Goiz hotza da gaurkoa. Lanerako bidean denok batu-batu eginda goaz. Elurra ei dakar. Halako batean, kafe termoa eskutan daroan emakume batekin gurutzatu naiz. Bai, film estatubatuarretan bezala. Nire kautan diot: “Kafea eskutan? Zer ote doa, oinez eta edaten?”. Harrigarria.
Niretako kafea ezinbestekoa da, eta beti atseginarekin, plazerarekin lotzen dut. Goizekoa, barkatzen ez dudana, tximino uxatzailea, esnatzeko bai ala bai behar dudana, beharrezkoa. Egunean zeharreko besteak –gero eta gutxiago, portzierto–, pausa bat errutinan; lagunekin konfidentzia momentua, edo kontuak kontatzeko parada; bazkalosteetako solasaldiaren abiapuntua…
Ordenagailu aurrean hartu arren, kafe kikarari ondo oratu eta zurrut bakoitza mikro-gozatua bihurtzen da, atseden momentua, nahiz eta makinako kafe kaskarra izan. Lasaitasuna eragiten didan edari estimulatzailea. Hara, kontraesana!
Iradokitzen didan guztia bateraezina da oinez ibili bitartean kafea hartzearekin. Batez ere lanerako bidean, presaka eta estu. Kafea edari bero eta suspergarria baino ez da horrela, ez dagoelako inolako patxadarik, ez dago barnebiltzerik.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.