Iñigo Cabacasen senide eta lagunek epaiketan azpijokoa egon dela salatu dute

  • Iñigo Cabacasen senide eta lagunek epaiketaren balorazioa egin dute ostiralean Bilboko Kafe Antzokian deitutako prentsaurrekoan. Beraien ahotik kontatu nahi izan diote jendarteari gertatutakoa, baita nola sentitzen diren ere.


2018ko azaroaren 16an - 15:33

Urriaren 15etik azaroaren 9ra arte iraun du Iñigo Cabacas Liceranzuren hilketa kasuaren epaiketak, eta astebeteren ostean, Cabacasen familia eta lagunek prozedura judizialaren irakurketa propioa publiko egin dute. Ezer baino lehen, epaiketa martxan jarri arte sei urte eta erdiz justizia eske jardun dutela azpimarratu nahi izan dute, eta behin epaiketari hasiera emandakoan bazuek ez dutela garbi jokatu ohartarazi. “Jokaldia markatutako kartekin jolastu da, eta jakina, ez ditugu guk izan horretarako botererik ez dugulako, herritar xumeak baikara”, adierazi du Cabacasen adiskideetako batek.

Epaiketatik nabarmentzekoak iruditzen zaien zenbait puntu ere mahaigaineratu dute: testigantzen bidez aski frogatuta geratu da Cabacas zauritu zuten gau hartan borroka jendetsurik ez zela eman, nahiz eta Ertzaintzak argudio hau erabili bere esku-hartzea justifikatzeko; poliziek esandakoaren kontrara, lekukoek adierazi dute ez zela enkaputxaturik edo objektu-jaurtiketarik izan, horregatik kalteen inguruko parterik ere ez da inon ageri; Ertzaintzak horizontalki tiro egin zuela frogatu da, han zirenek hala adierazi baitute eta mediku forentseak ere baieztatu baitu Cabacasen pilotakada horizontalean jaso zuela; zauritu bat zegoela jakitean ertzainek erakutsitako jarrera “lotsagarria” eta “umiliagarria” izan zen, bortizki jokatu zuten eta zaurituaz barre egin zuten; ertzainek anbulantzia oztopatu zuten, Ertzaintzaren bunkerretan gertatutakoa ez da sinesgarria eta materiala ez zuten nahi gabe garbitu eta nahasi, ordurako gertatutakoaren berri bazekitela adierazten baitu haien grabazio batek; grabazioak falta dira; eta Ugartekorena da erantzukizun nagusia, gau hartako operazioko burua bere zelako. Azken puntu honekin lotuta, beste zenbait ofizialen erantzukizuna ere seinalatu dute, “zeinak ez zuten ezer egin agenteek tiro egin ez zezaten edo karga eteteko”.

Justiziaren balantza, desorekatuta

Auzitegia, Fiskaltza eta Eusko Jaurlaritza auzipetuen alde aritu izana agerikoa dela uste dute, Manu Cabacasek adierazi duenez. Faborezko tratu horren adibide da auzipetutako agenteak deklaratu zuten egunean eta epaiketaren azken saioan bakarrik egon izana  baita ileordeekin mozorrotuta agertzeko aukera eskaini izana ere. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko abokatuek defentsaren abokatuarekin izandako harreman ona azpimarratu du. “Abokatu hauek guk ordaintzen ditugu diru publikoaz”, salatu du.

Agente batek testigantza prestatzeko Eusko Jaurlaritzako abokatuekin eta Ertzaintzako nagusiekin bildu izana jo du Manu Cabacasek prozesuren lotsagabekeriaren erakusgarri. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun Sailburua interpelatu dute, hori guztia nola azaltzen duen argitu dezan. “Aurrean daukaguna ez da soilik prozesu judizial larria, arduragabekeria politiko izugarria ere bada”, adierazi du.

Horrez gain, Fiskaltzaren jarduna bereziki “mingarria eta umiliagarria” izan dela adierazi du, interesik erakutsi ez eta amaieran auzipetuak absolbitu ditu. Manu Cabacasen hitzetan, horrek edozein esku-hartze poliziali inpunitatea bermatzen dio. “Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuenean nire emazte Finaren hitzek ezin hobeki laburbiltzen dute nola sentitzen garen: umiliatu eta iraindu egin gaituzte”, esan du.

Gaitasun gabezia plantak, estrategia gisa

Iñigo Cabacaseen adiskide batek hainbat ondorio luzatu du. Ertzaintzak “Polizia Akademia Txoroa” itxura eman nahi izan duela adierazi du, antolakuntza txar eta gaitasun gabezia kontua izan dela ulertzera eman asmoz. Eman nahi duten itxura hori errealitatea ezkutatzeko estrategia dela diote Cabacasen senide eta lagunek. Hori gutxi ez, eta gezurretan ere aritu direla adierazi du.

Bestetik, Iñigo eta Cabacas familia bigarren mailako biktima bezala tratatu dituztela adierazi du. “Biktimeei zor zaien errekonozimendutik oso urrun, mespretxuak eta irainak entzun izan ditugu epaiketa osoan", salatu du. Ostean gaineratu du egia, aitortza eta erreparazioa beharrezkoak direla eta zigorrik gabeko epai bat ez dela onargarria izango Euskal Herriko jendartearentzat.

Ertzainak “denak balio zuela pentsatuz aritu ziren, inpunitatea zutela pentsatuz”, adierazi du. Jarrera horrek egun dugun polizia eredua zein den bistaratzen duela salatu du, “aurreko garaietatik” datorkiguna eta “egungo jendartearekin bat egiten ez duena”. “Ez da gure Polizia, eta ez ditugu gure diruarekin ordaindu nahi. Polizia eredu honek arduradun politikoak ditu, egun horretan bazituen, eta gaur egun ere baditu. Haiek dira eredu hau mantentzen eta saritzen dutenak”. Iñigori gertaturikoa berriz ez gertatzeko, beste polizia eredu bat ezarri beharra azpimarratu dute.

Iñigo Cabacasen auziari buruzko informazio gehiago, hemen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


Eguneraketa berriak daude