New York sorgindu zuen zorigaiztoko aberaskumea

  • Pop musika eta neurri handi batean kultura oso bat irauli zuen The Velvet Underground & Nico diskoan jasotako Femme Fatale kantuak. Nico abeslari germaniarrak xuxurlatzen dituen doinuaren hitzak, hain zuzen, Edie Sedgwick modelo, aktore eta Andy Warhol artistaren musan oinarritzen dira. Sedgwick duela 50 urte zendu zen, 1971ko azaroaren 16an, barbiturikoen intoxikazioagatik, 28 urte baino ez zituela.

Edie Sedgwick.

2021eko abenduaren 29an - 07:55

'Cause everybody knows (she's a femme fatale)

The things she does to please (she's a femme fatale)

She's just a little tease (she's a femme fatale)

See the way she walks, hear the way she talks

'Cause everybody knows (she's a femme fatale)

Femme Fatale (1966), Velvet Underground & Nico

 

The Factory arte estudioaren inguruan eratutako zalaparta artistikoaz gainera, Bob Dylan ere liluratu zuen Sedgwick-ek. Ondorioz, bien arteko harreman berezia ere loratu zen; hain zuzen, Dylanek zuzenenean gehien jo duen Just like a woman (Emakume bat bezala) kantuan  aipatzen duen emakumea, “bere lainoarekin, anfetaminarekin eta perlekin”, Segwick da, musikariaren biografo ofizialek Joan Baez dela baieztatu izanagatik ere. “Emakume batek bezala egiten du maitasuna, baina neska bat bezala hausten da”, dio abestiak. Warhol tarteko bien arteko lotura kraskatu zenean –Dylan sekretuan ezkondu zela esan zion Warholek Sedgwicki–, pixkanaka-pixkanaka substantzia toxikoen lainoetan galdu zen Sedgwick. Halere, drogekiko lilurapenaren bidea hasia zuen. Hala Warhol nola Dylanek ez zuten berengandik deus konkreturik lortu: Hollywoodeko izarra izateko ametsa zapuztu zitzaion eta ez zuen diskoetxeen arreta ziztrinik eskuratu.

Etxe oneko umeak 1960ko hamarkadan bor-bor zegoen New Yorkeko gaueko begirada guztiak bereganatu zituen bere nortasun, edertasun, gaztetasun eta look-a tarteko. Sasoiko it girl nabarmenena izan zen, zoritxarreko amaiera bizi izan zuen arren.

Edertasun androginoa

Edith Minturn Sedgwick 1943. urteko apirilaren 20an jaio zen Kaliforniako Santa Barbaran finkatutako arrantxo batean. Eraikuntzan petrolioa aurkitu zuten 50eko hamarkadako hasieran, eta familia aberastu egin zen, jatorriz familia diruduna eta itzal handikoa izanagatik ere. Zortzi anaia-arreba ziren; Sedgwick zazpigarrena zen. Urre beltzak eragindako aberastasuna gorabehera, sendian hamaika gaixotasun jasan zituzten: buruko gaixotasunak, sexu-abusuak, heriotza goiztiarrak, suizidioak, egonaldiak psikiatrikoetan eta, Sedgwicken kasuan, toxikomania, anorexia eta bulimia. Buruko hamaika arazo zituzten bi anaia goiz hil zitzaizkion, eta aita maniako-depresiboa zen, eta Sedgwickek gerora aitortu zuenez, gurasoek klinika batean sartu zuten aita zerbitzari batekin sexu harremanak izaten ikusi zuela esan baitzuen.

1964. urtean iritsi zen Sedgwick New Yorkera, hain justu amamak Park Avenueko 14. zenbakian zeukan apartamentura. Hirian finkatu eta laster hasi zen modelo lanak egiten, eta modan zeuden klubetan ere ordu asko igaro zituen. Aldizkarietan agertzen hasi zen, besteak beste, Vogue eta Life argitalpenetan, baina sektoreak ez zuen guztiz onartu drogak hartzen baitzituen. Horrekin  batera, iskanbilatsua, aldakorra eta jeinu handikoa zen. Haatik, modeloaren aldeko ahotsak azaldu ziren. “Gazte kulturaren eredu bat izan zen”, esan zuen Vogue agerkariko erredaktore buru Diana Vreelandek.

Sedgwickek estilo erabat pertsonala erakusten zuen janzterakoan, eta bere look-aren itzalak gaur arte iraun du: tonaka eyeliner, ile labur horaila, orratz-takoidun zapatak, belarritako nabarmenak, galtzerdi beltzak, soineko laburrak eta emakumeen eta gizonen arropa uztartzeko gaitasun paregabea. Itxura androginoa zuen, baina, era berean, oso femeninoa zen.

Faktoriatik hotelera

Lester Persky publizitate ekoizlearen apartamentu xarmagarrian ezagutu zuen Sedgwick Andy Warholek. Etxebizitza horretan 60ko hamarkadako New York hiriko elite sozial eta intelektuala biltzen zen. Frantziar jatorriko Isabelle Collin Dufresne Ultra Violet artista estatubatuarra apartamentu horretan zegoen, eta ondokoa esan zuen modeloaren dantzarako ahalmen erakargarriaz jabetu zenean: “Glamour-a arnasten du. Glamour hitza beretzat sortu da”. Warhol supituan maitemindu zen Sedgwickekin, eta festatik atera baino lehen honela esan zion: “Film bat egin nahi dut zurekin”. Hartara, Warholek zuzentzen zuen The Factory unibertsoko ohiko bisitari bilakatu zen, eta leku aproposa aurkitu zuen bere adikzioetarako.

Warhol etorkinez osatutako familia eslovakiar xume batean jaio zen. Hori dela eta, bere ondoan nahi zituen etxe oneko neskak, Europan barrena bidaiatzen zuten, frantsesez zekiten eta goi-mailako joskintzaz janzten ziren neskatoak. Etxe oneko musa horiek bereganatu egiten zituen, bere pelikuletako aktore-zerrendetan txertatuz. Sedgwickek, hain justu, Warholen hainbat filmetan parte hartu zuen; tartean, Kitchen, Bitch, Horse edo Space. Guztiak esperimentalak, eta zirkuitu komertzialetik urrun pantailaratzen zirenak.

Bien arteko harremana oso estua izan zen, erabat sinbiotikoa, baina baita kaltegarria ere: modeloak bere egin zuen Warholen ile zuria eta pop artistak Sedgwicken estetika hartu zuen; tartean, leotardoak eta alkandora handiak janzten hasi zen. Hain antzekoak bilakatu ziren, ezin baitziren bereiztu. Horiek horrela, erlazioak ez zuen askorik iraun; Warholek, besteak beste, Sedgwick moldatu nahi zuen, bera izan ez zen emakume bihur zedin.

New Yorkera iritsi eta hilabete gutxira ohartu zen Sedgwick oinordetzen jaso eta aurreztutako diru guztia xahutzen ari zela parrandetan, oihaletan eta substantzia toxikoetan. Egoera finantzario kezkagarri horretan ezagutu zituen, hain zuen, Bob Dylan musikaria eta bere kolaboratzaile Bobby Neuwirth eta Albert Grossman. Taldeak Sedgwick jaso zuen, eta bidenabar, bere kuartelera eraman zuen, hain zuzen, garaiko hainbat sortzaile hartu zituen Chelsea Hotel mitikora. The Factory eta Chelsea Hotelen arteko edo Warholen eta Dylanen arteko lehia gordina omen zen. Hala, Dylanen inguruak Warhol erasotzeko baliatu zuen Sedgwick: “Benetan ez zizun ordaintzen filmetan egindako lanagatik? Doan aritzen zara Warholentzat?”. Horiek horrela, modeloak dirua exijitu zion Warholi. Hark filmak garestiak zirela azaldu zion, eta ez zuela aktoreak ordaintzeko adina diru, baina sustapenerako baliagarriak zirela argudiatu zion. Hartara, bien arteko harremana nabarmen hoztu zen, garaiko pop bikote perfektua ezereztu arte. Sedgwick, gainera, drogen amesgaiztoan galtzen hasia zen: pilula zaparrada, krisi franko eta ugerra nonahi.

1966. urtean, Warhol ezagutu eta hamabost hilabetera, bien arteko harremana kraskatu zen, eta modeloa Dylanen ondoan finkatu zen, Blonde on blonde maisulanean modeloan oinarrituko bizpahiru kantu grabatu arte. The Factoryko gauak Chelsea Hoteleko gauekin ordezkatu zituen Sedgwickek, eta Dylanen ingurutik itxaropenezko mezuak baino ez zituen jaso, arrakasta laster lortuko zuelakoan. Halere, ez zen horrelakorik gertatu, babes gutxi lortu baitzuen. Zine komertzialak iskin egin zion, eta diskoetxeak eta ekoizleak ez zitzaizkion sekula gerturatu. Bada, The Factoryko musa eta Dylanen kantuetako neska ederra auto-suntsitu egin zen: goizetan droga bizigarriak hartzen zituen eta gauetan droga lo-eragileak irensten zituen; 20 urteko zonbi bilakatu zen.

Hartara, etxera bueltatu zen, baina drogekiko mendekotasunak bere horretan zirauen. Bere bizitzako azken urteak psikiatrikoetan, kartzeletan eta errehabilitazio-zentroetan igaro zituen. Egoitza horietako batean ezagutu zuen Michael Brett Post, zeinarekin ezkondu zen hil baino hilabete batzuk lehenago. 28 urterekin hilda aurkitu zuten bere etxean, drogak tarteko. Warholi Sedgwick zendu zela esan ziotenean, hauxe erantzun zuen: “Nork jasoko du Edieren diru guztia?”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude