“Mingarria da Iñigo Cabacasen erailketaren arduradunik eza urtero salatu beharra”

  • Iñigo Gogoan Herri Ekimenak prentsaurrekoa eskaini du Iñigo Cabacas gaztearen hilketaren laugarren urteurrena dela eta. Ekimena sortzeko arrazoiak “Cabacasen erailketa zigorrik gabe ez geratzea eta poliziaren jardunagatik heriotza gehiagorik ez izatea” izan zirela gogorarazi dute.


2016ko apirilaren 5ean - 13:43
Apirilaren 9 eta 10ean Cabacasen hilketa gogoratzeko egingo diren ekitaldiak iragarri dituzte prentsaurrekoan (Arg.: Uriola).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Urtero, data hauetan, bidean jaso ditugun atxikimenduak aipatzen ditugu, eta urtero gogoratzen dugu zein lotsagarria eta mingarria den berriro ere hemen agertu behar izatea eta oraindik arduradunik ez izatea”, esan dute plataformaren izenean Oier Amorrortuk eta David Gonzalezek. Amorrortu, Iñigo Gogoan ekimeneko kidea ez ezik, Cabacasen senidea da.

Lau urte eta gero auzia oraindik instrukzio fasean dagoela nabarmendu dute –ekain hasieran amaituko da fase hori–, epaiketarik gabe eta oso inputatu gutxirekin: “Bospasei ertzain eta arduradun politiko bat ere ez”. Cabacasen hilketa zigorrik gabe gera ez dadin behar den lekuraino iristeko prest daudela iragarri dute, Europar Batasuneko auzitegiak barne.

“Zer gehiago egin behar dugu? Noiz arte eska daiteke justizia? Zer egin behar da gomazko pilotak desagertzeko polizien eskuetatik, hau berriro gerta ez dadin? Zer egin behar da konpromiso politikoak lortzeko?”, galdetu dute Gonzalezek eta Amorrortuk. Halaber, gaitzetsi egin dute Ugarteko ezizenez ezaguna den Ertzaintzaren buruaren jarrera –Cabacasen hiketaren gunean Indautxuko Herriko Tabernan indarrez sartzeko agindua eman zuena–; Ugarteko-k bere kontrako akusazioek “eragindako minagatik” salatu zituen Gara egunkaria eta Cabacas familiaren abokatu Jone Gorizelaia.

Azkenik, apirilaren 9an eta 10ean Iñigo Cabacas zena omentzeko egingo dituzten ekitaldiak iragarri dituzte. Hain zuzen ere, 9an elkarretaratzea egingo dute hura hil zuten lekuan, Kirruli plazan, 12:30ean; 10ean berriz, manifestazioa egingo dute, 17:30ean hasita, Bilboko Justizia Jauregitik aipatutako plazaraino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.