Militar talde batek estatu kolpea eman du Gabonen, hauteskundeen ostean

  • Omar Bongo presidente ohia 2009an hil ondoren bere seme Ali Bongo bilakatu zen presidente. Bongo familia 1967 urtetik dago boterean. Azken hauteskundeak larunbatean egin ziren eta Bongok berriro irabazi zuen iruzur salaketen artean.


2023ko abuztuaren 31n - 08:08
Azken eguneraketa: 11:43
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Militar taldea “Instituzioen Trantsizioaren eta Berrezarpenen Batzorde” gisa aurkeztu da. Telebistan eginiko agerraldian herrialdeko “krisi instituzionala, politikoa, ekonomikoa eta soziala” salatu dute militarrek. Mugak itxi eta instituzio guztiak desegin dituzte. “Hauteskundeak ez ditu bermatu bozketa garbi, sinesgarri eta inklusibo bat egiteko baldintzak”, militarren esanetan. Libreville-n, Gaboneko hiriburuan, hainbat pertsona atera dira kalera militarrei babesa erakusteko.

Kolpea Albert Ondo Ossa Bongoren oposizioko hautagai nagusiak egin zuen hauteskunde-iruzurren salaketaren ondoren eman dute. Hauteskundeek ez zuten eduki nazioarteko behatzailerik eta hauteslekuak berandu ireki ziren. Gainera, hauteskundeen ondoren Poliziak internet konexioa moztu eta etxeratze-agindua eman zuen. Ez da hauteskunde-iruzur salaketa egiten den lehenengo aldia: 2016ean ere Jean Ping opositoreak iruzurra salatu zuen, eta 2019an Bongoren aurkako estatu kolpe saiakera bat izan zen.

Nazioarteko erantzuna

Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak estatu kolpea kondenatu du. Frantziak Gabonen 400 militar eta interes ekonomiko garrantzitsuak ditu. Europar Batasunak kolpeak “Afrikari desegonkortasun handiagoa” ekarriko diola esan du, eta “kezka" adierazi du. Hainbat herrialdeek, hala nola Ameriketako Estatu Batuak, Errusiak eta Txinak, “kezka" agertu dute.


Estatu kolpeak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.