Gizateriaren aurkako krimenak leporatuta, heriotza zigorra ezarri zion duela astebete Dhakako epaitegi batek hamabost urtez, iazko abuztura arte, Bangladesheko lehen ministroa izan zen Sheikh Hasina andreari, 2024ko uztailean eta abuztuan matxinatu ziren gazteen aurkako errepresioagatik. 1.400 bat zibil hil zituzten orduan polizia-indarrek, eta are gehiago zauritu eta atxilotu.
Hasinarekin batera, haren goi-arduradunetako bi epaitu dituzte; bati kartzela zigor arina ezarri zaio, akusazioari emandako laguntzagatik, baina besteari heriotza zigorra, Hasinari bezala. Baina bi zigortu nagusiak Indiara ihes eginda daude eta ez dirudi oraingoz gertagarria izango litzatekeenik zigorraren exekuzioa, India ez legoke bietako inor Bangladeshen esku ipintzeko prest.
Arazoen sokaren lehen korapiloa besterik da hori, ordea. Agintetik eraitsia izan bazen ere, ez da ondorioztatu behar Hasinak ez duela, orain bertan, itzalik Bangladeshen. Haren alderdia, Awami Liga historikoak, terroristatzat jota egun legez kanpo badago ere, benetako indarra du herrialdeko leku eta jendarte askotan, eta hala, grebarako deia egin du epaiaren aurka. Epaiketa bermerik gabea, politikoki zamatua eta mendeku-kutsukoa izan dela salatu dute Hasinaren jarraitzaileek. Baita nazioarteko hainbat begiralek ere.
Barne-politikarekin ez ezik kanpo-harremanekin korapilatuta dagoelako gaia. Independentzia lortu zuenetik Bangladeshen (eta, batez ere, Awami Ligaren) aita pontekoa izan den Indiak mesfidantzaz ikusi bazuen Hasinaren eraispena, are errezelo gehiagorekin hartu du orain haren aurkako epaia. Eta inguratuta daukan herrialde horretan korronte islamistek duten goraldia ez da Modiren buruhauste makalena. Txinak, beti bezala, “barne gorabehera dela” esan du, ofizialki, bederen.
Ikuspegi historikoak erakusten duena da, haatik, soslairik bihurriena. Sheikh Mujibur Rahman, Bangladeshen independentziaren “aitaren”, eta Tungiparako Sheikh familia txit leinargiaren egungo burua da Sheikh Hasina. 1975ean bere aitaren eta senideen hilketa gupidagabetik halabeharrez salbatu izanari zor dio, sortzez, buru-tasun hori. Orduan ere, estatu-kolpearen garaipenaren ondotik, Indian aurkitu zuen babesa. Indira Gandhiren gerizpean kasu hartan.
Erbestetik itzuli ondoren hauteskundeak irabaztea lortu zuenetik, bere aita eta anaien hiltzaileak urkamendira eramatea izan da Sheikh Hasinaren egitasmo irmoenetako bat. Eta lortu ere, lortu zuen hein handi batean. Seguruenera, faktore horrek ere izan du zerikusia bere epaian.
Soka ez da eteten, agidanez.