“Nirea ez da pintura atsegina, tragikoa da”

  • Laster beteko dira 50 urte Iruñeko Topaketek hiriburua hartu zutenetik. Huarte enpresari familiak finantzatuta, mundu osoko arte garaikidearen erakusgarri izan zen hiria 1972ko uda hasieran, astebetez. Baina arteaz gain, garaiko tentsio politikoen isla ere izan zen jaialdia. Protagonismo handiz bizi izan zuen ordukoa Xabier Morras pintoreak (Iruñea, 1943), Topaketetako Egungo euskal artea erakusketako partaide gisara. Bere azalean bizi izan zuen zentsura, baina baita zuri-beltzeko Iruñean arteari arrakala bat irekitzeko aukeraren ilusioa ere.

Xabier Morras, urteak margotzen daraman Amaiurko batailako koadroaren aurrean. Ez du bukatzea aurreikusten: “Perfekzioa eskuraezina da. Ez da sekula amaitzen” (Argazkia: Josu Santesteban)
Xabier Morras, urteak margotzen daraman Amaiurko batailako koadroaren aurrean. Ez du bukatzea aurreikusten: “Perfekzioa eskuraezina da. Ez da sekula amaitzen” (Argazkia: Josu Santesteban)

Frankismoa eta arte garaikidea, lehen bistan ez dirudite oso bateragarri.

Iruñean, artearen mundua ez genuen oso eskura, oso mugatuak ziren aukerak. Baziren erakusketa gutxi batzuk, Madalenako zubia edo Katedralaren soslaia pintatzen zuten margolarienak eta. Pintura duina zen, eta eskaera sozial bati erantzuten zion, plazer estetikoarenari. Baina frankismoan jaioak ginenok, dagoeneko, begi bat gurean jarria genuen, eta bestea kanpoan gertatzen ari zenean. Tantaka iristen zitzaigun, ez genekien gehiegi arte garaikidearen bideez.

Testuinguru horretan, zer ekarri zuten 1972ko Topaketek?

Topaketekin bi gauzatan asmatu zen nagusiki. Bata, Iruñean egitea; hiri handiago batean urtu egingo lirateke. Eta bestea, Huarte familiak antolakuntza Luis de Pablo eta Jose Luis Alexancori enkargatu izana; alegia, bi artistari, eta ez bi aditu, edo bi arte komisariori.

Astebetean, une horretan munduan egiten ziren arteen kontzentrazioa egon zen hirian. Mendebaldeko artea eta mendebaldekoa ez zena nahasi ziren. Indiako musika tradizionaleko talde bat eta, aldi berean, John Cage, musika apurtzaileena egiten zuena. Abanguardiaren eta arte tradizionalen fusio hori oso ederra izan zen. Esku-pilota partidu batekin inauguratu ziren Topaketak, Labriten. Mundu osoko jendea, eta Labrit gainezka. Pentsa zenbat pilota partidu ikusi dugun. Ba ordukoa ezberdin ikusi genuen: soinua John Cage zen, pilotarien mugimenduak ballet garaikidea. Ederra zen hura, eta gurea birdeskubritzeko balio izan zigun.

Nola bizi zuen Iruñeko jendeak?     

Uste dut Iruñeko jende gehienak harridura, txundidura eta gaitzespen nahasketa batekin bizi izan zuela. Jende gazteari eragin zion gehiago, ordurako bidaiatzen hasiak ziren horiei, 68ko maiatza bizi izan zutenei, eta garaiko joeren aurrean irekiago zirenei.

Euskal artearentzat, hasiera batean, ez zegoen espazio propiorik aurreikusita.

(Argazkia: Josu Santesteban)

Nik Nafarroako Aurrezki Kutxako kultur aretoa zuzentzen nuen. Bada pentsa, ni, espazio horren arduraduna nintzena, hilabete lehenago enteratu nintzen Topaketen antolakuntzaz. Topaketak metropolian pentsatu ziren, eta gero etorri ziren tribuarengana: “Hemen egongo da artea egiten duen norbait”, esango zuten. Eta esan ziguten euskal artearen erakusketa bat izango zela.  

Zure obra ez zitzaien asko gustatu.

Kristo bat jarri nuen, ahoa plastiko batekin estalia, eta halako bi jarri nizkion alde banatan [polizia bat irudikatzen duen figura seinalatuz]. Kristo nor zen? Gu, denok. Eta ondokoak, zelatatzen gintuztenak [barrez]. Baina obra erretiratzeko erregutu zidaten, aurretik ere [Dionisio Blancoren] koadroarekin egin bezala. Hark uko egin zion kentzeari, eta Arrik eta [Agustin] Ibarrolak, elkartasunez, haienak estali zituzten. Baina niretzat garrantzitsua zen Topaketek aurrera egitea. Eta, beraz, obra kendu eta beste bat jarri nuen. Gero ETAk bonba bat jarri zuen kotxe batean, eta PCEk manifestu bat idatzi zuen Topaketak kritikatuz, Espainiaren normaltasun irudi bat emateko asmoa zutelakoan.

Zuk nola bizi zenituen kritika horiek?

Pentsa, milioidun familia bat, Medici gisara, hitz egitea ere debekatua zegoen herrialde batean beste inork antolatu ezingo lukeen halako zerbait antolatzen, zuen botereagatik. Hori zen kritikatzen zena, eta neurri batean arrazoia zuten. Baina horren arabera, ezingo genukeen ezer egin. Eta sistemari arrakalak irekitzea zen kontua. Madrildik-eta etortzen ziren intelektual horientzat erraza zen. Baina hemengoentzat zer? Guretzat hil edo bizikoa zen Topaketek jarraipena izatea.

Baina ez zuten jarraitu. Ez zen beste ediziorik antolatu.

Hori izan da gure desgraziarik handiena. Iruñerako eta gure herriarentzat oso gauza ederra litzateke. Baina begira ze udal genuen hemen, ze diputazio. Hemengo botere eliteei, ziurrenik, ez zitzaien gehiegi gustatu.

Topaketek ez, baina zuk segitu zenuen zure ibilbide artistikoarekin. Ez da erraz laburtzen 60 urteko obra, baina nola deskribatuko zenuke?

Nirea ez da pintura atsegina, tragikoa da. Eta askotan galdetu diot nire buruari zergatik. Holandan jaio banintz beste ukitu bat izango luke. Hemen frankismoa ikaragarria izan zen. Nik, bost urterekin, etxekoak ahopeka entzuten nituen, Iruñeko Gaztelugibelean fusilatzen zituztenei buruz. Horrek denak asko eragin zidan, eta nire pinturak badu halako patu dramatiko eta tragiko bat. Jendeak zer nahi du etxean? Pintura atsegina, polita, koloretsua. Baina ni lasai aski bizi naiteke Goyaren Fusilamenduekin. Niri, tragikoa baino, inguratzen nauenarekiko autentikoagoa iruditzen zait.  

Aurreko batean entzun nizun iraganaren motxila kentzeko gogoa duzula.

Baina oso zaila da. Eta margotzea terapeutikoa da. Ni oso traumatizatua egon naiz Gaztelugibeleko fusilamenduekin. Duela urte gutxi batzuk horri buruzko koadro bat egin nuen. Hor agertzen dena egia historiko zorrotza da, pasa zen. Bada ez naiz erakustera ausartzen. Ongi etorri zait margotzea, baina ez nau sendatu, benda bat jarri baizik. Zauria hor dago. Eta ez naiz erakustera ausartzen. Beraz, askatasuna dagoela… kontuz, puntu bateraino.

Irudiaren lilura, txikitatik

“Txikitan eskolak beldurgarriak ziren, hezkuntza basatia zen. Baina ostegunetan marrazketa klaseak geneuzkan, eta irrikaz egoten nintzen zain, niretzat hura liberazioa baitzen. Alboko kideak ikaragarri ongi marrazten zuen, eta esan zidan: “Bada nire anaiaren marrazkiak ikusiko bazenitu…”. Biharamunean anaiaren marrazki bat ekarri zidan. Tximista batek zeharkatu banindu bezala izan zen, bat-batean argi ikusi nuelako nik halako zerbait sekula ez nukeela egingo. Frustrazio ikaragarria izan zen. Baina gero, haiek sekula ez ziren horretara dedikatu, eta ni, traketsena… Ordutik, ez diot irudiak ekoizteari utzi. Nire biografia osoa dago irudiaren munduari lotua, irudiak liluratzen nau. Hori gabe ez nintzateke ni, beste norbait nintzateke”.

 


ASTEKARIA
2022ko maiatzaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude