10 eta 19 urte arteko 45.800 nerabek beren buruaz beste egiten dute urtean, Unicef-ek kaleratutako Haurren egoera munduan 2021 txostenaren arabera.
Munduko haur eta nerabeen buru-osasunaren gaineko txostena argitaratu du Unicefek, eta datu esanguratsuak azaleratu ditu: batez beste zazpi nerabetik batek gaixotasunen bat du diagnostikatuta. Halaber, suizidioa da adin tarte horretako bosgarren heriotza kausa; beren buruaz beste egiten dutenen %57 mutilak dira eta %43a neskak.
Horrez gain, 21 herrialdetako 15 eta 24 urte arteko gazteak galdekatu dituzte Unicef eta Gallup erakundeek eta, lehen emaitzen arabera, bostetik bat deprimituta sentitzen da edota inolako jarduerarik egiteko interes gutxirekin.
Halaber, Haurren egoera munduan 2021 lanak pandemiaren eragina argi utzi du; gutxienez zazpi haurretik bati zuzenean eragin die konfinamenduak, eta gutxienez 1.600 milioi haurrek galeraren bat izan dute hezkuntzan. Dena dela, txostenak dio COVID-19aren aurretik dagoeneko buruko osasuna arazoa zela haur eta nerabeentzat, baina ez dela nahikoa baliabide ekonomiko bideratu horri aurre egiteko. Erakundeak salatu du batez beste gobernuek aurrekontuen %2 soilik inbertitzen dutela buruko gaixotasunen tratamenduan.
Pobreziaren eta generoaren eragina
Badira hainbat faktore haurren buru-osasunean eragin zuzena dutenak, hala nola pobrezia eta generoa. Pobreziaren kasuan, 5 urte baino gutxiagoko haurren ia %20 muturreko txirotasunean bizi dira eta Unicefek dio etorkizunean ziklo amaigabean sartu daitezkeela: pobreziak buruko gaitzak eragin ditzake eta buruko gaitzek, pobrezia. Era berean, herrialde pobretu horietan gobernuek pertsonako dolar bat baino gutxiago bideratzen dute buruko gaitzak artatzeko; beraz, arazoa larriagotu egiten da.
Bestalde, genero estereotipoen eragina biltzen du dokumentuak. Besteak beste, zehazten du neskek lanari, heziketari eta familiari lotutako estereotipo mugatzaileei aurre egin behar dietela, baita indarkeria matxistari ere. Mutilei dagokienez, ordea, presio handiagoa izan dezakete emozioak erreprimitzeko nahiz drogak kontsumitzeko. Faktore horiek guztiek haur eta nerabeen buru-osasuna kaltetzen dute.