Sudanen estatu kolpea jo eta trantsizio gobernua desegin dute militarrek

  • Armadak atxilotu egin ditu Abdalla Hamdok estatuburua eta beste hainbat ministro. Demokraziarako trantsizioan, lider zibilak eta militarrak boterea partekatzen aritu dira, baina euren arteko tentsioa lehertu egin da orain. Larrialdi egoera honetan, Trantsizio gobernuak adierazi du autoritate legitimoa berea dela oraindik.


2021eko urriaren 26an - 10:57
Azken eguneraketa: 13:01
Herritarrek kaleak hartu dituzte aginte zibila itzultzeko eskatzeko. / Argazkia: @PercibeAfrica

Azken hilabeteetan saiakera bat baino gehiago egin ostean, azkenean astelehenean lortu zuten militarrek Sudan kontrolpean hartzea. Armadak estatu kolpea eman du, Abdel Fatah al-Burhan buru duela; horrek jakinarazi du trantsizio gobernua eta kontseilu subiranoa desegin dituztela. Abdalla Hamdok lehen ministroa eta beste hainbat ministro etxeko atxiloaldian ezarri zituzten hasieran, baina beranduago lekualdatu egin zituzten, nora zehaztu gabe.

Estatu kolpearen osteko egun bateko isiltasuna apurtuz, ordea, komunikatua atera du Trantsiziorako Kontseilu Subiranoak, adieraziz autoritate legitimoa berak duela oraindik ere eta militarrek harturiko "alde bakarreko neurriek eta erabakiek" ez dutela oinarri konstituzionalik, hainbatek legea urratzen duela.

Larrialdi egoera jarri dute Sudanen, eta bertako komunikabideek zabaldu dutenez, Khartum hiriburuko sarrera-irteerak zein aireportua itxi dituzte. Telebistaren, irratiaren, Internetaren eta telefono linearen kontrola ere hartu dute. Al-Burhan buruzagi militarrak adierazi du estatu kolpea “beharrezkoa” zela eta herrialdeko “bakea eta segurtasuna” bermatzeko ordura arteko trantsizio gobernua bertan behera utzi behar zela. Horren ordez, “gobernu teknokrata bat” ezarriko dutela iragarri du. Bi urte barru hauteskundeak antolatzeko asmoa azaldu du, boterea “gobernu zibil baten” esku uzteko.

Armadak boteretik kendu duen Hamdokek bultzatuta, Khartumgo kaleak hartu dituzte herritarrek, zibilak agintera itzultzeko eskatzeko. BBCren iturrien arabera, soldatuak jendearen aurka tiro egiten ari dira eta gutxienez hamar lagun hil dituzte. Etxez etxe protesten antolatzaileen bila ari dira militarrak, eta haiek atxilo hartzen. Mobilizazio jendetsuak herrialde osora zabaltzen ari dira eta hainbat sindikatuk greba mugagabera deitu dute.

Demokraziarako trantsizioa kolokan

Nazioarteko ordezkariek, hala nola AEBetakoek, Nazio Batuen Erakundekoek eta Afrikako Batasunekoek egoeraren aurrean kezka azaldu dute. Atxilotu dituzten agintariak askatzeko eta elkarrizketak abiatzeko galdegin dute.

Orain arte Sudanen demokraziarako trantsizio gobernu bat zegoen, zibilen eta militarren ordezkariek osatutakoa. Hasieratik tentsioak izan dituzte bi aldeen artean, baina azken hilabeteetan handitu egin dira; elkarri botatzen diote herrialdeko krisiaren errua.

2019ko apirilaren 11n boteretik kendu zuten Omar al-Baxir 30 urte agintean zeramatzan presidentea. Herrialdeko egoera ekonomikoa larria zen eta lehengaien eskasia zegoen; herritarrek protestak egin zituzten eta, azkenean, armadak al-Baxir agintetik bota zuen. Urte hartan zibilen eta militarren arteko Kontseilu Subiranoa osatu zuten, demokraziara trantsizioa egiteko eta ekonomia berpizteko asmoz. 2022an hauteskundeak egitea adostu zuten. Azken estatu kolpe honekin, ordea, kolokan jarri dira orain arte egindako akordioak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu kolpeak
Carlos Fonseca kazetaria
“O-23ko estatu kolpean, erregeak jeneral bati baimena eman zion kontzentrazio gobernua osatzeko”

Espainiako armadak antolatu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea, baina helburua omen zen Alfonso Armada jeneralak gidatuko zuen zibilez osatutako kontzentrazio gobernu bat eratzea, eta Juan Carlos I.ak baimendu egin zuen gobernu hori. Hori dio Carlos Fonseca kazetariak... [+]


Egungo gatazken sustrai kolonialak

Hain zabala baina europar zurientzako hain ezezaguna den Afrikak lerroburuak hartu ditu azken bolada honetan. Liskarrak, hildakoak, Polizia, agintariak, herritarrak, gazteak... egun gutxi batzuetan fokua hara bideratzen da, baina notiziak iritsi bezala badoaz, eta ahazten dira... [+]


Estatu kolpeen zerrenda handitzen ari da

Sahelen inguruan azken urte gutxian egon diren estatu kolpeen kopurua deigarria da, eta hori ulertzeko LARRUN honetan aipatu ditugun sakoneko arrazoiei erreparatu diete hainbat adituk. Herrialde bakoitzaren egoera desberdina izan arren, eta azaldutako auziez gain beste hamaika... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Militar talde batek estatu kolpea eman du Gabonen, hauteskundeen ostean

Omar Bongo presidente ohia 2009an hil ondoren bere seme Ali Bongo bilakatu zen presidente. Bongo familia 1967 urtetik dago boterean. Azken hauteskundeak larunbatean egin ziren eta Bongok berriro irabazi zuen iruzur salaketen artean.


Eguneraketa berriak daude