Neandertalen arrastoak aurkitu dituzte San Adriango kobazuloan

  • Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkikuntza esanguratsua egin du San Adriango kobako aurtengo indusketan, gizaki modernoa azaldu baino lehenagoko geruza batean: neandertalek egindako harrizko tresnak eta jandako faunaren hezurrak.

Aurkitutako material esangurantsuenen argazkia: goian, neandertalek hautsitako hezurrak; behean, suharrizko tresnak (karrakagailua eta suharrizko printzak, eta hareharrizko bi printza). Argazkia: Jesús Tapia

2023ko abuztuaren 17an - 08:00

Arrasto horietan oinarrituta, arkeologoek ez dute zalantzarik, duela 40.000 urte, gutxienez, neandertalek koba erabili zutela. Gipuzkoa eta Araba arteko pasabidea da Aratz-Aizkorri mendilerroan, eta neandertalen arrastoak aurkitu dituzten lekurik garaiena da.

Jesus Tapia Sagarna Aranzadiko arkeologoa izan da indusketaren zuzendarietako bat, eta, haren arabera, lehendik ere bazuten susmoa neandertalen arrastoak aurki zitzaketela. “San Adrian beti izan da ezusteko aurkikuntzen koba. Pasabide nagusian, hainbeste eraikin eta mugimendu egonda, ezin zen jakin zerbait ote zegoen. Hasieran, beraz, garbiketa- eta zundaketa-lanetan aritu ginen. Bazeuden Erdi Aroko aipamen batzuk, eta lehen bilaketak horretara bideratu ziren. Baina jada lehen zundaketa haietan, 2011n, aurkitu zituzten Brontze Aroko okupazioko aztarna batzuk. Haien artean, bazeuden suharri batzuk, Brontze Arokoak baino lehenagokoak izateko itxurakoak. Gure hipotesia zen Brontze Aroko geruzaren azpian egongo zirela beste batzuk, zaharragokoak, eta Brontze Aroan, zuloak egitean, azalera aterako zituztela”.

Zundaketa-eremua. Argazkia: Manu Zeberio.

Hipotesi horri tiraka, eta Brontze Aroko indusketarekin bukatutakoan, beste zundaketa batzuk egin zituzten, eta Azken Izotz Aroko aztarnak aurkitu zituzten: Madeleine aldikoak eta Azil aldikoak (13.000-14.000 urte ingurukoak). “Horrek beste eszenatoki baten aurrean jartzen gaitu, orduan klima askoz ere hotzagoa baitzen gaurkoa baino; momentu epel samar bat zen, baina glaziazioaren barruan. Eta gizaki haiek ehiztari-biltzaileak ziren, nomadak, eta goimendira ere joaten zirela frogatu genuen”, azaldu du Tapiak.

Horrez gain, harresia garbitu zutenean, ohartu ziren uste zutena baino askoz ere altuagoa zela: 7 metro. “Hortaz, kobazuloa betetzen zuen betekina askoz ere sakonera handiagora iristen zen. Eta jada harresiaren oinean azaldu zen pieza pare bat usain berezikoa: suharrizko pieza batzuk ziren, baina haiek lantzeko teknika ez zen gizaki modernorena; neandertalen usaina zuten. Horrela hartu genuen pista”.

Neandertalen lekukotza

Hurrengo urteetan, Azil aldiko eta Madeleine aldiko indusketak egin zituzten, eta iaz beste zundaketa sakonago bat egin zuten. Hala kontatu du Tapiak: “Haiseran, Madeleine aldiko azpiko geruzetan, ez genuen ezer aurkitu, baina ikusi genuen bazirela ezaugarri desberdinetako lurrak, klimaren gorabeherekin lotuta. Izan ere, Izotz Aroaren baruan, izan ziren garai batzuk hotzagoak, eta, beste batzuk, epelagoak. Eta aurten, hasi bezain pronto, jo dugu geruza bat garai epelekoa: animalia txiki batzuen hezurrekin, hegaztiek utzitako harrapakinekin… Eta, tartean, batzuk, argi eta garbi, gizakiak harrapatutakoak”.

Oraindik ez dute zehaztu zer espezietakoak diren, baina ugaztun ertainenak zirela uste du Tapiak: oreinak, basauntzak… Eta garbi ikusten da gizakiek arraspatu eta puskatu zituztela, haragia kentzeko eta muina ateratzeko. Handik gutxira, harrizko tresna batzuk ateratzen hasi ziren, gizaki modernoaren tekniken arrastorik gabekoak.

Geruza hori oso mehea zen, eta, haren azpian bilatzen hastean, beste pieza batzuk agertu dira. “Karrakailu bat agertu da, adibidez. Guztira ez dira hogei piezara iristen, baina, gutxienez bi, neandertalei ezagutzen diegun teknikaz landuta daude, inolako zalantzarik gabe. Moustier aldikoak dira”, zehaztu du Tapiak. Garbi utzi nahi izan du, hori bai, ez dutela giza hezurrik aurkitu.

Neandertalen arrastoak aurkitu dituen lan-taldea. Argazkia: Alfredo Moraza

Oraindik lan asko dute egiteko, bai sakonean eta bai zabaleran, eta badute informazio gehiago lortzeko itxaropena. Edonola ere, esanguratsua da halako leku batean aurkitu izana neandertalen arrastoak, horrek adierazten baitu ingurunea oso ondo ezagutzen zutela. Hain zuzen, San Adriango koba ez da babesleku epela; aitzitik, mila metroko garaieran dago, eta pasabidea da. “Neandertalek hori jakingo zuten; propio igoko ziren, beste aldera joateko. Alegia, inguruaren ezagutza estrategiko bat zuten, bazekiten zer aukera ematen zituen tokiak”, adierazi du Tapiak. 

Horren harira, nabarmendu du, lehen uste zenaren aurka, ez zirela gugandik hain desberdinak, adimenez eta gaitasunez.” Ez dakigu zergatik desagertu ziren, baina ez zen izan gure aldean oso eskasak zirelako”. Tapìaren iritziz, horrek ispiluaren aurrean jartzen du gure espeziea, haiek galdu baziren, agian, gu ere arriskuan egon baikaitezke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historiaurrea
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Duela 100.000 urteko neandertalen hortzak aurkitu dituzte Axlorren

Axlor aztarnategian (Dima), duela 100.000 urte inguruko gizakien fosilak aurkitu dituzte IIIPC  Historiaurreko Ikerketen Kantabriako Nazioarteko Institutuko ikertzaileek. Zehazki, 10-12 urteko bi haurren eta heldu gazte baten hortzak dira, eta Iberiar penintsularen... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Eguneraketa berriak daude