Herritartasuna fede kontua denean


2024ko martxoaren 19an - 09:30
Indiako lehen ministro Narendra Modi / Presidenciamx

Hilabete barru, apirilaren 19an hasi eta sei astez luzatuko diren "munduko demokrazia handienaren" hauteskundeak gainean direnean, faktore berri batek sutu ditu bestela ere nahikoa oldartuta zebiltzan bazterrak. Narendra Modi egungo lehen ministroa buru duen BJPren Aliantza Nazional Demokratiko eskuindarrak irabaziko duela aurreikusten dute inkesta guztiek, baina amatatuxe zegoen sugai bati eman dio haize agintean dagoenak. Ez dirudi, haatik, Rahul Gandhiren oposizioak estu hartuko duelako izan daitekeenik: nahiko lan badu Kongresu Alderdiak hainbeste kostata josi zuen INDIA aliantzaren barne-tarratadei puntadak eman eta 2019ko emaitza negargarriak zertxobait hobetzen. Orduan?

CAA-Citizenship (Amendment) Act, 2019 izen trauskilaren pean zetzan, lehendik ere, iskanbilaren korapiloak. Zatiketa-prozedura lotsagarri bezain odoltsu hartatik sortua, Indiako Konstituzioak Herritartasun Lege konplexua du lagungarri, laster beteko dituen 70 urteetan hainbat emendakin eta zuzenketa jaso dituena, herrialdean bertan eta haren ingurumari geopolitiko bihurrian gertatu diren gorabehera latzen harira. Orokorrean esan behar da ez dela batere erraza Indiako herritar bihurtzea... salbuespenezko kasu batzuetan ez bada.

2019an, Modiren alderdiaren arrazoibide nagusia izan zen musulmanek, pertsegituak zirenean, bazutela non babestu, beren fede berbereko beste herrialderen batean, Indiara joan gabe

Salbuespenezko kasu horiek gogotik eraldatu zituen 2019an, bere gehiengo oso zabalari esker BJPk sustatu zuen emendakinak. Tenore berrian, 2014a baino lehen Indiara "jazarpen erlijiosoa pairatzeagatik" babes-bila heldutakoak, azkarki lor zezaketen herritartasuna... baldin eta hinduak, budistak, sikhak, jainistak, mazdeistak edo kristauak balira. Baina ez India inguruko hainbat herrialdetan gehiengoa diren musulmanak. Ezta ere askoz bakanagoak (eta, usu, ia edonon jazarriagoak) diren baha'iak.

Orduan, 2019an, Modiren alderdiaren arrazoibide nagusia izan zen musulmanek, pertsegituak zirenean, bazutela non babestu, beren fede berbereko beste herrialderen batean, Indiara joan gabe. Argudioak, noski, ez zituen konbentzitu Indiako musulman –175 milioi– gehienak, eta kale-agerraldi ikusgarriak egin ziren hiri nagusienetan. Gatazka bereziki bortitza izan zen Assamen, Myanmarreko rohingyen arazoa bertatik bertara baitute han. Eta, objektibo angeluhandiarekin hartuz, migrazio-sorburu askoz latzagoa izan daitekeen Bangladeshen korapiloa zegokeen. Erlijioan funtsatutako diskriminazioen aurrekari siniestroenak gogora ez ekartzearren.

Emendakina hozkailuan egon da lau urtez. Baina hauteskundeen berotasunean desizoztu egin du BJPk. Orduko tentsio erlijioso-politiko berbera erein asmoz, noski.

Modiren betiko estrategia izan da. Eta ezin uka etekinak eman dizkiola.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: India
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


Indiako gobernuarekiko kritikoa zen hedabide baten aurka egin du Poliziak

NewsClick ezkerreko hedabidearen sortzaile eta erredaktore burua eta Amit Chakravarty giza baliabideen arduraduna atxilotu ditu Indiako Poliziak, zenbait egoitza eta hainbat kazetariren etxebizitza ere miatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude