"Niri espetxe urteak gehitzeko estatu operazio bat abian da"

  • Pablo Hasél Lleidako abeslaria atxilotu eta espetxeratu zutenetik urtebete bete den egunean, La Directa hedabideak elkarrizketa hau argitaratu du, espetxe zuzendaritzak eta Justizia Sailak haren komunikazioei ezartzen dizkieten oztopoak gainditzea lortu ondoren. Ekintzailearen ustez, "horma hauen barnean gertatzen dena asko ezkutatzen da", eta baieztatu du “presoen artean izua dagoela salaketak egiteko, horrek ekar ditzakeen ondorioengatik”.

Pablo Hasél espetxeratua izan aurretik, 2021eko otsailaren 16an. (Victor Serri / La Directa)

2022ko otsailaren 16an - 11:25
Azken eguneraketa: 12:46

Nola bizi izan zenuen Lleidako Unibertsitateko errektoretzan zure atxiloketa eta espetxeratzea?

Amorru, min eta ezintasun handiarekin, baina baita harrotasunez ere, Estatuari mozorroa gehiago kentzea lortu genuelako, isilarazi nahi duten mezua gehiago entzunarazi eta jendea mobilizatzera eta elkartasunera bultzatzea lortu genuelako. Urteak ziren mentalizatzen ari nintzela, espetxean amaituko nuela jakitun nintzela, eta horrek asko lagundu zidan bahiketa honi aurre egiten. Hemen sartu ninduten lehen egunetik, neure buruari proposatu niona egin nuen: borrokan jarraitu.

Zer informazio iritsi zitzaizun zure espetxeratzeak eragindako mobilizazioei buruz eta zer sentimendu piztu zizkizun herri erantzunak?

"Jende askok argi zuen gertatzen ari zenak ez zidala soilik niri eragiten, askatasun kolektiboen aurkako eraso larri eta onartezina zela"

Telebistan ikusi nituen manifestazio ugariak, masiboak eta kasu batzuetan oso borrokalariak. Haiek saihesteko, manipulazio-kanpaina gogorrak egin zituzten manifestarien eta nire aurka.Poliziak izua eragin, atxiloketak, manifestatzeko eskubidea urratu eta manifestari bati foam bala batekin begi bat mutilatu bitartean egin zuten hori. Eta hala ere, kaleetako erantzuna nabarmena izan zen eta, gainera, desmobilizazio handiko garai hauetan. Oso positiboa izan zen adierazpen askatasuna defendatzeaz gain, beste eskubide batzuk edo preso politiko guztien askatasuna ere aldarrikatu izana. Jende askok argi zuen gertatzen ari zenak ez zidala soilik niri eragiten, askatasun kolektiboen aurkako eraso larri eta onartezina zela. Pozik nengoen ez erbesteratzea erabaki nuelako eta horrek mesede egin zuelako, baina jakina, guztia posible izan zen kontzientzia sortzeko egunerokoan borrokan ari diren taldeen lan handiari esker.

Nolakoak dira Lleidako espetxeko bizi-baldintzak?

Estatu osoko espetxerik zaharrenetakoa da, eta nire modulua espetxeko zaharrena. Literalki, puskaka erortzen ari da. Ziegak oso txikiak dira. Janaria nazkagarria da eta ez oso osasuntsua. Espetxeko denda edo ekonomatua kudeatzen duen enpresa berak kudeatzen du, Gizarteratzeko Ekimenen Zentroak (CIRE gaztelaniazko sigletan). Negozio handia dute, gosea ez pasatzeko denda horretan asko erosi behar dugulako, eta bertan prezioak kalean baino altuagoak dira. Deiak ere kudeatzen dituzte, –garestiak horiek ere–, baita presoen gehiegizko esplotazioa ere, espetxerako lan egin eta soldata ekonomatuan uzten duen jendearen jarduna. Presoek bere izenarekin deitzen dute: mafia. Kuku, txintxor eta sukaldean arratoi izurriteak daude. Kartzelarien sindikatuek ere salatu dute azken hori, beraiei eragiten dielako eta goitik ez dituztelako neurriak hartzen. Hemen nagoenetik, urdaileko birus gogor bat harrapatu dut, beste preso batzuek ere badutena.

Cardedeu herrian Cinta Vidalek egindako murala. (Fer Alcalá / La Directa)

Nolakoa da zure egunerokotasuna ziegan, zer ordutegi- eta bisita-erregimen duzu?

Bakarka nago ziegan borroka egin nuelako eta uste dudalako preso guztiek dutela halako bat izateko eskubidea. Espetxeratu eta lehen 140 egunetan ezkutuko isolamendu-erregimenean eduki ninduten, preso gutxirekin eta egunean batez beste ordubete edo bi ordu patiorekin, zazpi izateko eskubidea nuenean. Egun batzuetan patiora ere ezin nintzen irten, COVIDagatik konfinatuta zeudenek okupatuta zutelako. Modulua oso txikia zen eta beraz ia ezin nuen kirolik egin. Horrela, beste preso batzuekiko nire aldarrikapenekin izan nezakeen eragina saihestu nahi zuten. Horregatik, protestetan espetxeratu zituzten eta nire moduluan egotea tokatzen zitzaien bi manifestarirengandik ere banandu ninduten. Zigorra ere bazen tratamendu-programa ez onartzeagatik, horrekin nire damua eta kolaborazioa bilatzen zuten espetxe-onuren truke, preso komunekin egiten duten bezala. Hori zigor bikoitza zen, tortura erantsia. Elkartasun presioari esker, eta hemen barruan egin nuen borrokagatik, modulu arruntera eraman ninduten, eta hemen nago orain. Gobernuak aurpegia garbitu nahian zioen lagundu nahi zuela, baina are zailtasun gehiago gehitu zizkidaten. Astean ordu erdiko bi bisita izaten ditugu mintzalekuan (beira eta burdina erdian), eta hilean bi bisita ordu eta erdikoak, intimoak edo familiarrak. Moztu egin dituzte COVIDaren aitzakiarekin, beirarekin bereizita kutsatzeko arrisku handiagoa balego bezala. Absurdoa da! Baina aitzakia oro ona da gure eskubideak are gehiago murrizteko. Kalean egiten badute, nola ez dute egingo txoko ahaztu eta ezkutu honetan?

Zein jarduera garatzen dituzu? Eragozpenak jartzen dizkizute?

Nire egunerokoa kirola egitea, irakurtzea, idaztea eta beste preso batzuekin hitz egitea da. Gimnasiora joaten naiz eta futbolean aritu. Instalazioak zaharkituta daude eta ez omen dute aurrekonturik ezta gimnasioan berogailuak jartzeko ere; neguan izoztuta egoten da. Futbolean jokatzeko patioak lurra txikituta dauka eta jendea lesionatzea ohikoa da. Ezin dugu saskibaloian aritu, saski bat hautsita dagoelako duela urte askotatik. Eta horrela guztiarekin. Noski, hemen ez dira kamerak sartzen.

Zein da funtzionarioen aldetik jasotzen duzun tratua eta zer harreman duzu gainerako presoekin?

Kartzelariekin harreman urruneko baina adeitsua daukat. Probokazio puntualen bat kenduta, ez dut talka gogorrik izan. Preso gehien-gehienekin harreman ona dut, askok errespetatzen dute nire borroka, batez ere ikusi dutelako beren eskubideak ere defendatu ditudala. Baina beti dago baten bat bere ezjakintasunagatik oso erreakzionarioa dena.

Emakume artistek (besteren artean daudenak Sigrid Amores, Tres Voltes Rebel, Arteporvo eta Elna Or) eginiko mural kolektiboa (Marta López Mas / La Directa)

Ba al da funtzionarioek eta zuzendaritzak betetzen ez duten araurik?

Erantzukizun nagusia Generalitateko gobernuarena da, berak du Kataluniako espetxeen kontrola. Aurrez aipatu ditudan izurriteez gain, instalazio zaharkituak, berekin dakartzaten arriskuekin, eta protokolo ankerrak dituzte, preso asko beren buruaz beste egitera eraman dituzte. Hau da Estatu osoko espetxe bakanetakoa ziegetan ez duena larrialdi kasuetan abisatzeko gailurik. Bestalde, presoen lan-baldintzak beren legeetatik harago doaz, zuen hedabidean salatu izan duzuen bezala. Nolanahi ere, araudiak jada aurka egiten dio beraiek ustez bultzatzen duten “birgizarteratze” horri. Ez dute beren legedia betetzen eta berau errespetatu ez duten presoei lezioak ematen dizkiete.

"Dena baliatzen dute preso politikook amore eman dezagun. Estatu honen gerra zikina da, ez da estolderia duela, baizik eta dena dela estolda"

Zure ustez, zer estrategiari erantzuten diote zure inguruak azken aldian pairatutako errepresioak edo zure askatasuna eskatzen duten mobilizazioen aurka irekitako prozesu judizialek?

Terrorearen erabilera sistematikoa da errepresioari eginiko erantzuna ez dadin beren aurka joan, bide iraultzailetik aldentzeko, inguruari erasotzeko. Eta errepresaliatuok isolatzen saiatzen dira. Senide, lagun eta solidarioen aurkako erasoa kolpe faxistaren garaipenaz geroztik egiten dute. Nire abokatua ere inputatu dute. Antzeko kasu asko dago, dena baliatzen dute preso politikook amore eman dezagun. Estatu honen gerra zikina da, ez da estolderia duela, baizik eta dena dela estolda.

Beste auzi judizial batzuk pilatu zaizkizu, eta Estatuak eta komunikabide batzuek baliatu dute esateko zure espetxeratzeak ez duela motibazio politikorik edo ez dagoela adierazpen-askatasun ezarekin lotuta. Nola baloratzen duzu?

Erregimenaren hedabide mertzenarioek gehien errepikatu duten gezurra izan da beste arrazoi batzuengatik espetxeratu nindutela. Erabat faltsua, nire aurkako zigor irmo bakarrak kantuengatik eta txioengatik jarriak baitira. Horrela adierazpen askatasunaren gaia desbideratzen eta ezkutatzen saiatzen dira. Are gehiago artista bat espetxeratu izanaren eskandaluak nazioartera salto egin zuenetik. Beste arrazoiak ere politikoak dira, eta adierazpen-askatasunarekin eta oinarrizko eskubideekin dute zerikusia; espetxe zigorrak eskatzen dizkidate manifestatzeagatik edo kontzertu batean piperpoto bat erretzeagatik. Orain gutxi ia hiru urteko beste zigor bat ezarri didate sare sozialetan salatu nituelako erreferendumaren aldeko kartelak jartzen ari zen kide bati eman zioten jipoi bortitza estaltzeko Lleidako Udaltzaingoak eginiko testigantza faltsuak. Jipoia eman zuen Poliziaren kolaboratzaile horren argazki publikoak zabaldu nituen, non ikus zitekeen su-armekin posatzen eta indarkeria faxista goratzen.

Argi dago estatu operazio bat dagoela niri espetxe urteak eta urteak gehitzeko. Jazarpena etengabea da, ez dutelako jasaten ni ezaguna izatea mota guztietako errepresioen ondoren ere –testigantza faltsu horiek egin zituena ere nire bizilekura bidali zuten niri eraso egitera–, ez dutelako lortu ni belaunikatzerik. Baina ez da bakarrik nire eta nire ingurukoen aurkako mendekua eta zigorra, gainerako guztiak beldurtzeko ere egiten dute. Hori da haien errepresioaren helburua, eta ez badugu onartzen berenarekin irtetea, are borroka gehiago sortuz, ahulduak atera daitezke historian erregimen erreakzionario ugarirekin gertatu den bezala.

 

Roc BlackBlock Pablo Hasélekin elkartasunezko murala margotzen Bartzelonan, udal garbitzaileek ezabatu aurrretik. (Fer Alcalá)

Urtebete geroago, nola ikusten duzu Espainiako eta Kataluniako egoera politikoa?

Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak komunean dute herritarrak asko desmobilizatu dituztela, promesa faltsuekin eta “gauzak oraindik okerrago izan litezke” esanez, gutxiago jotzen duen erasotzailea onargarriagoa balitz bezala. Kataluniako Gobernuko alderdi nagusia egonkortasuna ematen ari zaio erregimenari, besteak beste, hain gaizki gobernu “aurrerakoi” deituari eusteko. Errepresioaren esparruan, PSOEk eta Unidas Podemosek (UP) ez dituzte lege errepresiboak indargabetu, hala nola mozal legea edo antifaxismoaren aurka erabiltzen dituzten adierazpen delituak, eta askatasunen murrizketak areagotu egin dituzte. Onartu duten mozal digitalaren legea, alarma-egoeraz egin duten erabilera edo prestatzen ari diren Espainiako Segurtasun Nazionalaren Legea adibide batzuk besterik ez dira. Cadizeko langileen borrokaren aurka erabili zuten tanketa militarraz ere hitz egin genezake. Erakutsi dute ez dela beharrezkoa PP eta Vox iristea Moncloara beraiek lan hori egiteko.

"Ez da asko falta kaleetan borroka ziklo indartsu bat ikusteko, eta hau ekaitzaren aurreko barealdia da. Egoera jasanezina da arlo guztietan"

Estatuari gehiago interesatzen zaio ezkerreko gobernu bat egungo egoera kudeatzeko?

Oligarkiari hobeto doakio gobierno honekin, PPrekin eta Voxekin politika hauek matxinadak eragingo lituzketelako. Objektiboki, ez dute soilik errepresioa areagotu, oinarrizko premien prezioak eta miseria ere areagotu dituzte. Nire kasua adibide bat besterik ez da, aska nazaketen eta ez dute hatz bat ere mugitu. PP-Voxen gobernu batekin banengo kartzelan, askoz gehiago eskandalizatuko ziratekeen eta esango lukete hau faxismoa dela. Mozal legearen aurkako protestak askoz ere gogorragoak izan ziren PPrekin, ez baitzuen agindu legea indargabetuko zuela PSOE eta UPk bezala. Horixe gertatzen da lan-erreformarekin eta guztiarekin. Pandemia nabarmen erabili dute jendea desmobilizatzeko eta beldurtzeko, baina poliki-poliki langile borroka gehiago sortzen ari dira eta antolakuntza antikapitalista gora dator alderdi eta sindikatu domestikatuetatik kanpo. Uste dut ez dela asko falta kaleetan borroka ziklo indartsu bat ikusteko, eta hau ekaitzaren aurreko barealdia dela. Egoera jasanezina da arlo guztietan, eta herritarren amorrua in crescendo doa. Kataluniari dagokionez, borroka nazionalari dagozkion esperientzia berriak, ondoez sozialari gehituta, konbinazio esplosiboak dira. Berandu baino lehen gorpuztuko dira kaleetan.

Uste al duzu Kataluniako Gobernuak nahikoa egin duela zure askatasuna eskatzeko?

Adibide batekin erantzungo dut. Duela hilabete gutxi adierazpen delituei buruzko dokumental baterako elkarrizketa egitera etorri zitzaizkidan. Zergatik utzi zieten kartzelan sartzen ez badiete aurretik saiatu diren hedabide guztiei utzi? Puigdemont agertzen delako Valtònyc-ekin eta gobernua oso gaizki geratuko zelako onartu izan ez balu. Baina nik banekien ez zutela erraztasunik jarriko, ordubete baino ez ziguten utzi, 45 minutu bihurtu zirenak, presente egon nahi zuten Bartzelonatik etorritako Espetxe Erakundeetako bi gizonekin eztabaidan amaitu nuelako. Iritsi zait dokumentala egiten ari direnak mehatxatu dituztela zenbait eduki saihestu ditzaten. Noski, errepresore gisa Espainiako Estatuaz hitz egitea interesatzen zaie, eta ez beren espetxe batean dauden baldintza tamalgarriez. Hau da Kataluniako Gobernuaren “adierazpen askatasuna”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


Eguneraketa berriak daude