Beste munduko margolanak

  • Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean gordeta izan ziren bi hamarkadetan, sortzaileak berak horrela aginduta. Hala, kutsu naturalistako potretak eta paisaiak margotzen zituen bitartean, Hilmak pintura abstraktuaren estreinako urratsak egin zituen ilunpean. Obra horren xedea ikusiezina den oro moldatzea zen, kosmosean nor garen jakiteko asmoz. Finean, Hilmaren helburua bizitzaren misterioa argitzea zen, bizitza ulertuta bilakaera espiritual baten gisara.

Hilma af Klint-en erakusketa bat Bilboko Guggenheim museoan, 2018an. (Argazkia: Guggenheim Museoa)
Hilma af Klint-en erakusketa bat Bilboko Guggenheim museoan, 2018an. (Argazkia: Guggenheim Museoa)

Obra abstraktu horretan formatu handiko koadroak nabarmentzen dira, eta margolan handi horietan, elementu errepikatuak ageri; tartean, zirkulu zentrokideak, obaloak eta espiralak. Gaiei dagokienean, aspektu metafisikoak nagusitzen dira: kosmosa bere osotasunean, munduaren sorrera eta dualtasunak (materia eta espiritua; femeninoa eta maskulinoa). Forma zirkularrek eta espiralek eboluzio humanoa sinbolizatzen dute, eta kolore horiak eta urdinak, berriz, gizona eta emakumea. Sinboloak beste dimentsio batzuetarako sarbideak dira.

Bere pinturak beti beltzez janzten zituen Hilmak munduko goi entitateen agindupean pintatzen zuen. Horretarako, medium gisa aritzen zen espiritismo saioetan, beste emakume artista batzuekin batera. Bilera espiritista horietan, gerora surrealistek sarri erabiliko zituzten teknikekin esperimentatu zuten; idazketa eta marrazketa automatikoa. 10 urteko ahizpa txikia hil zitzaionean piztu zitzaion ezkutuko zientziekiko zaletasuna. Hala, tradizio espiritistaren jarraitzaile sutsuak ziren hainbat lagun ezagutu ez ezik, zenbait talde espiritualetan parte hartu zuen, hala nola, Teosofian, Rosekreutz-en eta Antroposofian.

Elkarte teosofikoaren oinarrizko irakaskuntzaren arabera, erlijio guztiek “egia komun” bat dute, erlijio bakoitzaren esentzian dagoena. Hilma ere egia komun horren atzetik aritu zen, pintura eta espiritualtasuna uztartuta. Pintorearen hitzetan, “bizitza fartsa bihurtzen da egiarentzat balio ez badu”.

Hilma af Klint-en erretratua. (Egile ezezaguna)

Hilma 1944. zendu zen, auto ezbehar baten ondorioz. Aurretik, baina, bere heriotza “sumatu” zuen, hainbat gauetan ezbeharra amestu baitzuen: basoko errepide batean auto istripua, orban beltz batek begirada estaltzen zion bitartean, eta bere eskuak zilar koloreko autoaren bolantetik irrist egiten zuten momentuan. 2024an, pintore suediarraren heriotzaren 80. urteurrena izango da.

“Bostak”
Hilma txikitatik hasi zen margotzen, batez ere paisaiak, naturak liluratuta. Alabak artearekiko agertu zuen pasioaz jabetuta, gurasoek Stockholmeko Eskola Politeknikora bidali zuten. Urtebete beranduago, ahizpa txikia hil zitzaion gripeak jota, eta ondorioz, orduan bogan zegoen espiritismoarekiko jakin mina loratu zitzaion. Era berean, Madame Blatavsky Elkarte Teosofikoaren sortzaileetako baten testuak irakurtzen hasi zen grinatsu, eta Stockholmeko Elkarte Teosofikoan parte hartzen.

Bere karrera artistikoarekin jarraitzeko asmoz, 1882an Arte Ederren Akademia Errealean ikasi zuen, eta erakunde horretan ezagutu zuen bere ibilbidean funtsezkoa izango zen beste emakume artista bat: Anna Cassel. Behin ikasketak amaituta, Annak eta Hilmak beren kezka artistikoak eta espiritualak beste maila batera eramatea deliberatu zuten. Hala, 1887an, De Fem (“Bostak”) taldea sortu zuten beste hiru emakume artista hauekin batera: Cornelia Cederberg, Sigrid Herman eta Mathilda Kilsson.

Taldea ostiralero biltzen zen “beste munduko izaki espiritualekin kontaktatzeko” asmoz. Saio horietan marrazketa eta idazketa automatikoarekin esperimentatu zuten. Bada, automatismo horiek eragindako ohar eta zirriborroak funtsezkoak izan ziren Hilma-ren lan artistikoan, ezkutuko mezuak margolan bihurtzen baitzituen.

Mezuok goi entitate espiritualek bidaltzen zizkieten, eta beste munduko izaki horien izenak ere jaso zituzten beren kaieretan: Clement, Gregor, Anandas, Amaliel eta Amalius. Maisuon mezua argia zen: saioetan sortzen zituzten marrazkiak gorde behar zituzten. “(…) Gureak koadro hetereo uhindunak dira, eta gorde behar ditugu, egunen batean mandatu zintzo bat ikasi ahalko dutenen begien eta belarrien zain baitaude”.

Arte espirituala
Batzar espiritista horiek 1907ra arte iraun zuten, eta bertan bildutako ohar, marrazki eta testuak ezinbestekoak izan ziren Hilmaren lan abstraktua gauzatzeko, saio espiritista horietan ikasitako automatismoen bidez margotzen baitzuen, pintore medium baten gisara. Artistaren arabera, “sasoi honetako obrak nigandik etorri ziren, aurretik egindako marrazkirik gabe”.

Garai horretako obrarik azpimarragarriena Tenplurako margolanak (1906) da: bere gidari Amalieli zuzendutako Taulei buruzkoa da, zeina 193 koadroz osatua dagoen. Hilmaren aburuz, medium aritu zen obra horretan, goitik hitz egiten zion Amaliel maisuaren agindupean. Lan monumentala, berritzailea eta aparta da, eta serietan eta taldetan katalogatu zuen. Hainbat gai jorratzen dira: mundu materialaren garapena eta agerpena, materiaren sorrera espiritutik azalduta, giza eboluzioaren etapak, materiaren eta gizakiaren dualtasuna, eta abar.

Artelan erraldoi hori sekretupean gorde zuen artistak. Hala, jainkotegirako koadroak ikusi zituen bakanetako bat Norvegiako Elkarte Teosofikoaren sortzaile Rudolf Steiner izan zen, 1920an, Hilmari ama hil zitzaion urtean. Steinerrek eragin handia izan zuen sortzailearengan, eta margolanak 50 urtez gordetzeko eskatu zion, mundua ez baitzegoen prestatuta lan haiek ikusteko –azkenean 20 urte baino ez ziren izan–. Horrekin batera, Hilmaren medium gaitasuna zalantzan jarri zuen, eta ondorioz, depresioan hondoratu zen artista. Hamarkada bat inguru eman zuen margotu barik.

Hilma ez zen ezkondu, eta ez zuen seme-alabarik izan. 1944an hil zen, 82 urte zituela. Bere iloba Erik af Klint izan zen 1.000 margolanen eta 100 koadernoren ondarea jaso zuena. Izekoren esanak bete zituen, eta obra osoa gorde zuen 20 urtez estalpe batean, 1986an ezagutzera eman zuen arte, Los Angeles (AEB) hiriko Artearen Museoan museoan egindako erakusketaren bitartez, The Spiritual in Art: Abstract Painting 1890-1985 ("Espiritualtasuna artean: pintura abstraktua 1890-1985").

XX. mendea gainditu duen emakume pintore mediumen tradizioaren ordezkaria izan zen Hilma af Klint, besteak beste, Josefá Tolrà katalanarekin, Marjorie Cameron estatubatuarrekin eta Madge Gill britainiarrarekin batera. Emakume horiek espiritualtasunaz baliatu ziren beren artea gauzatzeko, baina, era berean, espiritualtasun hori jarrera bilakatu zuten beren bizitzei aurre egiteko, duintasunez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


Eguneraketa berriak daude