Nafarroako auzitegietan erabaki behar da oraindik Altsasuko auzian terrorismo zantzurik baden ala ez

  • Altsasuko auziaren instrukzio fasea amaitutzat eman du Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak ostegun honetan eta Zigor Aretoaren esku utzi du kasua. Honek erabaki beharko du orain epaiketaren data noiz jarri.


2017ko otsailaren 02an - 14:12
Altsasuko herriak behin baino gehiagotan eskatu du auzia Nafarroan epaitu dadila. (Arg.: Ahotsa.info)

Hala ere, Auzitegi Nazionalean auzia abiada bizian badoa ere, ez dago argi oraindik Madrilen edo Iruñean epaituko den. Urriaren 15ean Iruñeko Auzitegiko Mari Paz Benito epaileak hartu zuen auzia bere eskuetan, baina ondoren, Covitek terrorismo zantzuak bazirela argudiatuta, Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auzia. Egia esan, horrek ezustean harrapatu zuen jende asko, besteak beste, Benito izan zelako CAN auzia bideratu zuena Nafarroan, eta hartan erakutsi zuelako ausardia maila bat.

Inhibizio horren aurkako helegitea jarri zuten Altsasuko gazteen abokatuek, baina epaileak ez zuen berau aztertzea onartu. Nafarroako Lurralde Auzitegiak, alabaina, urtarrilaren 15eko autoan helegitea aztertzea agindu zion Benitori eta epailea horretan ari da orain. Jaione Carrera antsoaindarra da Aratz Urrizola eta Adur Ramirez de Alba auziperatuen defentsa abokatua eta hari galdegin diogu auzia une honetan zertan den: “Benitok oso inhibizio auto eskasa egin zuen. Bakarrik aipatu zuen Covitek salaketa jarri zuela terrorismo zantzuak ikusten zituelako eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak onartu egin zuela, beraz hara bidaliko zuela. Kontua da urriaren 15ean bi gazte atxilotuak eraman zizkiotenean berak ireki zituela aldez aurreko diligentziak, baina ez zuen aipatu terrorismo zantzurik ikusi zuenik, ‘autoritatearen aurkako atentatua” eta lesioak baizik.

"Madrilen itxarotea litzateke logikoena"

Carreraren ustez, epaileak azkar eman beharko luke helegitearen ebazpena, nahiz eta ez dagoen eperik horretarako. Helegitean Benitok bereari eusten badio, orduan defentsak apelazio helegitea jarriko du Nafarroako Lurralde Auzitegian eta honek erabaki beharko du ea auzian terrorismo zantzurik baden hala ez. Erabakiko balu ez dagoela terrorismo zantzurik, konpetentzia gatazka sortuko litzateke Auzitegi Nazionalarekin eta orduan Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki beharko luke.

Eta batak zein besteak erabaki artean Auzitegi Nazionalak epaiketaren data jartzen badu? “Oraindik eman behar dira urrats txiki batzuk data jarri aurretik –dio Karrerak–, baina logikoena litzateke Mari Paz Benitok ahalik eta lasterren erantzutea. Eta zentzuzkoa litzakete Madrilen itxarotea Iruñeko helegite prozesua amaitu arte, baina Auzitegi Nazionalean gaude eta hor ezin da jakin gauzak nola joango diren, areago gainera auzi honen inguruan dagoen interes politiko eta mediatiko handiarekin”.

Gazteekiko sostengu zabala gizarte mailan

Asteartean 214 juristak esan zuten agiri baten bidez, auzi honetan ez zegoela terrorismo delitutik ikusteko inongo zantzurik eta hala egitea "etsaiaren zuzenbidea" ezartzea zela. Ostegun honetan ere, kultur eta gizarte munduko beste talde zabal batek eskaera berdina egin du: "Proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioak lehenetsi daitezela eta terrorismo-delituaren kalifikazioa ezabatu".

Euren elkartasuna ere adierazi diete gazteei eta beren senitartekoi. Horien artean dira, besteak beste, Pako Etxeberria forensea, Patxi Zabaleta politikaria, Benito Lertxundi kantaria, Sagrario Aleman Euskaltzaina, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria, Iñaki Soto Garako zuzendaria, Joseba Santamaria Diario de Noticiaseko zuzendaria, Castillo Suarez idazlea, EITBko Arantxa Iturbe eta Mikel Reparaz eta Euskalerria Irratiko kazetari Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude