Miel A. Elustondok irabazi du Rikardo Arregi Kazetaritza saria

  • Tonban ehortzirik artikulu sortarengatik eman dio saria epaimahaiak kazetari eta idazleari, Berria egunkarian argitaraturiko saila. Komunikazio saria Enpresabidea.eus atari digitalak jaso du. Hautagaien artean zegoen ARGIAko kazetari Amaia Lekunberri, Larrun gehigarrian anorexiaren inguruan idatzitako monografikoagatik. Epaimahaiak Pablo Gonzalezen egoera salatu eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarria ere egin du.

Aurtengo saridunak eta hautagaiak, ordezkari instituzionalekin (argazkia: Gipuzkoa Kultura)

2022ko abenduaren 01an - 06:29
Azken eguneraketa: 09:05

Andoainen asteazken iluntzean egin duten sari banaketa ekitaldian jakinarazi dituzte 2022ko Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak. Miel A. Elustondo idazle eta kazetariak irabazi du Kazetaritza saria, Berria-n argitaratu duen Tonban ehortzirik artikulu sortarengatik.

Hainbat euskal pertsonaia historikori egindako "elkarrizketak" eta XIX. mendeko emakume bertsolariei buruzko kronikak uztartu ditu Elustondok, kazetaritzatik eta literaturatik edaten dute artikuluetan: "Nik ez dut ekarri diskurtsorik, ekarri dut Rikardo", esan du biziki hunkituta, eta Gabriel Arestik Rikardo Arregiren heriotzean idatzitako poema errezitatu du. ARGIAko irakurleak ongi ezagutzen du Elustondo, besteak beste 20 urte daramatzalako kolaboratzaile gurean, bereziki elkarrizketak eginez.

Kazetaritzako hautagaien artean ARGIAko Amaia Lekunberri zegoen, Larrun gehigarrian idatzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? erreportajeagatik.

Komunikazio saria, bestalde Enpresabidea.eus-ek eraman du, informazio ekonomiko enpresarial espezializatua eskaintzen duen ataria. Maite Reizabalek jaso du saria proiektuaren izenean: "Diruaren hizkuntza gaztelera izan da tradizioz eta orain ere hala da, ez du zertan, euskara jatorrean diharduten milaka eragileren eta pertsonen lan handiari esker", esan du Reizabalek, proiektua bultzatu eta lagundu dutenei eskerrak ematearekin batera.

Pilar Iparragirre gogoan

Ekitaldiaren hasieran ohorezko aipamena egin diete Patxi Baztarrikari, besteak beste Rikardo Arregi sariei emandako bultzadagatik, eta Elixabete Garmendiari, kazetaritzako bere ibilbide profesionalagatik.

Elixabete Garmendiak Zeruko Argia-n jardun zuen 70eko hamarkadan eta harekin batera ibili zen hainbat urtez orain gutxi zendu den Pilar Iparragirre: "Saminetik, Pilarrenganaino luzatu nahi nuke gaur hemen egin zaidan aitorpena", esan du Garmendiak bere hitzartzean.

Adierazpen askatasunaren alde

Epaimahaiak aipamen berezia egin du jazarrita dauden kazetarientzat: "Ez dira garai hoberenak adierazpen askatasunarentzat. Munduan zehar kazetariak isilduak dira, epaituak edo epairik gabe kartzelatuak. Aurten ere hainbat kazetarik bizia galdu dute informatzeko eskubidearen alde lanean ari zirenean". Bereziki Ukrainako gerraren testuinguruan Polonian preso den Pablo Gonzalez izan du gogoan eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin du.

Ekitaldiaren amaieran Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitz egin du. Atzera begirako hainbat "mugarri" azpimarratzeaz gain, euskal kazetaritzak ikus-entzunezkoen arloan dituen erronkak nabarmendu ditu Zupiriak: "Espero dugu horietan bidelagun izatea", esan du.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoaingo Udalak antolatu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesten ditu diruz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude