N-121A: Chivite lehendakaria eta "bere lurralde antolamendua"


2021eko apirilaren 15an - 09:13

Chivite lehendakari andrea, hitz politak erabili zenituen joan den martxoaren 30ean Bertizko Jauregian Baztan-Bidasoko alkateekin egin zenuen agerraldian, eta are «borobilagoa» izan zen hedabideei aurkeztu zenieten prentsa-oharra.

Nabarmendu zenuenez, “azpiegiturak eskualdearen lurralde antolamendurako eta kohesio sozialerako funtsezkoak dira eta horregatik, N-121A errepidea 2+1 bide bilakatzea eta bertako tunelak bitan banatzea lehenesten dira eta horretara bideratzen ari dira ahalegin ekonomikorik handienak”.

“Ez dugu kamioi transeuroparren korridorerik nahi, horrek herrietako elkarbizitza aunitz baldintzatzen duelako, tokiko garapen sozial eta ekonomikoari ekarpen gutti egiten diolako eta ingurumena aunitz kaltetzen duelako”.

Baina inguruko alkate eta herritarrontzat, –ez Baztan-Bidasoko gonbidatuentzat bakarrik–, Iruñea eta Behobia artean dauden herrietako 29 udal eta herritarrentzat, alegia, azpiegiturek lurralde antolamenduan duten eginkizuna bertzelakoa da. Hau da, komunikazio-bideak (errepidea eta tunelak) gainezka ez egitea, lasaiagoak, garbiagoak eta seguruagoak izatea edo ongi mantentzea erran nahi du, eta nahi eta merezi dugulako, inguruko tokiko garapenari bidea emanen diotenak izatea. Ez dugu “pixa egiteko ere” gelditzen ez diren kamioi transeuroparren korridorerik nahi, horrek inguruan dauden herrietako elkarbizitza aunitz baldintzatzen duelako, tokiko garapen sozial eta ekonomikoari ekarpen gutti egiten diolako eta alderantziz, inguruko ingurumena aunitz kaltetzen duelako.

Horregatik, egunero-egunero pasatzen diren «nazioarteko» 3.000 ibilgailu astunen trafikoa behin betiko paraleloa den A-15era desbideratzeko eskatzen dizugu (eta ez zure oharrak dioen bezala, asteburuetan bakarrik). Neurri horrek, zalantzarik gabe, Belateko tunelen arrisku-maila hagitz modu eraginkorrean murrizten lagunduko luke. Oronozko suhiltzaileok ere horixe da eskatzen duguna; tunelen segurtasuna areagotzeko premiazko neurriak hartu behar direla eskatzen ari gara, orain, epe laburrean, 2025era arte esperoan egon gabe.

Kamioiak desbideratzeko eskariari dagokionez, honela erran zenuen: “Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoek ezinezkoa dela erraten digute. Errepide nazionalari buruz ari gara”.

“Ez al da ba Nafarroako Gobernuaren borondate eta ahalegin falta bertzerik izanen?”

Akaso zuk edo zure zerbitzu juridikoek uste duzue N 232 (Zaragoza eta Logroño arteko errepide nagusia), N II eta N 340 (Frantziatik Mediterraneora doan errepidea) edo N 240 (Ebrotik Tarragonara doana) eskualde mailako errepideak direla? Urteak pasatu dira Errioxako eta Kataluniako gobernuek errepide «nazional» horietan segurtasunaren aldeko apustua egin zutenetik eta kamioiei errepide horietatik ibiltzea debekatu zietenetik. Hori horrela, ez al da ba Nafarroako Gobernuaren borondate eta ahalegin falta bertzerik izanen? Bilera hartan zure ondoan jarrita zegoen Ziriza kontseilariak ezin izan zuen ezintasun juridiko hori zehaztu eta arrazoitu, ezin izan zuen erantzunik eman.

Ziriza jaunak berak alkateei, Bertizerako bidean, ez zitzaiola trafiko handiko errepidea iruditu bota zien, ez zitzaiola iruditu hainbertze kamioi zegoenik. Gutti iruditzen al zaizkizu gero eta maizago sortzen diren auto-ilarak? Aldi honetan, bisita egin zenuenetik bortz egunera sortu ziren, bi egunez segidan, 14 kilometro arteko ilarak, eta gehienak mugara zoazen kamioiak ziren.

Chivite andrea, zure proiektuen jasangarritasuna goraipatzen duzu. Bada Nafarroako Gobernua orain N-121A errepideko galtzada eta tunelak baldintza egokian eta seguruan mantentzeko gai ez bada, 2+1 errepidea bilakatzeak eta bi tunel egiteak sortuko duen gastuarekin egin ahal izanen duela iruditzen zaizu? Azpiegitura honen mantentzea eta segurtasuna bermatzea garestitzen eta zailtzen duena ibilgailu astunen joan-etorria da.

Errepide hau 2+1 bilakatzeko lanak edo tunelen bikoizketa garestia egitea proposatu dugunak ez gara eskualdeko alkateak eta herritarrak izan. Are gehiago, tunelen bikoizketa ez da guztiz beharrezkoa Europako araudiak eskatzen duen segurtasun-maila betetzeko.

Gobernuak bere aldetik hartu ditu erabakiak, eskualdeko herritarren hitza kontuan hartu gabe. Guretzat, errepide honen segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko hartu beharreko ‘doako’ neurria kamioiak A-15etik desbideratzea da. Ez dugu bertzerik eskatzen.

Bertze erkidego batzuetan neurri hau hartzea posible izan dela ikusita, datorren ortziralean, apirilaren 16an, errepide mozketa batean, oraingoan bortz minutukoa bakarrik, gure eskaera berriz aditzeko aukera izanen duzue.

(Mikel Uriarte Olabeko alkate ohia da eta Oronoz-Mugairiko suhiltzailea)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude