, titular sentsazionalistak irakur zitezkeen: “Un barrio en guerra contra los okupas” (Okupen kontrako gerran dagoen auzoa), zioen El Correo-k; “Los vecinos de Repelega vuelven a unirse contra los okupas” (Errepelegako auzokideak berriro batu dira okupen aurka), Deia-k; edota “Nuevo motín vecinal contra los okupas en Portugalete” (Okupen kontrako beste matxinada herrikoi bat Portugaleten), El País-ek. Kontakizun mediatikoak antagonismo honetatik abiatuz planteatu du gaia: Bizilagunak vs. okupak.

Bizilagunak eta okupak aurrez aurre jartzen dituen diskurtso mediatikoaren eraikuntza ez zen Errepelegako kasura mugatu; epe motzean Bilboko Errekalde auzoan zein Gasteizen, gauza bera egiten saiatu ziren hedabideak. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu zuenez, EITB-tik Herrandarren Kaleko eraikinaren okupazioari buruzko erreportajea egitea proposatu zieten –uztailaren hasieran Sindikatuak birjabetutako etxebizitza blokea, non aterpe beharrean zeuden 30 pertsona inguru bizi diren–, baina azkenean telebista publikoak ez emititzea erabaki zuen “ikuspegia ez zelako egokia”. “Zein da bilatzen zuten ikuspegia?", galdetu zuen Etxebizitza Sindikatuak, ondokoa gehituz: “Erreportajea egiteko etxejabeekin, bizilagunekin, Sindikatuarekin eta Udalarekin hitz egin zuten eta guztioi berdina galdetu ziguten, ea hemen ere Portugaleten edo Errekalden jazotakoa gertatuko zela uste genuen. Hau da, bizilagunen eta okupen arteko balizko liskar batean interesatuta zeuden". Azkenean, "EITB-k eta beste irrati batzuek gure ekarpenak ezabatu zituzten edo ez zuten gaiari buruz ezer emititu", salatu zuen Sindikatuak.

Hainbat bizilagun desalojo herrikoia egiteko bildurik Errepelega auzoan, ekainean (Argazkia: Tele7)

Ez dira soilik komunikabideak termino horietan hitz egin dutenak. Erakundeetako indar politiko nagusiek ere okupazioa arazotzat hartu eta “bizilagun vs. okupa” antagonismoa elikatu dute. Mikel Torres Portugaleteko alkatea (PSOE) "harro" agertu zen auzotarren erantzunarekin Tele7 kateari eskainitako elkarrizketa batean: "Ezin da onartu jendeak etxebizitzak legez kanpo okupatzea; izan ere, horrek ezegonkortasun sentimendua sortzen du auzoan”. Modu berean mintzatu zen Txema Ezkerra (EAJ) Portugaleteko alkateordea, bere atsekabea agertuz "legeak guztiz bermatzaileak direlako etxebizitza bat usurpatzen dutenekin, eta ez hainbeste pisu bat jabetzan dutenekin". "Okupazio kasuen aurrean herritarrek azkarrago jokatzea eskatzen dute eta lege aldaketak egin behar dira erantzuna azkarra izan dadin", adierazi zion Ezkerrak Deia egunkariari.

Kontakizun politiko horiek arazoaren ikuspegi berbera adieraztera datoz. 1.500 etxe huts baino gehiago dituen herri batean, etxebizitzaren premiari erantzuteko okupatzea –hau da, "etxebizitzaren arazoaren" ondorio dena–, arazoaren beraren zergatia bihurtu da. Ildo horretan, bitxia da EAJk egiten duen kontakizuna: etxebizitza eskubidea erabat murrizten duten lege aldaketak aldarrikatzen ditu, nahiz eta aldaketa horiek dagoeneko gauzatuak izan diren 2015eko Zigor Kodearen erreformarekin eta 2018ko Prozedura Zibilaren Legearen aldaketarekin. Aldaketok EAJri berari zein PDeCAT, C’s eta PP alderdiei esker egin ziren, etxeak okupatzen dituztenentzako zigorrak gogortuz eta kaleratze prozesuak bizkortuz, “kaleratze express” direlakoekin. Agian EAJ benetan kezkatzen duena da bankuak, higiezinen-agentzia handiak eta funts putreak neurri horietaz ezin gehiago baliatzea. Beharbada horiek dira sustatu nahi dituzten lege aldaketak, PP, C’s eta VOX alderdiekin batera.

Beste behin ere, askoren eskubideen izenean, gutxirentzako pribilegioak eskatzen dira; bizikidetzaren izenean, errepresio eta zigor aparatua indartzea proposatzen da; eta, gure askatasunaren izenean, are gehiago lotzen gaituzte menderatze kapitalistaren kateetara.

Herri mugimendua, kriminalizazioari erantzuten

Herri mugimenduko hainbat sektorek salatu dutenez, Errepelegako kasua hedabideek beren neurrira sortutako arazoa da, mugimendu oso bat kriminalizatzeko helburua duena. Testu baten bitartez Errepelegako bizilagun talde batek adierazi zuen moduan, “usurpazio arazoa” izan dena –Victoria de Castroren kasuari erreferentzia eginez–, okupazio arazo gisa saldu nahi izan dute. Kanpaina politiko eta mediatiko horren aurrean, okupazioa aldarrikatu dute, “emantzipatzeko” eta “prekarietatearen aurka borrokatzeko” tresna gisa: “Errepelegan eta Portugaleten prekarietateak eta etxebizitza faltak gora egiten dute egunetik egunera, milaka etxe huts dauden bitartean (…) Etxebizitza oinarrizko beharra eta eskubidea da”. Okupazioa herri mugimendu gisa ulertzen dutela diote, “milaka pertsonek etxebizitza eskubidearen inguruan bizi duten egoera salatzeko” balio duena.

Portugaleteko herri mugimendutik besterik ere azpimarratu dute: hedabideek hauspotutako herritarren protesten oinarrian pultsio klasistak eta arrazistak daudela, eta horiek elikatzea arriskutsua dela. Tele7-n egindako hainbat elkarrizketatan, Errepelegako bizilagunek behin eta berriz errepikatu zuten ez zela okupazio edo arrazakeria arazoa, bizikidetza gatazka baizik.
Bilboko Okupazio Bulegoak, bere aldetik, alderdi politikoak eta komunikabideak egiten ari direna protesta horiek “instrumentalizatzea” dela salatu du. Helburua argia da, beren arabera: “Prekarizazio” eta “txirotze kolektibo” testuinguruan okupazioa kriminalizatzea, pobrezia kriminalizatzeko; eta, aldi berean, okupazioaren bidez ematen diren bizimolde desberdinak eta alternatiba komunitarioak ikusezin bihurtzea, horiek erasotuz. "Okupazioa erasotzen dutenean, txiroen kontraboterea kriminalizatzen ari dira higiezinen agentzia eta banketxe handien izenean, jabetza pribatuaren izenean", azpimarratu dute.

Okupazioaren aurkako kontakizun mediatiko eta politikoan diskurtso klasista zein arrazista nahasten direla ere seinalatu du Okupazio Bulegoak, koktel leherkorra osatuz: “Ezkerraldeako gertakariek gutxiengo etnikoetakoak, arrazializatutakoak edo migratzaileak diren kideak jarri dituzte afera publikoaren erdigunean”. Hau da, pobrezia kriminalizatzeaz haratago, pobre mota bat kriminalizatzen dute, arrazializatua, “txiroen arteko gerra” hauspotuz. Hori hala, Ezkerraldeko bizilagunei dei egin die komunikabideen eta politikarien diskurtsoei entzungor egitera, eta afera klase borroka terminoetan planteatzera: hau da, amorrua arazo estrukturaletara eta miseriaren arduradun politiko-ekonomikoen kontra zuzentzera. “Desjabetuen arteko elkartasuna berreraiki dezagun eta zuzen dezagun gorrotoa gorantz, esplotatzaileen, espekulatzaileen eta haien jabetza pribatuaren kontra”, ondorioztatu dute.

Portugaleteko Sastraka gaztetxeko sutearen aurrean egindako manifestazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

“Okupazio mugimenduan urteetan abandonatutako etxebizitza eta espazioak okupatzearen alde gaude (...) Jabetzaren logikari kolektibizazioaren logika kontrajartzen diogu. Hiri segurtasunaren ideiari komunitatearena kontrajartzen diogu. Okupatzea autonomiaren, kolektiboaren, eta auzoetako zein herrietako auzokideen arteko elkarbabesaren alde egitea da”, aldarrikatu du Okupazio Bulegoak.

Etorkizuneko erronkak

Oro har, saldu nahi duten Portugaleteren "okupen aurkako gotorleku" irudiak talka zuzena egiten du azken egunetan Sastraka Gaztetxeko suteari emandako herri erantzun jendetsuarekin: adin guztietako ehunka lagun mobilizatu dira, gazteei babesa eta elkartasuna helaraziz.

Bistan denez, "desalojo herrikoien" kasuan hainbat diskurtso daude mahai gainean: komunikabideek fokoa auzokideen eta okupen arteko ustezko gerran jartzen duten bitartean, bizilagunek eta herri mugimenduek okupazioa kriminalizatzeko komunikabideek egindako instrumentalizazioa salatzen dute. Interesgarria da Okupazio Bulegoaren azterketa, diskurtso politiko-mediatikoa salatzeaz gain, gatazka bera zeharkatzen duen arriskuaz ohartarazten baitu: herri-amorrua, kontzientea ez bada eta klase-ikuspegi batetik bideratuta ez badago, instrumentalizatua izan daiteke eta "txiroen arteko gerra" piztu dezake.

Ez dirudi kasualitatea denik okupazioaren kriminalizazio kanpaina krisi sistemikoa agerian den unean berpiztea: beste behin, higiezinen burbuilaren eta langile klasearen proletarizazio prozesuaren erdian, burgesiaren botere politiko eta mediatikoa interes espekulatiboen alde mobilizatzen ari da. Testuinguru horretan, okupazioari buruzko polemikak balio politiko izugarria hartzen du. Okupazio Bulegoko kideek begiztatzen dutenez, jokoan dagoena krisiak hartuko duen norabide politikoa da, amorru soziala nora bideratuko den: etxebizitzaren problematika okupazio arazo koiunturala ala espekulazio arazo estrukturala da? Norantza zuzenduko da herriaren auto-antolakuntza eta klase amorrua? Bankuen, higiezinen-agentzien, funts putreen eta abarren kontra? Edo bizirauteko etxe bat okupatu behar duten desjabetuengana? Gorantza ala beherantza? Etxebizitzaren arazoak “txiroen arteko gerra” hauspotuko du, ala klase borrokaren hazi bihurtuko da?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


Eguneraketa berriak daude