Modiren kilimak


2023ko otsailaren 20an - 06:26
Azken eguneraketa: 11:17

Oso eredugarria ez dirudien zerbait ikusi ahal izan da pasa den astean "munduko demokrazia handienean". BBCk ekoitzitako India: The Modi question dokumentala ematea debekatu du Indiako lehen ministro Narendra Modiren gobernuak, 2021eko hedabide-legea baliatuta. Eta bertako unibertsitateetan ere emanaldiak antolatu direnean, polizia agertu eta ikustaldia eten dute. Debekatzaileentzat, asmo txarreko propaganda besterik ez litzateke dokumentala, lehendik ezetsita dauden asmakerien gainean eraikia; kritikoentzat, aldiz, aspaldiko susmoak indarberritu baino ez ditu egiten BBCren lanak, eta zentsura lotsagarria da haren debekua.

Berez izango zuena baino ikusmin handiagoa sortu du zalapartak, noski; baina esango nuke dokumentalaren edukitik kanpo dagoela gakoa.

Bi zati, aski aldenduak, josten ditu lanak: 2002an Gujaraten izandako liskar bortitzetan musulmanek nagusiki pairatu zituzten sarraskietan orduan bertako gobernadorea zen Modik eduki zuen papera, eta haren konnibentzia muturreko ekintzaile hinduistekin (auzitegietan ezetsia, baina politikoki betirako geratu dena); eta Indiako lehen ministroa denetik musulman horien berorien aurka Modik darabilen erasokortasuna (maiz kritikatu zaiona, baina etekin elektoral mardula ematen diona, bistan denez).

Narendra Modiren biografia guztiz ezaguna berrikustea besterik ez da, ordea, hori. Gainera, haren atalik mamitsu eta argigarrienetan (esate baterako, Modik eta BJP bere alderdiak RSS antolakunde paramilitar hinduistarekin duten lotura askaezinean) sakontzen gehiegi ahalegindu gabe. "Munduko demokrazia handienaren" egungo tasunez gogoeta egin beharra ekarriko lukeelako horrek, beharbada.

Kasualitateez gero eta gutxiago fio denari pare bat esplikabide bururatzen zaizkio ezbairik gabekoa dena –Modiren irudi politikoa jorratu nahi duela dokumentalak– azaltzeko orduan. Lehena, Ukrainako gerrak erakarri duen krisian Modiren anbiguotasun txit kalkulatuak biziki kaltetu dituela baten batzuen aurresuposizioak: Txinaren aurka ozen esaten dena ez da entzuten Indiari buruz, baina ez da izango halakorik pentsatzen ez delako.

Datorren udazkenean New Delhin egingo den G20ren goi-bilkurara begira jarriko litzateke bigarren esplikabidea. Esan gabe doa Modirentzat berebiziko ekitaldia –eta erronka– dela. Ezkutuagokoa da horrelako goi-bilkurak endredo bilakatu direla... haien kontrola galdu duten batzuentzat.

Nolanahi ere, norbaitek kilimak bilatu nahi bazizkion Modiri, aurkitu bide dizkio: dokumentala debekatu ez ezik, BBCren Indiako ordezkaritzak goitik behera arakatu dituzte bertako zerga-zerbitzuek. Kasualitatez, noski, oraintxe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: India
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


Eguneraketa berriak daude