"Nazioarteko aditu batzuk ez lirateke gezur batean inplikatuko"

  • Iruña-Veleia auzia argitzea eskatzeko gose greban dago Jose Mari Lejardi Kareaga 'Gabixola' markina-xemeindarra. Irailaren 19an, giza katea egingo da Gasteizko Bibat museotik Legebiltzarreraino Iruña-Veleia zientziaren bidez argitzea eskatzeko. 51 egun daramatza gose greban.

Argazkia: Jose Mari Lejardi

Irailaren 11an 51. eguna bete du gose greban Jose Mari Lejardi Kareaga Gabixola markina-xemeindarrak. Eusko Legebiltzarrak auzi horretan eskua hartzea nahi dute, eta ikerketa martxan jarri arte hala jarraituko duela dio. 

Zelan batu zara Iruña-Veleia auzi honetara?

Istorio berezia da. Iruña-Veleiaren gaia egunkarien bidez ezagutu nuen orain dela asko. Lehenengo berri pozgarri bat izan zen, euskararen aztarnak aurkitu zirela erromatar garaikoak, baina handik hilabete batzuetara Iruña-Veleiakoa iruzurra zela esan zuten. Atsekabea hartu nuen, baina hor geratu zen dena. Orain dela hiru urte, ostera, Kataluniako independentziaren gorabeherekin Arriagan egin zuten elkarretaratze batera joan nintzen. Kataluniako martxa hain zen handia eta jendetsua, egurra egongo zela ikusten nuela, eta nire proposamena euskaldunok gure elkartasuna erakusteko Gernikan gose greba bat egitea zen. Asanblada hura amaitu zenean, beraz, ardura zuenarengana joan nintzen, eta ideia bat nuela eta lagundu nahi nuela esan nion, eta batzar baterako deitu zidan. Batzar hartan hainbat talde batu ziren: Gure Esku Dago, ezker abertzalea, eta beste hainbeste kolektibo. Ni aurkeztu ninduen Patxi Alañak esanez planteamendu bat nuela egiteko, eta nire proposamena azaldu nuen, baina ez zuen aintzat hartu, hori ezinezkoa zela eguneko demokrazian eta gaur egun gose grebak ere ez zuela eraginik uste zuten. Baina Patxi Alañak aintzat hartu ninduen, eta batzarretara joaten jarraitzeko gonbita egin zidan. Hiru lagun ausartu ginen gose greba egitera Kataluniako herriaren alde. Gernikako Astra kultur etxean egon ginen astebete. Aste oso aberasgarria izan zen, eta hantxe jabetu nintzen ni Iruña-Veleiagaz.

Zelan izan zen hori?

Patxi Alañak hamabi urte daramatza buru-belarri auzian sartuta, bera da auzi hau bizirik mantentzearen arduradunetako bat. Bera eta beste hiru lau, tartean Juan Martin Elexpuru filologo eta doktorea. Kongresu bi ere antolatu zituzten 2012 eta 2016an, Gasteizko Europa Jauregian, eta kanpoko adituak ekartzea lortu zuten, Edward C. Harris, esate baterako. Pilotan Altuna III.a bada fenomenoa edo Messi futbolean, arkeologian Edward Harris da nagusi. Metodo bat asmatu zuen, eta Bermudetako Itsas Museoko zuzendaria da egun. Antonio Rodriguez Colmenero epigrafista galiziarra, Jean-Baptiste Orpustan eta beste hainbat aditu ere gonbidatu zituzten kongresuetara, bai eta Iruña-Veleiako aurkikuntza faltsua dela esaten dutenak ere; noski, ez ziren joan, baina pieza horiek zergatik diren faltsuak dioten euren ponentziak landu egin ziren, eta liburu bat dago bi kongresuena. Hori guztiori azaldu zidan Astran Patxi Alañak.

Bat egin zenuen orduan kasuagaz.

Hori guztia jakinda, apur bat errudun sentitu nintzen horrelako euskal ondare bat faltsua zela entzunda eta kasurik gehiago egin barik albo batera uzteagatik. Orduan, buru-belarri sartu nintzen auzian. Medio guztiek, euskaldunek ere bai, ez zuten asko ateratzen benetakotasunaren aldeko jarrera, eta jendeak arkeologo biak Idoia Filloy eta Eliseo Gil gaizkile batzuk zirela eta faltsu batzuk zirela sinetsi zuen. Alde baten aldeko zein betearen aldeko zientzialariek asko idatzi dute gai horri buruz. 326 orri daude faltsutasunaren alde idatzita eta 2.104 benetakotasunaren aldekoak, guztiak dira zientzialarienak. EHUtik datoz faltsua dela esaten duten idatzi guztiak, eta nazioarteko zientzialariengandik benetakotasunaren aldekoak. Ulrike Fritz egiptologoa alemaniarrak, Roslyn May Frank AEBetako antropologoak, Antonio Rodriguez Colmenero galiziarrak, Koenraad Van den Driessche belgikarrak idatzi dute benetakotasunaren alde, esate baterako. Euskaldunen artean Enrique Kenner eta Txillardegik, baita Juan Martin Elexpuruk eta Emilio Illarregik ere. Denak doktore eta katedratikoak dira, maila handiko pertsonak, eta 2.104 orri idatzi zituzten puntuz puntuz ihardetsiz EHUk egindako gezurraren aldeko txostenak. Ospe handiko katedratiko eta doktore horiek zeukaten izen handiagaz euren izen ona benetakotasunaren alde jartzen zutela ikusteak zer pentsatu eragin zidan. Horiek barregarri geratzeko edo izen ona galtzeko prest zeuden pentsatu nuen. Aurkikuntza faltsua bada zertan sartzen zara horrelako nahaste batean. Adituak ez lirateke gezur batean inplikatuko. Beraz, horiek alderdikeriarik barik jokatzen ari zirela ikusi nuen, eta benetakotasun zantzuak ikusi zituztenez horregatik arriskatzen zutela euren ospea arkeologo hauek egindako lanaren alde. Horrek konbentzitu ninduen, eta orduan talde horretan sartzea erabaki nuen. Lehenengo batzarrean 23 lagun batu ginen, eta orduan sortu zen Iruña-Veleia Argitu plataforma. Aurretik beste talde batzuk zeuden, horiek eta independente batzuk batu ginen plataforma berrira.

Gose greba zelan hasi zenuten?

Bost lagunek hasi genuen gose greba: 80 urteko Jon Urruxulegik, 72 urteko Josu Urrexolak, nik 61 urtegaz, Patxi Alañak 58 urtegaz eta Unai Alañak 33 urtegaz. Astebetera nagusi biek utzi egin zuten, eta beste hirurok jarraitzen dugu. Ni gose greba etengabean nago, baina beste biek, argalak direnez, tarteka egiten dute. Patxi Alañak zazpi egun jarraian egin zuen, eta astean egun bat etortzen da nigaz batera barau egitera. Bere loba Unaik astean hiru egunez egiten du gose greba, barikuan, zapatuan eta domekan. Nik gaur 49 egun beteko ditut.

Zer lortu nahi duzue gose greba horregaz?

XXI. mendean gaude, teknologiek eta ikerkuntzek ikaragarrizko aurrerapenak egin dituzte, eta gaur egun badaude laborategiak ostraka, grafito, hor agertu diren zeramika horiek zehatz-mehatz aztertzeko. Eta hori nahi dugu. Helburua da oraintxe atera den Eusko Legebiltzar berria busti dadila eta zientziara jo dezala, epaiketan ateratzen dena zer den kontuan hartu barik. Hau da, absolbituta ala errudun, epaiketa amaitzen denean, alde batetik, ordura arte epailearen menpean egongo diren pieza guztiak hartu eta kontsentsuz 10-15 aukeratu eta horretarako prestatuta dauden laborategietara eramatea eskatzen dugu, inongo tranparik barik aztertzeko. Bestalde, orain arte Iruña-Veleiagaz zerikusirik eduki ez duten arkeologo independente batzuk trasteak hartu eta berriro Iruña-Veleiara joatea nahi dugu bertatik pieza berriak ateratzeko. Horiek aztertu eta betirako argi eta garbi geratzea nahi dugu hor itzelezko altxorra dagoen edo benetan orain arte egin den iruzurrik handiena den. Legebiltzarrean hori adostu arte gose grebagaz jarraitzeko asmoa daukagu. Egin dugu berba alderdiekin, PSE-EE, PP eta VOXekin izan ezik beste guztiekin berba egin dugu, eta momentuz berba onak ditugu, baina hori mahai gainera eraman behar da, eta onartu.

Epaiketan nahikoa berme juridikorik ez dela egon dio plataformak.

Gaur egun dauden aurrerapen teknologikoekin eta dauden laborategiekin ez dauka zentzurik horrek sakon aztertu barik epaiketa bidea hartzea. Hori gure ustez ez da bide zuzena, eta gainera, Eliseo Gili lehenengo esan ziotenean ostrakak faltsuak zirela eta eurek egin zituztela, bere lehen erreakzioa piezak hartu eta laborategira eraman eta aztertzeko eskatzea izan zen. Hori faltsu batek ez luke esango. Baina orduan diputatu forala EAko Lorena Lopez de la Calle zen, eta horko komisioak, faltsutasunaren erabakia sinatu zutenak ezetz esan zion, eta instrukzioko epailea ere sartu zen, eta hark ere esan zuen ezetz, eta ez zituzten aztertu, eta hamabi urte luze pasatu behar izan dira epaiketa egin arte. Orduan, berez da injustizia itzela, ze pertsona horiek hil ez dituzte egin, baina gutxi gutxiago. Arkeologo bi horiek 1996an aztarna batzuk ikusi zituzten Iruña-Veleian, eta proiektu bat abiarazi zuten, Jose Luis Cuerdak dirua ekarri zuen, eta proiektu hori osatu zen hamabost langilegaz, eta ikaragarrizko aurkikuntza egin zuten. 20.000 pieza atera zituzten, eta horietatik 400 zeuden marraztuta, irudiak eta letrak zituzten, gehienak latinez, baina euskaraz ere bai. 80 berba agertu ziren euskarazkoak, eta horixe izan zen dena lehertu zuena. Ordura arte Enrique Knorr, Pilar Cipres, Joaquin Gorrotxategi eta Santos Yanguas ziren filologo eta begiraleak, eta esan zuten benetazkoak zirela euskarazko berbak. Orduan atera ziren lehen albisteak haiek ezohiko aurkikuntzak zirela esanez.

Euskararen gaia izan zen orduan, zuretzat, horren guztiorren abiapuntua?

Euskararen gaia hasi zenean non edo non hasi ziren makinak mugitzen, eta handik hilabete batzuetara, Gorrotxategik aldatu egin zuen bertsioa, eta gero jarraitu zioten Cipresek eta Yanguasek. Enrique Knorr izan zen bakarra esandakoari eutsi ziona. Benetakoak ikusten zituela mantendu zuen hil zenera arte. Hala esan zigun Enrique Knorr-en anaiak ere, Kas enpresa ezagunekoak, Bastidan Kas txirrindulari taldearen eta Hostal Jatorrenaren arteko harremanaren 50. urteurren ospakizunean. Bazkari horretan nik Knorr familiaren historia kontatu nuen mikrofonotik, Kas sortu zutenekoa, eta aprobetxatu nuen esateko industriagaz gain euskal munduan ere ekarpen handia egin zutela Knorr familiakoek. Hor zegoela Gorka Knorr eta baita Enrique Knorr ere, eta Enrique izan zela Iruña-Veleiako aurkikuntzan parte hartu zuena. Roman Knorr altxatu, eta esan zuen egia zela kontatu nuen guztia, eta bere anaia hilzorian zegoela ere, azken egunera arte joan zitzaizkiola presioa egitera egiazkotasun-bertsioa faltsutasun-bertsioagaz aldatu zezan. Zer dago Iruña-Veleian katedratiko handi bi hilzorian dagoen pertsona bati eskaera hori egitera joateko? Horrek oraindik ematen digu askoz arrazoi gehiago borrokan jarraitzeko.

Kasu judiziala konpontzeko dago. Eliseo Gilek zigorraren aurka helegitea aurkeztu du.

Eliseo eta ez zirela kartzelara joango ebatzi zuten epaiketan, baina errudunak zirela eta piezak faltsuak zirela. Helegitea jarri dute, baina guk auzien bidetik ez daukagu itxaropen handirik. Hobeto litzateke helegitean ondo aterako balira eta piezak benetakoak direla aterako balitz, baina guk, hala ere, aurrera jarraituko genuke zientziaren bidez gauzak argitzea eskatuz. Egindako kaltea hain handia da absoluzioa lortu arren ere Eliseoren ospeak lurzoruan jarraituko lukeela. Beraz, benetan egin behar dira probak. Epaiketan Eliseo kondenatzeko argumentua oso pobrea izan zen. Azken batean, piezak laborategira eraman zituzten, baina laborategi hori Espainiako Kultur Ondarearen Institutua da. IPCE delako horretan azterketak egin zituenari defentsak galdetu zion ea zenbat bider egin zituen aurretik horrelako aprobak eta datazioak, eta lehen aldiz egiten zituela aitortu zuen. Hori egiteko material berririk erosi behar izan zuten ere galdetu zioten, eta baietz esan zuen; mikroskopio bat erosi behar izan zutela hori egiteko, eta horrelakoetan eskarmentu gehiegirik ez zuela ere aitortu zuen. 40 pieza aztertu zituela esan zuen, eta 37k burdina modernoaren 10-15 mikra zituela azaldu zuen, eta bere ustez metal modernoagaz eginda zeudela. Defentsako aldekoek azaldu zutenez, 10-15 mikra edozein lekutan daude, arnasten dugun edozein lekutan. Arrastoak burdina modernoagaz eginda egoteko gutxienez 100 mikra beharko zituela argitu zuten, baina epaileak arrazoia IPCEkoari eman zion. Institutu horretan beste txosten bat ere egin zuten, baina ostraka horiek benekoak edo faltsuak diren esateko gai ez zela aditzera eman zuten aditu hori ez zen egon epaiketan. Hortik kondenatu dute Gil, eta beste kondena bat ere izan du. Aurkikuntza garatu aztertu eta idatzi egin behar da. Aldundiak eskaini zion Luis Cerdani lan hori egiteko, eta 12.000 euro kobratu zituen. Diru hori aurreratzeko eskatu zion aldundiak Gili, eta aldundiagaz zuen akordioan berreskuratuko zuela. Bere paperekin egin zuen ordainketa. Cerdanek plagio bat egin omen zuen, eta iruzur horretako partaidetzat jo dute. Hau dena film bat modukoa da.

Giza katea, irailaren 19an. Gose grabagaz gainera, beste mobilizazio batzuk ere eramango dituzte aurrera Iruña-Veleia zientziaren bidez argitzea eskatzeko. Horrela, irailaren 19an, giza katea egingo da Iruña-Velaian aurkitutako ostrakak gordeta dauden Gasteizko Bibat museotik Legebiltzarreraino. 18:00etan hasiko da ekimena, eta ondoren, Jauregi Gartxot kantariaren kontzertua egongo da.


Eguneraketa berriak daude