Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

  • Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu horretan, larunbatean, omenaldia egingo diote Bilboko Indautxu auzoko Kirruli plazan, "Justiziak ez du egunik izan, maitasunak 10 urte!" lelopean.


2022ko apirilaren 06an - 10:48
Azken eguneraketa: 12:16
Iñigo Cabacasen kasuari dagokionez justizia eskatuz 2018an egindako mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

2012ko apirilaren 5ean larriki zauritu zuen Ertzaintzak Iñigo Cabacas Lizeranzu 28 urteko basauriarra. Athletic-Schalke 04 futbol partidua jokatu ostean, jendea zebilen San Mames inguruetan. Ertzaintza Kirruli tabernarantz abiatu zen, eta gau hartako operatiboaren arduradun Ugartekok hala aginduta, María Díaz de Haroko kalexkan zeudenen aurka kargatu zuten agenteek. "Sartu kalexkan daukagun guztiarekin, sartu Herrikoan (…) Eta orduan egongo da egoera kontrolpean", entzun zitekeen gau hartako Ertzaintzaren komunikazioetan.

Ertzainek gomazko pilotak jaurti zituzten jendearen aurka, gertutik eta zuzen, horien erabilpen protokoloak dioenaren kontra. Pilota horietako batek zuzen jo zuen Cabacas buruan, gaztea larriki zaurituz. Lau egunen buruan, apirilaren 9an, hil egin zen zauriaren ondorioz.

Justiziarik ez

2018an abiatu zen gertakarien gaineko epaiketa, sei ertzainekin auzipetuen aulkian, denak gau hartan gertakariak jazo ziren tokian lanean aritutakoak. Horietatik bost errugabetzat jo zituen epaileak, Cabacas hil zuen tiroa nork egin zuen frogatzerik ez zegoela argudiatuta. Eta seigarrenari, gau hartako operatiboan eremu hartako ofizial gisa aritutako Juan Jose de Pablori, bi urteko espetxe zigorra eta lau hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, "zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa" leporatuta. Halere, ez du espetxean denborarik igaro beharko, Bizkaiko Auzitegiak hala ebatzirik. De Pablok Ugartekoren aginduei jarraitu ziela adierazi zuen arren epaiketan, azken hori ez zuten auzipetu.

Gertakariak jazo zirenean Ertzaintzaren Deustuko komisaldegiko buru zen Jorge Aldekoa ere ez auzipetuen aulkian eseri. Are, Cabacas hil eta bi urtera, Ertzaintzako buru izateko hautagai gisa proposatu zuen Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. 2018an, epaiketaren harira, dimisioa eman zuen.

Espainiako Auzitegi Gorenak Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia berretsi zuen iaz, eta prozesu horren guztiaren ondotik Cabacasen senideek adierazi zuten "jipoituta eta umiliatuta" sentitzen zirela.

Ertzaintzaren barne ikerketari dagokionez, iazko abuztuan artxibatu zen. Ez zen diziplinazko zigorrik agindu. Cabacasen guraso Fina Lizeranzuk eta Manu Cabacasek beren samina areagotu izana leporatu zioten Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, egindako adierazpenen eta hartutako erabakien bidez.

Omenaldia apirilaren 9an

Bide judizialean injustizia eta zigorgabetasuna nagusitu arren, gertatu zena oroitzen dute herritarrek. Hortik gaztearen heriotzaren hamargarren urteurrenerako Iñigo Cabacas Herri Ekimenak hautatu duen leloa: "Justiziak ez du egunik izan, maitasunak 10 urte!". Lelo horrekin egin dute Cabacasen omenaldirako deia; larunbatean, apirilaren 9an, 13:00etan egingo diote omenaldia Kirruli plazan.

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


2021-01-18 | ARGIA
Epaitegi Gorenak ez ditu onartu Iñigo Cabacasen senideen eta zigortutako ertzainaren errekurtsoak

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaia berresten du bere erabakiarekin Espainiako Epaitegi Gorenak. Ertzain bakarra izan zen zigortua Iñigo Cabacasen heriotzagatik.


Eguneraketa berriak daude