Bolsonaro zaleen kanpamentuak desegiten ari da Brasilgo armada, Gorenaren aginduz

  • Kolpea sustatu duten eskuin muturreko jarraitzaileak atxilotzen ari da Polizia, eta Auzitegi Gorenak exijitu die Bolsonaro zaleen kanpamentuak desegiteko 24 orduan. Gutxienez 1.200 lagun atxilotu dituzte. Bolsonaroren jarraitzaileak armadaren kuartel aurrean daude kanpatuta urriaren 30etik, eta militarrei eskatzen dihardute Lula indarrez boteretik kentzeko.


2023ko urtarrilaren 09an - 15:14
Brasilgo Justizia Ministerioaren esanetan gutxienez 1.200 pertsona atxilotu dituzte kanpamentu bolsonaristak desegiterakoan.

Brasilgo Auzitegi Goreneko epaile Alexandre Moraesek armadari agindu judiziala egin dio: Bolsonaro zaleen kanpamentu guztiak desegitea, 24 orduren buruan. Herrialdeko indar armatuek kanpaleku horietako eskuin muturreko pertsonekin duten lotura kritikatu du:"Ezerk ez du justifikatzen agintari zibilek eta militarrek finantzatutako terroristen kanpamentuak egotea, erabat modu subertsiboan eta Konstituzioarekiko inolako errespeturik gabe", Berria egunkariak jaso duenez.

Moraesek argi utzi du agindua bete ezean justiziaren esku utziko dituela Polizia eta Defentsa Ministerioa eta horren arduradunak. Folha de Sao Paulo egunkariak baieztatu du Brasiliako kanpalekua hartu dutela poliziek, eta manifestariei joateko eskatu ordubeteko tartean. Egunkariak dio ez dela istilurik egon Bolsonaro zaleen eta polizien artean. Halere, gutxienez 1.200 pertsona atxilotu dituzte kanpalekuak desegiterakoan, Justizia Ministerioaren arabera.

Jair Bolsonaroren jarraitzaileak kanpatuta egon dira armadaren kuartel nagusiaren aurrean, Brasilian ez ezik herrialdeko hainbat hiritan, urriaren 30eko hauteskundeez geroztik. Bolsonaro eskuin muturreko presidente ohiak ez zituen hauteskundeen emaitzak publikoki onartu. Ordutik Bolsonaroren jarraitzaileek jarrera bera hartu dute eta militarrei eskatu diete gobernu berriaren kargu hartzea ekiditeko.

Urtarrilaren 1ean egin zuen kargu hartzea Brasilian Lula da Silvaren gobernuak; eskuin muturraren erasoen beldurrez segurtasun neurri handien artean egin zuten ekitaldia, eta Brasilgo historian lehen aldiz presidente ohi baten parte hartzerik gabe –AEBetara alde egin zuen Bolsonarok bi egun lehenago–.

Kolpearen aurrekariak

Abenduaren 12an, Hauteskundeen Auzitegi Gorenak Brasilian onartu zuenean Lula Brasilgo presidente hautatu gisa, hiriburuko kanpalekuetako Bolsonaro zaleek su eman zieten autobus eta autoei, eta polizien aurka oldartu ziren, El Diario hedabideak gogorarazten duenez.

Seinale nahikoa zegoen igandean Bolsonaroren jarraitzaileek eman duten kolpea aurreikusteko, asteak baitzeramatzaten hori bultzatzen eta antolatzen, besteak beste, kanpalekuetan bilduta zeuden zaleek eta Lularen aurkako manifestariek. Gobernu berria horren jakitun zen, eta hedabideetan ere ohartarazten ari ziren.

Auzitegi Goreneko epaile Alexandre Moraesen aginduz Hipocritas kateko Bolsonaroren bi zale influencer atxilotu zituzten abenduan, Oswaldo Eustáquio eta Bismark Fugazza, kolpe militarra eskatzen zuten manifestazioak sustatzea egotzita. Halaber, George Washington de Oliveira Sousa 54 urteko enpresaria ere atxilotu zuten abenduaren 21ean, erregaia zeraman kamioi bat lehertzen saiatu ostean, hiriburuko nazioarteko aireportutik hurbil. Aireportu horretara ailegatuko zen Lula, kargu hartze ekitaldira. Poliziek gertakari horren ondoren jakinarazi zuten zenbait lehergailu desaktibatu zituztela Brasiliako ingurumarietan.

Oliveira Sousak atxilotutakoan zera adierazi zuen: “Armak edukitzera bultzatu nindutenak Bolsonaro presidentearen hitzak izan ziren, zeinak azpimarratu zuen arma zibilen garrantzia, honakoa esanez: ‘Herri armatu bat ez da inoiz esklabizatua izango’”.

“Terroristen inkubagailu”

Flávio Dino Justizia eta Segurtasun ministro hautatu berriak ohartarazi zuen kanpalekuak “terroristen inkubagailuak” zirela, eta abendu amaieran jada adierazi zuen kanpamentuak desegin behar zirela, Oliveira Sousaren eraso saiakeraren berri izan ondotik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude