Eskuin kolpistak eraso egin die Brasilgo erakunde nagusiei

  • Kongresua, presidentearen egoitza eta Auzitegi Gorena okupatu eta kalte handiak eragin dituzte milaka manifestarik Brasilia hiriburuan. Gobernuak lau bat ordu behar izan ditu erakundeen kontrola berrartzeko. Partehartzaileak zein sustatzaileak “identifikatuak eta zigortuak” izango direla ziurtatu du Lula presidenteak.


2023ko urtarrilaren 09an - 09:27
Azken eguneraketa: 12:37
Poliziaren helikopteroa manifestarien gainean.

Euskal Herriko igande arratsaldeko 19:30ak aldera gertatu da erasoa, Brasilgo eskuin muturrak antolatu duen manifestazio baten amaieran. Protesta Armadaren Kuartel Nagusitik abiatu da, gobernuaren egoitza nagusietatik 9 kilometrora, militarrei eskatzeko kolpea eman dezatela Luiz Inazio da Silva Lula presidentearen gobernu berria botatzeko. Manifestazioa ez zegoen baimenduta baina manifestariek lasai egin dute bidea, eta Brasilgo erakunde nagusiak kokatuta dauden eremura heldu direnean, Poliziaren hesia arazorik gabe gainditu dute.

Kongresua, Planaltoko Jauregia –presidentetzaren egoitza– eta Epaitegi Gorena okupatu dituzte milaka herritarrek, eta txikizioak eragin dituzte. Irudiak antz handia daukate bi urte eta bi egun direla AEBetan ikusitakoekin, Trumpen jarraitzaileek Kongresua okupatu zutenekoekin. Lau orduren buruan berrartu du erakundeen kontrola gobernuak, armada erabilita. Erasoan parte hartu duten manifestariak atxilotzen ari dira poliziak eta militarrak, eta hedabideetan zabaldu denez ehunka dira atxilotuak.

Lularen agerraldia

Lula presidenteak agerraldia egin du erasoa gertatu eta ordu pare batera, Sao Paulo eskualdetik –bertara joana zen uholde batzuen kalteak bertatik bertara ikustera–. Bertan jakinarazi du Brasilgo Gobernuak Brasilia hiriburuko eta Distritu Federal osoko segurtasunaren ardura hartu duela. Brasiliako Polizia Militarraren jokabidea salatu du Lulak, erasotzaileei bidea erraztea leporatuta. Distritu Federaleko Segurtasuneko estatu-idazkaria, Anderson Torres, Bolsonaroren Justizia ministro ohia da, eta erasoa gertatu den unean AEBetan zegoen, Jair Bolsonaro presidente ohia bezala. Lulak bera ere seinalatu du erasoaren erantzule gisa.

Erasotzaileak “bandalo faxistak” direla esan du presidenteak, eta partehartzaile zuzenak ez ezik sustatzaileak ere “identifikatu eta zigortu” egingo dituztela ziurtatu du.

Kargugabetzeak

Brasiliako Distritu Federaleko gobernadore Ibaneis Rochak, Bolsonarista denak, Anderson Torres Segurtasuneko estatu-idazkaria kargugabetu du. Brasilgo Epaitegi Gorenak, bere aldetik, Ibaneis Roche gobernadorea bera kargugabetu du 90 egunerako. Berri agentziek zabaldu dutenaren arabera, Alexandre de Moraes epaileak hartu du erabakia, argudiatuta erasoa soilik gertatu zitekeela "autoritateen onespenarekin, eta are parte hartze zuzenarekin”.

Bolsonaro

Jair Bolsonaro presidente ohiak AEBetan jarraitzen du. Bertara bidaiatu zuen Lulak presidente kargua hartu baino bi egun lehenago, eta ez zen abenduaren 1eko Brasiliako kargu hartze ekitaldian egon. Lehen aldiz Brasilgo historian, kargua uzten zuen presidenteak ez zion presidente banda ezarri presidente izendatu berriari.

Bolsonarok Twitter bidez egin ditu adierazpenak, behin erasoak indargabetuta zeudela. “Legearen araberako adierazpen baketsuak demokraziaren parte dira. Hala ere, eraikin publikoen harrapaketak eta inbasioak, gaur egungoak zein ezkerrak 2013an eta 2017an egindakoak, arautik kanpo daude”, idatzi du. Bere agintaldian “legeak eta demokrazia” errespetatu eta “defendatu dituela” adierazi du. Lulak Bolsonaro egin du erasoen arduradun politiko, besteak beste, hauteskundeen emaitzak ez onartzeagatik. “Brasilgo egungo exekutiboko buruak egotzi dizkidan akusazioak arbuiatzen ditut”, erantzun du Bolsonarok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude