"Mendi", pintzelkadez jositako agure handi hura

  • Ortzemuga jomugan, Mendi orduak pasatakoa da Zarauzko malekoian. “Koloreak lau dira, nahiko dira”, zioen berak, Getariaren siluetari erreparo eginaz. Gerra Zibilak errotik aldatu zuen bere bizitza, baina zahartzaroarekin batera berreskuratu zuen gaztaroa eta gaztetasuna.


2019ko martxoaren 26an - 12:03
Mendi, ukabila altxata duela. Joan den astean hil zen margolaria 91 urterekin.

Erretiroa hartu orduko itzuli zen Zarautzera, ume zela bizi zen herrira. Urteak atzera egin balitu bezala sentitu zen, euskarak bere egunerokoan berriz ere txoko bat hartu baitzuen. Maiztasun handiagoz margotzeari ekin zion, eta egunero-egunero, Zarauzko malekoian tokia hartuz, pintzelkada solte eta trinkoak emanaz, egun bakoitzean ikusten zuen Getaria margotzen zuen. Kaioen txioek eta eguzkiaren argi-izpiek berarentzat aski ezberdinak egiten zituen egun bateko eta besteko parajeak.

Inork gutxik ezagutzen du Mendi Josu Txapartegi Txapas-ek bezain ongi; berarekin izan gara Mendi-ri buruz hitz egiteko. Haurrengana gerturatzeko zubia izan zen Txapas, zeina bere laguna izateaz gain Zarauzko Ikastolako irakasle ere bazen. Bitxikeria asko izan ditugu eskuartean: tartean margolariak bere pentsamenduak idazteko erabili zuen eguneroko bat, 1992 eta 1993 urteen artean idatzitakoa.

1928an jaio zen Juan Luis Mendizabal Mendi, Lekeition, eta urtebetera edo Zarautzera joan zen bizitzera. Lehen hamar urteak bertan pasa zituen euskal giroan murgildurik, baina 1938an Donostiara alde egin behar izan zuen bere familiak. “Gerrak nire mundua aldatu zuen”, dio Mendi-k bere egunerokoaren pasarte batean. CAM-en –Aurrezki Kutxa Munizipalean, egungo Kutxabank-en– egin zuen lan erretiroa hartu arte, kultura saileko arduradun gisa. 60 urterekin, Zarautzera itzuli eta Donostiara joan aurreko bizimodu hartara gerturatu zen nolabait: euskaraz inguratuta biziko zen orduz geroztik. Martxoaren 19 honetan eman zuen azken hatsa Mendi-k, 91 urterekin, bi alabak alboan zituela.

Zerbaitek pozten bazuen Mendi, txikitako euskara zahartzaroan berriz ere erabili ahal izatea zen. “Euskaraz bakarrik hitz egiten genuen Iñurritzan (ikastetxean) eta gazteleraz ikasi behar izan genuen, hori izan da bizitzan izan dudan arazo handiena”, dio Mendi-k egunerokoan. Ikastetxe haren alboan dago egungo Zarauzko Ikastola, eta mila haur inguru euskara hutsean ikasten ikusteak zabaltzen zion bihotza eta bizi-gogoa, hala oroitzen du Txapas-ek.

Mendiren margolan bat.

Katolikoa eta anarkista

Sinesmenduna izan zen beti, nahiz eta zahartzaroan zalantza asko sortu zitzaizkion; min handia egin zioten elizaren barnetik ateratako ustelkeria eta pederastia kasuek. Katolikoei buruz mintzatzean, baina, anarkista izanda, eskuinarekin lotzen zituen: “Elizako agintariak betiko eskuinarekin hobe konpondu dira, gutxienez Errege Katolikoetatik hasita”. Sarritan aipatu eta kritikatzen zuen, baita ere, elizako kide zen jende gehitxo zela agintari politiko.

Burgesia ez zuen gogoko. Are gutxiago dirudunak eta Euskal Herrian bizi baina euskal kultura sustatzeak bost axola zietenak. “Ez dute inoiz inolako zalantzarik, baina batzuetan grazia egiten didate beraien hitzek. Ez dute interesik euskararekiko, ez zaie inporta honen etorkizuna. Hauentzako dirua da garrantzitsuena, eta agintea izatea”, dio pasarte batean.

Oteitza zuen lagun

Jorge Oteitza 20 urte zaharragoa zen arren, eskultore oriotarra izan zuen lagun zahartzaroan. Auzokideak ziren, eta Mendi sarritan joaten zitzaion bisitan. Egunerokoan uler daitekenez, kezka sortzen zion lagunaren egoerak. Honela dio pasarte batean: “Esaten dit dagoeneko ezerk ere ez diola interesa sortzen, bere lagun eskultore batekin haserretu dela eta ez duela ikastolez ezer jakin nahi; txoriekin ere haserretu da”. Garai hartan hiru urteko bizi itxaropena zuen Oteitzak.

Sinesmen erlijioso guztien aurka zegoen arren, politikaz hitz egitean sarri bat egiten zuen Mendi-rekin. Noizbait Mendi-ri poema zati pasa izan zion, eta bakanen bat gorde eta egunerokoan jaso zuen. Frankistak demokratak bihurtu zirela eta horren larritasunaz hitz egiten zion horietako batean.

Astelehenetan, haurrekin margotzen ikastera

Txakurra aldamenean eta euskara ahoan, astelehen goizetan Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolarako bidea egiten zuen. 6 eta 7 urteko kasik 100 haur zain izaten zituen, tartean ni. Txapas-ek dioen bezala, haize freskoa zen hori Mendi-rentzat. Gogoz eta ilusioz, eta euskara hutsean beti ere, imajinazioa lantzen jartzeko prest egoten ginen gu. Karrotxoa hartuta noizbehinka ekiten genion malekoirako bideari, eta ortzemugara zein Getariara begira jartzen gintuen, ikusi zein imajinatutakoa ondoren margoekin irudikatzeko. Bizitakoa biltzeko, eta eskertzeko noski, bideo bat egin genion Pirritx eta Porrotxen laguntzaz, eta Mendi-k berak ere, antza, eskertzen zuen Ikastolara joatea. Honela idatzi zuen berak egunerokoan, ikasleon argazkiaren alboan: “Ikastolako haurrak eta xoriak kantari entzuten ditut. Euskadiren azken esperantza dira”.

Denbora bahitzen aditua zen Mendi, baina denborak bera bahitu zuen aurreko astean. Bihotzez eskertuta gaude ezagutu izanaz, eta eskertzekoa da baita ere Txapas-ek artikulu hau egin ahal izateko emandako laguntza; batik bat, agure handi hura margolaria baino askoz gehiago zela erakusteagatik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude