“Gobernuek herritarrak zelatatzeko espioitza sareak eraiki dituzte COVID aztarnarien bitartez”

  • Zelatatuen artean arerio politikoak, sindikalistak, artistak, edo herri mugimenduetako kideak daude. Positiboen kontaktu zuzenak ikertuz pertsonen mugimenduen eta harreman sareen mapak osatzen zituzten. Nazio Batuen Segurtasun Kontseilu Iraunkorreko bost potentziek Blackwater enpresa pribatu militarrak aurkeztutako plana onartu zuen 2020ko maiatzean, eta munduko herrialde garatu bakoitzak bere isilpeko aztarnari talde propioa sortu zuen espioitza egiteko. Euskal Herrian hiru sare egon dira aktibo, euskal gobernuek aztarnariak masiboki kaleratzea erabaki duten arte.


2021eko abenduaren 28an - 00:39
Azken eguneraketa: 02:20
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren bilera batean hartu zen aztarnari-espioien sarea sortzeko erabakia.

2021eko irailak 8. http://www.xinhuanet.com atariak lerroburu deigarria ekarri du bere azalera: “Munduko gobernuek herritarrak zelatatzeko sareak eraiki dituzte COVID aztarnarien bitartez”. Xinhuanet nazioarteko erreferentea da ikerketa kazetaritzaren alorrean, eta bere informazioak mundu mailako oihartzuna izan dute maiz, bereziki Mendebaldean, Txinako gobernuarekiko jarrera kritiko independentea baitu atari digitalak –berak eman zuen, besteak beste, koronabirusaren arriskuaz ohartarazi nahi izan zuen Li Wenliang medikuaren heriotzaren berri–. Irailaren 8ko informazioaren inguruan, ordea, isiltasun gorgarria nagusitu zen. Akaso, artikuluak 11 minutu soilik iraun zuelako Xinhuaneten ikusgai inongo azalpenik gabe betirako desagertzeko. Akaso, bere edukiak Txinakoa ez ezik Mendebaldeko gobernuak ere inplikatzen dituelako legez kanpoko espioitza jardueretan.

Baina artikuluak bere bidetxoa egiten du. Hori bai, oso modu mugatuan, nazioarteko ezkerreko konfiantzazko sareetan eta segurtasun neurriak muturrera eramanez, errepresioaren beldur. Xinhuaneten iturri nagusia artikulu horretan Chuang kolektiboa da, Gobernuaren aurka kokatzen den komunista txinatarren talde ekintzaile klandestinoa, besteak beste Kutsatze soziala: klase-gerra mikrobiologikoa Txinan lana argitaratu zuena 2020 maiatzean. Chuang taldea da hain zuzen ere artikulua berreskuratu eta sare enkriptatuen bidez zabaltzen hasi dena. ARGIAk azaroan eskuratu du artikulua.

"Kaosa da nagusi, kaosak gobernagarritasun krisiak piztu eta gobernuak amildu ditzake. Mundua bolibarianizatzeko arriskua handia da"

Industria militar pribatuak proposatu, gobernuek onartu

“2020ko apirilean, munduaren populazioaren %70 konfinatuta zegoela eta aurrekaririk gabeko mundu-krisi baten testuinguruan, Blackwater Global Security-k txosten bat aurkeztu zuen Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren ezkutuko bilera batean”, dio artikuluak. Blackwater mundu mailako enpresa militar handienetakoa da, eta mertzenarioen armada handiena duena. Iraken, Yemenen edo Afganistanen milaka mertzenariorekin esku-hartu du, tartean zibilen hilketetan eta soldadu etsaien tortura sareetan. Amerikako Estatu Batuak, Errusia, Frantzia, Txina eta Erresuma Batua dira Kontseiluko kide iraunkorrak. “Kaosa da nagusi, kaosak gobernagarritasun krisiak piztu eta gobernuak amildu ditzake. Mundua bolibarianizatzeko arriskua handia da”, zioen Blackwaterren txostenak, Xinhuaneten arabera. Ordea, “kaosaren arriskua aukera” bilakatzea proposatzen zuen txostenak. Aukera, herritarrak oro har eta “arerio politikoak, ekintzaile antisistemak eta edozein bazter-nahastaile” estuki zelatatzeko.

Blacwater enpresren webguneko irudia

Estatuek jada sortzen ari ziren aztarnatzaileen sareak baliatzea proposatzen zuen Blacwaterrek. “Positibo bakoitzari bere kontaktu zuzenengatik eta egondako tokiengatik galdetzen zaio: informazio hori antolatuz, zelatatu nahi den pertsonaren harreman sareak eta biltzeko tokiak identifikatu daitezke”. Sistema horrek ahulgune bat zuen, ordea: zelatatu nahi zen pertsonak positibo eman behar zuen. Irtenbide erraza proposatu zuen Blackwaterrek: “Positibo faltsuak: zelatatu nahi den herritarrari deitzen zaio esanez beste positibo batek kontaktu zuzen bezala salatu duela, aldaera berri bereziki hilgarri bat dela gainera, eta bere bizitza zein ondokoena salbatzeko datu guztiak lehenbailehen jasotzea hil ala bizikoa dela, literalki”.

Aztarnari-espioien tokiko sare autonomo eta pribatuak

Blacwaterrek ondo ezagutzen du nazioarteko geopolitika, azaltzen zuen Xinhuaneteko artikuluak. Potentzien balizko eragozpenak aurreikusi eta konponbideak proposatu zituen, balizko informazio “sentsibleak” estatuen arteko gerra geopolitikorako edo “politika alderdikoia” egiteko ez direla erabiliko segurtatzeko: batetik, estatu bakoitzak bere aztarnari-espioi sare propioa eta independentea osatuko zuen; bestetik, aztarnari-espioi taldeak osatzea Blacwaterren esku geratuko zen, enpresaren ezkutuko langileek osatuko zituzten sareak, eta eta enpresak emango zizkion informazioak gobernuei. Potentziek aho batez onartu zuten txostena, eta nor bere eragin esparruko gobernu “konfiantzazkoei” sarea bere estatuan antolatzeko proposamena egiteko konpromisoa hartu zuten.

"Estatu bakoitzak bere aztarnari-espioi sare propioa eta independentea osatuko zuen"

Euskal Herrira ekarrita, Xinhuaneteko artikulu ‘desagertuak’ eta Chuang taldearen bitartez ARGIAko ikerketa taldeak lortu dituen informazio osagarriek bi interes puntu nagusi dituzte. Lehena: “Macronek Espainiako, Marokoko eta Aljeriako gobernuak batu zituen nazioarteko ekimenera”. Bigarrena: “Zenbait estatuk aztarnari-espioi sareak deszentralizatzea erabaki zuten, zelatatze estuagoa egin ahal izateko”. ARGIAko ikerketa taldeak jakin du Frantziako Estatuak departamentu bakoitzean osatu duela sarea, eta Akitaniako departamentuaren kasuan deszentralizazio berria egin zela, Ipar Euskal Herriari bere sare propioa egokituz, Euskal Hirigune Elkargoari begirunez. Espainiako Gobernuak antzeko erabakia hartu zuen, eta Nafarroak eta EAEk beren sare propioak dituzte. Blacwaterren txostenak argiki zioen: “Aztarnatzaile-espioi sareen existentzia ez dela publiko egingo ziurtatzeko, gobernuburuek soilik izan beharko lukete haien berri, eta gobernuburuei helaraziko diete informazioa pertsonalki Blacwaterreko ordezkariek”. Hori bete bada, Euskal Herrian Iñigo Urkullu, María Chivite eta Jean Rene Etxegarai lirateke sareen existentzia ezagutzen duten bakarrak.

Chuango taldeak enkriptatuta eta sare seguruetatik zabaldu duen txostenaren gaztelerazko bertsioaren azala. Artikulu honetako informazioetako batzuk bertatik hartutakoak dira.

Euskal Herriko sareak

ARGIAk, Chuang taldeko ziberekintzaileekin elkarlanean, Euskal Herriko aztarnari-espioi sareen ustezko koordinatzailea identifikatzea lortu zuen azaroaren amaieran. ARGIAk mezu bat helarazi zion informazioa helaraziz eta elkarrizketa bat proposatuz bere identitatea ezkutuan mantentzeren truk. “Ez dakit nortzuk zareten ez zertaz ari zareten, baina ez dakit ezer diozuenaz. Berriz ere harremanetan jartzen saiatzen bazarete garesti ordainduko duzue”, izan zen erantzuna. Abenduaren 15ean ordea, bera izan zen ARGIAri idatzi ziona. Hau izan zen elkarrizketa:

- Prest nago dakidan guztia kontatzeko. Beti ere anonimotasuna bermatzen badidazue.

- Ados. Baina guk ere bermeak behar ditugu. Zergatik lehen ez eta orain bai?

- Langabezian utzi gaituzte egun batetik bestera, kalte-ordainik ere ordaindu gabe. Hori ez da egiten.

Abenduak 21, eguerdiko 12:28ak, gure informatzailearekin bildu gara Iruñeko jatetxe txinatar ezagun batean. Xiberuako euskara darabil, azentu anglosaxoiarekin. “Nire aiton-amonak 1942an erbesteratu ziren Idahora, Altzurukutik”. Daukagun informazio azaldu diogu. “Dena zuzena da”, bota digu lehor. Noiz sortu ziren Euskal Herriko sareak? “Hirurak 2020ko iraila eta abendu artean”. Nor zelatatu duzue eta zer informazio lortu dute sareek? “Hori izan da arazoa, horregatik utzi gaituzte langabezian kabroi horiek”. Eta kontatzen hasi da.

Etsaiak zelatatzetik, kideak zelatatzera

“Hasiera batean bikain joan zen dena. Informazioa barra-barra sortzen genuen, hilabetero aurkezten genituen txostenak oso mamitsuak ziren: kultura, politika, akademia, osasungintza, tabernari eta herri mugimenduetako ehunka pertsona susmagarriren harreman politiko eta pertsonalak zein mugimenduak kartografiatu genituen. Urkullu, Chivite eta Etxegarai pozarren zeuden”, ziurtatu du iturriak.

"Kultura, politika, akademia, osasungintza, tabernari eta herri mugimenduetako ehunka pertsona susmagarriren harreman politiko eta pertsonalak zein mugimenduak kartografiatu genituen"

Orduan, zein izan da arazoa? Zergatik desegin dituzte aztarnari-espioien sareak? “Sareek zuten potentzialitateaz ohartu ziren zuen agintariak. Disidentzia eta terrorismoa zelatatzeko sortutako egitura edozein politikari edo enpresari espioitza egiteko erabiltzen hasi zen. Azkenerako, baita alderdikideak edo bikote eta maitaleak zelatatzeko ere. Eta noski, kontrola galdu genuen. Informazio delikatuegia batzen hasi ginen, eta informazio horietako batzuk behar ez ziren eskuetara heldu ziren”.

Informazio “sentsibleegia”

Zein informazio, nork eskuratu zituen? “Lehenbiziko alarma zuen artikulu batekin piztu zen presisamente, ohartu ez bazineten ere, inozoak. Bingen Zupiriak egin zuen bilera ezkutu baten berri eman zenuten, bertan adostu zituen Jaurlaritzak hedabide handiekin euskararentzako diru-laguntzak. Mamian zentratu zineten, ez iturrian. Nik neuk bildu nuen informazio hura, baina ez zenuten arrastoa jarraitu. Inozoak. Lehenbizikoz jarri zuten sareen existentzia, Urkullu sutan zegoen. Pasa zen krisia, baina okerrena heltzear zegoen”.

Zeintzuk izan ziren informazio “okerrago” horiek? “Denetarik, baina zenbait hedabideetara heldu ziren hiru jarriko dizkizut adibide bezala. 2020ko abenduan jakin zen hainbat eurodiputatu harrapatu zituela Poliziak orgia erraldoi batean Bruselasen. Ez zena argitaratu da Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkaritza bat ere bazela han, Iparralde Euro-eskualde izenda zezaten lortzeko Europako Legebiltzarrera joanak. Bigarrenak hurbilago gakartza: María Chivitek, José Luis Morenok eta Porrotxek bilera bat egin zuten, Nafarroako sentsibilitate guztiak batuko omen zituen “pandemiari barre” jaialdia antolatzeko. Moreno izango zen antolakuntza arduraduna... eta bileratik bi astera atxilotu zuen Poliziak 50 milioi euroko iruzurra leporatuta. Azkenik, Tapiarena dago. Eskoziako klimaren aldeko nazioarteko goi-bilerara joan zenean, Greta Thumberg eta Josu Jon Imaz ekintzaileekin batu zen Jaurlaritzaren “kapitalismo berdea, auzolanean” kanpainaren irudiak izan zitezen saiatzeko. Hori ez zen arazo, problema izan zen Euskal Herrira bueltatzean Londresko eskala aprobetxatu zuela Boris Jonhsonen legez kanpoko jai batera joateko... bertan kutsatu zen COVID-19arekin, Delta aldaerarekin. Berak ekarri zuen aldaera hilgarria gurera”.

"El Correo-k, Deia-k eta Noticias taldeak eskuratu zituzten informazio horiek eta beste batzuk. Baina lagunen artean dena da konpongarria"

Zein hedabidek zuten informazio hori? Zergatik ez da argitara atera? “Aaamigo. El Correo-k, Deia-k eta Noticias taldeak eskuratu zituzten horiek eta beste batzuk. Baina lagunen artean dena da konpongarria. Dirua dagoen bitartean, jakina. Gogoratzen Jaurlaritzak azaroa amaieran bat-batean onartutako bost milioi euroko ‘diru-laguntzak’ haiek ‘hedabide profesionalek duten funtzio garrantzitsua’ babesteko? Bada, hori. Orduan erabaki zuten hiru lehendakariak ‘arriskua aukera’ bihurtzetik, ‘aukera arazo’ bihurtzera pasa zirela. Paranoia nagusitu zen, Blacwaterrek hitza eman zien aztarnari-espioi guztiak aterako zituela Euskal Herritik, baina ez ziren fio. Erabaki salomonikoa hartu zuten: aztarnari guztiak kanporatzea. Konfiantzazko gutxi batzuk besterik ez zituzten mantendu: gobernuburu bakoitzaren alderdian behintzat hamar urte afiliatuta daramatzatenak soilik. Eta hemen nago, egun batetik bestera kale gorrian”.

Froga ezeztaezina

Isiltasun gorgarri batek hartu du mahaia. Zaila da entzun duguna sinestea, ezinezkoa ez esateagatik. Froga ezeztaezinak behar ditugu, txosten horiek behar ditugu ezer argitaratu aurretik. “Ez dut frogarik, ez dago frogarik. Txosten guztiak borratuak izan ziren. Nire hitza dut soilik. Ez badidazue sinesten, ez argitaratu ezer eta listo”. Isiltasuna berriro, sinesgogor eta mesfidatu begiratzen diogu. Altxatzear gaudela ikustean, azken ahalegina egiten du.

"Nola azaldu bestela osasun krisiaren une kritikoenaren erdian kutsatzeak identifikatu eta heriotzak ekiditeko bitarteko garrantzitsuena, aztarnariena, hezurretan egotea?"

“Badakit: ‘Benga, mesedez, nola izango da hau guztia egia? Ezin du izan’. Bai, txantxa bat eman dezake, sinesgaitza izan daiteke... Ulertzen dut. Baina galdera kontrara eginda ezin argiago ikusten da: kontatu dizudan guztiagatik ez bada, nola azaldu osasun krisiaren une kritikoenaren erdian kutsatzeak identifikatu eta heriotzak ekiditeko bitarteko garrantzitsuena, aztarnariena, hezurretan egotea? Horrek bai ez duela inongo azalpen logikorik, hori bai sinesgaitza, hori bai litzatekeela gustu txarreko nekrotxantxa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espioitza
Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


Sei urtez Madrilgo mugimendu sozialetan infiltratutako beste polizia baten berri eman dute

2015etik 2021era mugimendu antifaxista eta antierrepresiboetan infiltratutako poliziaren kasua publiko egin du El Saltok, Directarekin elkarlanean ikertu ondoren. Hamabost hilabetean hedabideek argitaratutako polizia satorren seigarren kasua da.


2023-07-11 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Pegasus espioitza kasua

Espainiako presidente Pedro Sánchezen eta beste lau ministro mugikor bidez espiatzeagatik irekitako kasua itxi egin dute, Pegasus programaren jabe den Israelgo Gobernuaren eta Justiziaren "erabateko" kolaborazio faltagatik.


2023-04-23 | David Bou
Marc, Dani eta Ramón

Artikulu honen izenburuan agertzen diren hiru izen propioak ez datoz bat horrela deitzen ziren pertsonen errealitatearekin. Marc Hernàndez Pons, Dani Hernàndez Pons eta Ramón Martínez Hernàndez ziren Barne Ministerioak Polizia Nazionaleko hiru... [+]


Espainiako Gobernuak onartu du Poliziari baimena eman ziola gizarte mugimenduetan infiltratzeko

Espainiako barne-ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dagoela bilduta. Polizia horiek inteligentzia agente gisa definitu ditu, "ordenaren eta segurtasun publikoaren" intereseko informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude