“Nafarroan 930 tortura testigantza bildu ditugu”

  • Larunbat honetan aurkeztuko dute Nafarroako Torturatuen Elkartea Berriozarren. Ainara Gorostiaga elkartekidearekin hitz egin dugu haren nondik norakoez.


2022ko otsailaren 11n - 00:02
Argazkia: EkinKlik

Zeintzuk dira elkartearen helburuak?

Torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikapena. Horrela esanda badirudi sinplea dela, baina hori lortzeko lan handia behar da. Hainbat lan egiten ari gara, horien artean Nafarroako torturatuen errolda. Bazkidetze prozesuan gaude eta Nafarroa osoan zabaldu dugun formularioaren bidez torturen eta tratu txarren testigantzak biltzen ari gara.

Elkarteak torturatuei zaintza sare bat eskainiko die, besteak beste babes taldeetan parte hartzeko, eta behar izanez gero psikologoekin ere kontaktuan jarriko genituzke. Horrez gain, eragile sozial eta politikoekin harremanak bideratzea ere gure zereginen artean egongo da.

Zein emaitza izaten ari da formularioaren banaketa?

Oso ona. 700 formulario banatu ditugu eta orain jasotze prozesuan gaude. Ikusi dugu sarea sortzen ari dela eta jendea erantzuten ari da, bereziki 70eko eta 80ko hamarkadetako torturatuak. 114 testigantza gehiago bildu ditugu, eta dagoeneko baditugu 930 tortura testigantza Nafarroan. Jarritako guneak eta sortu dugun sarearen ondorioz bildu ditugu horiek, baina zonaldeetako datuak ez ditugu oraindik bildu eta datuak aldatuz doaz egunetik egunera. Lan horrekin jarraituko dugu datozen hilabeteetan ere.

Testigantzak biltzeaz gain, zeintzuk izango dira zuen hurrengo urratsak?

Hurrengo urrats sendoa Nafarroako tortura kasuei buruzko ikerketa independente eta profesionala gauzatzea litzateke, EAEn egin zenaren gisakoa. Hori lortuta ez da ezer amaitzen, baina pauso handia litzateke.

Argazkia: Dani Blanco

EAEn Eusko Jaurlaritzak bideratu zuen ikerketa hura. Nola ikusten dituzue Nafarroako instituzioak pauso hori emateko?

Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin egon gara. Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetzako zuzendari Martin Zabalzarekin egon gara, baita Ana Ollo kontseilariarekin ere... Harrera ona izan da eta entzunak sentitu gara. Ikusiko dugu datozen hilabeteetan ikerketa horrekiko pausurik ematen den.

Eta nola ikusten duzue gizartea torturarekiko?

Jende askok oraindik ez du onartu nahi azken hamarkadetan hemen torturatu egin dela. Pixkanaka gero eta gehiagok sinesten du, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Azpimarratu nahi duzu besterik?

Animatu nahi ditut torturak eta tratu txarrak jaso dituztenak elkartera biltzera. Asteazkenero egoten gara Iruñeko Nabarreria kaleko Zabaldi elkartean, 18:00etatik 20:00etara. Nahi duenak eposta honetan ere topatuko gaitu: nafarroakotorturatuensarea@gmail.com


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Tortura sistematikoa salatu dute Sde Teiman izeneko Israelen atxiloketa eremuan

Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
"Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak"

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


2024-05-02 | Castillo Suárez
Eguna, ordua eta tokia

Tarteka bizitzak ekarrarazten dizkizu ahaztuta nahiko zenituzkeen oroitzapenak. Xafan-ekin geratu naiz gaur kafea hartzeko, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuari buruzko solasaldia dugulako gero, eta konturatu naiz inoiz ez diodala ezer galdetu aztnugal hitzarekin... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Eguneraketa berriak daude