“Mentalitateen iraultza egiten dugu guk”

  • Uztailaren 19an hamar urte bete dira Rojavako iraultza hasi zenetik Siria ipar-ekialdean. Hamar urtez Konfederalismo Demokratikoaren sistema garatzeko lanetan dabil Kurdistango Askapen Mugimendua: egitura komunalak sortzen, Estatu Islamikoaren kontra borrokan eta Turkiaren inbasioei aurre egiten, besteak beste. Alarma egoera ezarri berri da lurraldean, Turkia erasoaldi berri bat abiatzekoa delako, NATOren onespenarekin.

    PKK, Kurdistango Langileen Alderdia da askapen mugimenduaren erreferentzia ideologikoa. Bere militanteak koadro politikoak dira, eta aipagarria da borrokarekiko duten dedikazioa. Alderdira batzean uko egiten diote jabetza pribatuari eta harreman sexu-afektiboei, eta bizitza mendietan gerrilla borrokan edo gizartearen dinamizazioan ematen dute. PKKko milaka koadro politiko daude mundu osoan zehar, eta urte gutxitako bizitza laburra izan ohi dute. Beren lana eta  ikuspegia zein Rojavako prozesua ezagutu nahian elkarrizketatu dugu, Kurdistan hegoaldeko Bashur hiriran, 22 urteko Ronahi Kurdistane PKKko koadroa.

Argazkia: Azadi Press

2022ko uztailaren 19an - 01:12

Noiz batu zinen PKKra eta zergatik?

2016an batu nintzen. Arrazoia, batez ere, kide koadroen jarrera izan zen, gizartean egoteko daukaten modua. Baina nigan eragin gehien izan zuena emakumeen antolakundera hurbiltzea izan zen, bertan ikusitakoak erakarri ninduen.

Zein izan da urte horietan zure ibilbidea?

Rojavan batu nintzen antolakundera. Formakuntza bat egin bertan, eta zuzenean mendietara batu nintzen. Mendian ere hainbat formakuntza eta heziketa egin ostean Rojavara itzuli nintzen, eta bertan eman zidaten herri arabiarrarekin lan egiteko ardura. Urtebetetik gora Manbij-en egon nintzen lanean, Siria ipar-ekialdeko hiri arabiar batean, Eufratesen beste aldean.  

Gizartean lan ezberdinak egin ondoren, hezkuntza batzordean hasi nintzen. Bertan formakuntzak antolatzen genituen antolakundeko jendearentzat eta ingurukoentzat. Rojavan nengoen 2019an Gire Spi eta Serekaniyeko inbasioa gertatu zenean. Ostean, urtebete gehiago eman nuen mendietan gerrillarekin, eta orain Bashurren nabil lanean, Hegoaldeko Kurdistanen, Iraken.

Zer da koadro izatearen zailena?

Hasteko, korapilatsua da koadro izatea erabakitzea eta koadro batek hartu beharreko bidea, zaila da berez. Baina iraultzaile bezala ezin dugu esan zaila denik, egin behar dugula baizik, aitzakiek ez dute balio. Kurdistanen, borroka honengatik ez balitz, ez lirateke posible izango Rojavako iraultza, kurduok gure hizkuntza hitz egin ahal izatea, eskola kurdueraz jasotzea, eraikitzen aritzea Konfederalismo Demokratikoa eta nazio demokratikoa Rojavan… zaila da, baina egin beharra dago eta zentzua dauka egiteak.

Azken finean, egiten dugun lana pertsonak eraikitzea da. 5.000 urte dauzkan mentalitate baten aurka gabiltza borrokan, mentalitate patriarkala, zapaltzaileen mentalitatea. Eta oso zaila da hori egitea, pisu handia eta historia luzea daukalako. Sakontasun izugarria dauka, ez da erraza horri buelta ematea. Baina egin nahi dugu pertsonak maite ditugulako, gure herria maite dugulako eta askatasuna maite dugulako. Zaila izanda ere, inoiz ez dugu pentsatzen ezinezkoa dela. Inoiz ez dugu esaten “mendi horretan ezin da ibili”: pixkanaka egiten dugu bidea.

"Beti esaten nion amari ez nuela berak bizi izandako bizitza nahi"

Zertan aldatu du zure mentalitatea koadro izateak?

Aldaketa handiak izan ditut azken urteetan. Baina koadro izanda ere ezin duzu esan amaitu duzula, amaierarik gabeko bide bat da. Amaiera litzateke pertsona guztiz askeak izatea, sistemaren eraginetik garbi, eta hori ezin du ia inork esan.

Nire kasuan, 16 urterekin batu nintzen. Pentsa daiteke ume bat nintzela, baina familia kurduetan gauza asko bizi dira, ez da berdina 16 urte izatea hemen edo munduko beste leku batzuetan. Gauza asko ikusiak nituen, batez ere familia barruko presioa: aitak amari eta seme-alabei egindakoa, nebek arrebei, baita amak seme-alabei ere. Familiaren islamismoak  asko eragin zidan, eta gizartearen indibidualismoak ere bai.

Oso pertsona isila nintzen, ezin nuen publikoan hitz egin;orain  lasaitasunez hitz egin dezaket emakume zein gizonen aurrean, ez daukat arazorik pentsatzen dudana esateko. PKKko koadroak  ez gara perfektuak, horretarako daude kritika eta autokritika metodoak. Tresna horien helburua da nork bere buruaren aurkako borrokan sakondu eta arazoak gainditzea. Horrela soilik lortu daiteke pentsamendu askea, azkenerako nortasun askea garatu dezakeena. Hori izan behar da gure lanaren emaitza.

 

Argazkia: Azadi Press

Mendietan izan zara, gerrillan. Nolakoa da bertako bizitza komunala?

Zaila da azaltzea mendian izaten ditugun sentimenduak. Mendia gure ama bilakatzen da, dena erakusten digu. Ibiltzerakoan arropa zuhaitzen batean harrapatuta gelditzen zitzaidanean, mendia erakusten ari zitzaidan nola ibili behar nuen

Asko aldatzen zaitu hango bizitzak, beste modu batean sentitzen duzu. Hirietako jendeak, aitortzen ez badu ere, askotan ez du bizi nahi. Bizirik daude baina ez dute bizitza maite. Mendian, aldiz, ikasten da maitatzen, sentimenduak eraikitzen. Ni oso pertsona indibidualista nintzen, oso itxia, mendian jende asko ezagutu nuen, eta garatu egin nintzen, pertsona asko maitatzeko gai nintzen. Ez da harreman bat izatea pertsona batekin soilik, baizik eta maitasun harremanak garatu ahal izatea pertsona askorekin,maitasunaren ohiko ulerkeratik kanpo, emakumeak zein gizonak izan.

Kritika asko jaso nituen hasieran, ez nintzelako bizitza komunalera batzen, asko egoten nintzen bakarrik, baina lortu nuen gainditzea. Kide helduagoei begira asko ikasi nuen: nola sortzen dituzten harremanak, nola ulertu nahi duten ondokoaren iritzia, beti galdezka eta eztabaidatzen. Eta batez ere emakumezko kideen artean egoteak eta han eraikitako harremanek bultzatu ninduten gehien aldatzera. Alderdira batzea berriz jaiotzea bezalakoa da. Izen berri bat hartzen duzu eta bizitza berri bat idazten hasten zara, baina kasu honetan ez zure familiarentzat, ez sistemarentzat, zuretzat baizik.

Askok aipatzen duzue “berriz jaiotzea”, zure aurreko bizitzarekin apurtzea. Zer kritika dauzkazu zure lehengo bizitzarekiko?

Dena kritikatu nezake. 16 urterekin batu nintzen, baina gustatuko litzaidake lehenago batu izana, sistemaren eragin gutxiago izango nukeelako, ez nengoke hain kutsatua.

Asko eragin zidan adibidez nire amaren nortasunak. Aitak ama eta nebak jotzen zituen, asko sufritzen nuen horrekin. Beti esaten nion amari ez nuela bere bizitza nahi:beti zegoen isilik, agian noizbait alde egiten zuen baina beti itzultzen zen etxera, umeengatik. . Ezinegon horrek bila ibiltzera bultzatzen ninduen, nola eduki beste bizitza bat, nola bilakatu emakume indartsu. Momentu hartan ez nuen besterik ezagutzen, baina alderdia ezagutu nuenean jakin nuen hori zela beti nahi izan nuen bizitza, antolakundearen bizitza, PKKren bizitza.

Ni batez ere hirietan hazi naiz, hirien garapena indibidualismoan oinarrituta dago, hil egiten du bizitza komunala.

Koadroek dena ematen duzue iraultzagatik. Zalantzak izaten dituzu?

Garrantzitsua da hori, gure buruari egin behar dizkiogun galderak dira. Kontraesanak izan ditzakezu noizbait, baina ezberdina da zalantza edo kontraesanak edukitzea. Pertsona guztiek daukagu alde on bat eta alde txar bat, elkarrizketan daudenak haien artean. Zentzu horretan, zalantzak zure buruaz izan ditzakezu, nolakoa izango zaren etorkizunean, zer ekarpen egingo diozun borrokari.

Baina alderdiarekin ezin dut zalantzarik eduki. Ulertzen dugulako antolakundeak dena egiten duela herriaren eta iraultzaren alde, ez du ezer egiten etekin propioa ateratzeko, ez dago inor irabazi pertsonala ateratzen antolakundetik. Adibide argiena dira Qandileko mendietan dauden pertsonak. Bizitza eman diote antolakundeari, ordainetan ezer jaso gabe (ez soldatarik, ez autorik, ez etxerik...). Hori da herri abertzalea sortzen duena, pertsona horiek ezer jaso gabe herriagatik dena ematea.

PKK ur garbia da, goitik begiratzen badiozu hondoraino ikusten duzu argi. Jogurt txuri bat, zerbait beltza erortzen bada barruan azkar ikusten duzu. Zenbat eta konfiantza gehiago izan alderdiak bere helburuak lortuko dituela, orduan eta zalantza gutxiago izango dituzu.

Rojavako iraultza ezagutu duzu gertutik. Behin lurraldearen kontrola izanda, zein zailtasun topatu dituzue ?

Esan daiteke Rojavan nazio demokratikoa eraiki dela. Lehen aldia da herriak lidergoa daukana, lehen aldiz erabiltzen da kurduera eskoletan, unibertsitateetan... berria da guztiz. Baina ezin da esan iraultzaren lana amaitua dagoenik. Oraindik existitzen da mentalitate autoritarioa. Herri kurdua beti bizi izan da horren menpe, eta Rojavan badago oraindik. Egia da autonomia demokratikoaren sisteman herriak abangoardia paper handia hartzen duela, baina koadroak oraindik beharrezkoak dira herria hezten eta mentalitateen iraultza indartzen jarraitzeko.

Hori argiagoa da zonalde arabiarretan, non PKKk ez duen hainbeste eragin izan orain arte. Aurrerapausoak egon badira ere, herri arabiarra oso lotua dago autoritarismoari eta dominazioari, eta hori antzematen da mentalitatean. Orain gizon-emakume kopresidentzia sistema egoteak arazoak ematen ditu, baina aurrera doa. Emakume bat egon behar da beti gizartearen lidergo postuan, oso gauza berria gizarte arabiar honetan.

Guk mentalitateen iraultza egiten dugu, horretarako bitartekoak jartzen ditugu. Komunak daude herria antolatzeko, lanean gabiltza lan banaketa parekidea lortzeko, izan gizon eta emakumeen artean zein gizarteko maila ezberdinen artean. Dirua existitzen da oraindik, oso sartua dago soldatapeko lanaren kultura, baina kideak lanean ari dira horri buelta emateko, elkartasuna eta trukea sustatzen. Mentalitate aldaketa prozesu geldoa da, hezkuntza asko eskatzen du. Alderdia ezin da joan herria baino bost pauso aurrerago.

 

Argazkia: Azadi Press

Emakumearen askapen prozesua nola lantzen duzue Rojavan? Zein zen abiapuntua eta zer garatu ahal izan duzue?

Leku bakoitzean adierazpen ezberdinak izan ditzakeen arren, emakumeen arazoa berdina da mundu osoan, Rojavan, Ekialde Hurbilean edo Mendebaldean. Emakumeon esklabotza dago oinarrian, eta ez du balio arazoa zatikatzeak. Abdullah Ocalanek [PKKko liderrak] esaten du gizartearen askatasuna soilik lortu daitekeela emakumeen askapenaren bidez. Iraultza bat ez bada askatzailea emakumeentzat, ez da askatzailea izango gizartearentzat. Horregatik Rojavako iraultza emakumeen iraultza da, eta PKK emakumeen alderdia.

Noski, ezin da esan emakumeak guztiz askeak direnik Rojavan, zapalkuntza jasaten dute oraindik ere. Esklabotza egoera larriago batetik gentozen, baina orain emakumeen mugimendua instituzionalizatua dago, emakumeen etxeetatik Kongra Star-rera [Rojavako Emakumeen Antolakundeen Konfederazioa]. Ehunka erakunde dabiltza emakumeen arazoetan lanean, formakuntzak antolatzen, familietako arazoetan bitartekari gisa eta abar. Maila praktikoan ikus daitezke emaitzak,emakumeak dira gehienbat ekintzak antolatzen dituztenak eta mugimendura batzen direnak. Rojavan ikus daiteke nola berriz ari den agertzen emakumeen autoritate naturala, neolitoko garaietan zeukatena.

Hala ere, emakumeen iraultza horrek alde txar bat ere badauka. Irakurketa okerra egiten duten emakumeak daude, ulertzen dutenak askatasuna dela gizon askorekin joan eta haiek egiten dituzten gauzak egitea, etikoak ez diren gauzak. Nola gizonek egiten duten, zuk ere bai. Hori gertatzen da modu liberalean hartzen dutelako emakumeen askatasuna.

Zein da zure ametsa Rojavarentzako?

Ez dira nire amets pertsonalak, antolakundearen helburuak baizik, ez soilik Rojavarentzat, baizik eta mundu osoarentzat. Helburua da eraikitzea koadroaren rola beharko ez duen gizarte demokratiko bat. Gizartea bere kasa antolatu dadila eta bere beharrak ase ditzala, herria bera izan dadila abangoardia. Orain beharrezkoa da koadroaren figura, baina hori da daramagun norabidea.

"Rojavan lehen aldia da herriak lidergoa daukana"

Zer kritika egingo zenizkioke Europako gizarteari eta mentalitateari?

Ezer baino lehen esan beharra dago Mendebaldean badagoela historia iraultzaile handia, eta iraultzaile ugari atera direla handik. Galderari erantzunez, bi arazo nagusi ikusten ditut. Lehena liberalismoa da. Gizartea ahultzen du liberalismoak, otzandu eta lotura sozialak gutxitzen ditu, gizartea hiltzeraino. Beste arazoa askatasunaren ulerkerarena da. Ekialde Hurbilean mundu guztiak joan nahi du Europara, nahiz eta oso zaila den. Ikusten dugu hango askatasuna dela arropa motza eramatea, festa egitea eta 18 urterekin etxetik joatea. Oso azaleko gauzak dira horiek, ez dute zerikusirik benetan askatasunarekin.

Joera dago Ekialde Hurbila mespretxatzeko, baina zonalde honetan komunitatea defendatu da. Dena ez da ona, baina mantendu ditugu bizimodu komunitarioagoak, Mendebaldean pentsaezinak direnak.

Europan elkarrizketa hau irakurtzen duen norbaitek, edo mugimendu kurdua ezagutzen duenak, zer egin beharko luke?

Ez dut bertako testuingurua ezagutzen, beraz, erantzun orokor bat emango dut. Askatasunaren kontzeptua ulertzeko beharrezkoa da pentsatzea zertara etorri garen mundura. Ea benetan bizi nahi dugun markatu diguten bezala, edo arrastoa utzi nahi dugun munduan. Ocalanek dio arrastoa utzi eta historiaren parte izatera pasatzeko nork bere buruaren aurka egin behar duela borroka, aldatu ahal izateko. Ezin da bizi galdetu gabe: zer nahi dugu? Zer egiten dut niretzat? Zer egiten dut herri honentzat? Nor naiz? Nora noa?

Gaur egun jende asko dago munduan horrelako ezer planteatu gabe, helbururik gabe bizi dena. Baina galdera horien inguruan hausnartu eta erantzuna ematen diegunean soilik sortu dezakegu testuingurua sistemarekin amaitzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude