Aparteko erakarmenik ez luketen hitzordu batzuk girotzeko erretolika ote da ala benetako jira-buelta geopolitikoaren abiapuntua, munduaren etorkizuna baldintzatu dezaketen horietakoa? Edo beste askotan gertatu den moduan, bigarrena izan nahi baina lehenengoan geratuko den zerbait?
Kontua da Ekialde Urrunean, Kim Jong-unen bisitaldiaren aitzakian baina ez horregatik bakarrik, segidan daraman egun mordoaren atarian, aldarrikapen potoloa bota zuela V. Putinek: erabateko lehentasuna da Ekialde Urrunaren garapen ekonomikoa egungo Errusiarentzat. Mezua nahiko oharkabean geratu da Vladivostoken Ekialdeko Foro Ekonomiko horretan bertan egin zituen gainerako adierazpenekin –batik bat, Ukrainako gerraren ingurukoekin– nahasian. Eta lehendik ere eginak zituen beste batzuen ildoan letorke, azpimarraren intentsitatea beste berritasun handirik gabe.
Asmoa, gainera, ez da oraintxekoa, alafede. Errusiaren espantsio siberiarraren benetako helmuga izan dela esan liteke. Baina beste kontinentean Go West, young man! harekin paretsuan abiatu bazen ere, Na Vostok! horrek Transiberiar Trenbidearen alboetan tarteka sortu eta ekonomia estraktibistaren epelean hazi diren hiri batzuk besterik ez dituela erdietsi orain arte, esan liteke. Beraz, Primorski eta Khabarovsk ez dira Kalifornia.
Zergatiak begien bistakoak dira: klimatikoak, demografikoak, ekonomikoak, politikoak... Eta ez dira nahierara hola eta hola aldatzen direnetakoak.
Baina egia da, halaber, XXI. mendea ez dela XIX.a ez XX.a ere. Munduaren ardatz ekonomikoak aspaldi alde egin zuen Atlantikotik Ozeano Barera; eta Europa ez da jada munduko gorabehera politiko-militarren erabakigunea. Artikoa desizozteak itsas-garraiobideak aldaraziko dituela esan beharrik ez dago, bestalde.
Beraz, Errusiak bere grabitate-zentroa Ekialde Urrunera zeharraldatu nahi izateak koherentzia osoa du. Bere garaian Pedro Handiak hiriburua Neva ibaiaren bokalera eraman zuenean bezalatsu. Egungo Errusian hain ugariak diren geoestratega eta antzekoen artean ere itzal nabaria duen egitasmoa da Na Vostok!, Hoa Ekialdera! Hori, eurasianismoarekin uztartuta.
Burubero batzuen areto-estrategiak baino egitate faktikoagoak ere badaudela ez da ahaztu behar, ordea. Kimekin batera Putinek egun hauetan bisitatu duen Vostotxni kosmodromoa da horietako bat. Baikonourreko azpiegitura historikoaren ordezkoa izan behar duena, noski, ez da arinki planifikatutako zerbait izango, iraupenagatik besterik ez bada ere.
Eta hura Txinako mugatik 100 kilometrora egoteak ere zerbait adierazten du, nik uste.
"Terrorismoaren aurkako" operazio militar bat dela esan du Azerbajaingo Defentsa Ministerioak, eta Armeniako arartekoaren arabera jadanik hogeitabost lagun hil dituzte azerbaijandar armadaren bonbek. Nagorno Karabakheko armeniarrek gutxienez bederatzi hilabete... [+]
Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.
Asteazkenean Mosku iparraldean gertatu da istripua. Hegazkin pribatu batean bidaiatzen ari ziren guztiak hil dira, tartean Yevgueni Prigozhin Wagnerreko buruzagia.
Norvegian urtero antolatzen den foro batean egin ditu adierazpenak NATOko idazkari orokorreko gabinete-buru Stian Jenssenek. Egun batzuk geroago, bere hitzartzea “akatsa” izan dela aitortu du.
Segurtasun Ministerioaren esanetan, Mohamed Bazoum presidentea kargutik bota zutenetik, “segurtasuna erabat okertu” da. Operazioa errepikatzeko gomendatu die gainontzeko Europako herrialdeei. Espainiako Gobernua 70 lagun ebakuatzeko lanetan hasi da.