Erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia egingo dute Hernanin azaroaren 3tik 13ra

  • Hamahiru film proiektatuko dituzte, dohainik, eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko egileekin, protagonistekin edota gaian adituekin solasaldiak antolatu dituzte. Eskubide urraketen aurrean munduko hainbat txokotan antolatutako erresistentziak erakutsaraziko dira zine zikloan, eta hizpide izango dituzte emakumeen zapalkuntzak, pertsona migratzaileen eskubideen urraketak, haur eta gazteen eskubideak, eta abar.

Eskubide urraketen aurrean antolatutako erresistentziak izango dituzte hizpide.

2022ko urriaren 25an - 11:24
Azken eguneraketa: 12:28

Lehen aldiz antolatu du Hernaniko Udalak Hariak zinemaldia, “erresistentzia istorioak” kontatzeko eta herritarrak munduko hamaika eskubide urraketen aurrean sentsibilizatzeko helburuarekin. Xabier Lertxundi EH Bilduko alkateak “mugarritzat” jo du zine zikloa: “Programazioa oso-oso konpletoa da, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak izango ditugu”. Film bakoitzaren ostean solasaldi eta mahai-inguruak izango dira, ikus-entzunezkoak jorratutako gaian sakontzeko.

Azaroaren 3tik 13ra bitartean zine areto bilakatuko dute Kulturarteko Plaza Feminista. Garrantzia eman nahi izan diote espazio horretan izateari, bertan biltzen baitira udaleko kulturartekotasun lankidetza eta berdintasun sailak, baita feminismoan eta arrazakeriaren aurka lanean diharduten eragileak ere. Sarrera guztiak doakoak izango dira, eta kalkulatu dute saioko 40-50 lagun elkartzeko tokia izango dela. Halaber, zinemaldiak irauten duen bitartean “Tras las huellas de l_s desaparecid_s” (Desagertutakoen aztarnei segika) erakusketa jarriko dute.

Askotariko gaiak plazaratuko dituzte, hala nola emakumeen bizitzetan eragina dutenak, migrazioa, arrazakeria, sexu eskubideak, abortu eskubidea, haurtzaroa, indarkeria, gazteak… “Film berriak topatzen saiatu gara, munduko hainbat txokotakoak: Afrika, Latinoamerika, Europako kanpamenduak, eta Euskal Herrikoak ere bai, hemen ere gertatzen direlako eskubide urraketak”, argitu dute antolatzaileek.

Jarraian programazio osoa eta solasaldietako protagonistak:

AZAROAK 3

19:00 Flores de la llanura. Film labur hau jatorrizko hizkuntzan emitituko da, Ñomndaa, gaztelaniazko azpitituluekin, eta bertan izango dira Mariana X. Rivera zuzendari mexikarra, Antropologian doktorea, eta Josue Vergara ekoizlea.

AZAROAK 4

18:00 Nuestra libertad. Celina Escher zuzendari suitzar-salvadortarraren filma, El Salvadorren estreinaldian bertan behera utzi dute abortuaren aurkako taldeen mehatxuengatik. Ondorengo solasaldian Ana María Palacios Briceño, nazioartean gai honetan espezializatutako abokatu feminista, eta Naroa Iturri Lizarribar, Askabide Klinikako kidea, izango dira.

AZAROAK 5

11:00 La vida despues del ISIS. Alba Sotorrak Al-Roj atxilotze esparrura sartzea lortu zuen Siriako ipar-mendebaldean, eta bi urteko filmaketaren ondoren, ISISen gaineko galderak aurkezten dituen dokumentala kaleratu zuen.

18:00 Como yo queria. Udaberri Arabiarrak askatasun itxaropena eta aldaketak ekarri zituen; hala ere, sarritan ahaztu egiten da 2011ko urtarrilaren 25ean Kairoko Tahrir plazan egindako protesta jendetsuan taldeko bortxaketa basatiak gertatu zirela. Egiptoko emakumeen haserreak protesta handia eragin zuen haien eskubideak defendatzeko. Samaher Alqadi zuzendaria lehen lerroan egon zen komunikabideetan oharkabean pasatu zen emakumeen matxinada bat atzemateko.

Olga Rodriguez Ekialde Hurbilean aditu den kazetari eta idazleak testuinguruan jarriko ditu bi filmak.

AZAROAK 6

11:00 Els nostres George Floyd. George Floyden heriotzaren ondoren manifestazioak izan ziren Espainiako Estatuan, eta kolektibo askok kritikatu zuten garai hartako hipokrisia soziala. Marc Almodovarrek eta Ricard Gonzálezek dokumental bat egin dute, Espainiako Estatuan gertatu diren antzeko kasuak ikusarazteko eta salatzeko; bertan izango dira bi egileak.

18:00 918 gau. Kartzelatik atera eta sei urtera, orduko argazki eta gutun artxiboa errepasatzean, ohartu zen Arantza Santesteban lehen aldiz esku artean zeukanaren dimentsioaz. Orduan hasi zen forma hartzen 918 gau, bere militantzia-esperientzia kontatzen duen filma.

AZAROAK 9

Hernaniko Institutuko ikasleekin saio berezia. Kalean. Donostian kale bizi diren edo bizi izan diren gazte atzerritarren bizipenak lehen pertsonan kontatzen dituen dokumentala. Dokumentalean parte hartu duten gazteetako batzuk izango dira saioan.

AZAROAK 10

18:00 Indestructibles. Xavier Aldekoa kazetariak eta Alfons Rodriguez argazkilariak aurkeztuko dute proiektu transmedia, Afrikako zenbait herrialdetako bost gazte protagonisten historiak kontatzen dituena.

AZAROAK 11

18:00 Awlad. Hesiak gainditu. Ane Irazabal kazetariak eta filmaren zuzendariak streaming bidez hartuko du parte. Lau haur errefuxiaturen historiak kontatzen ditu.

AZAROAK 12

11:00 Ipar Basatia. Irun-Hendaia eta Mexiko-AEB arteko mugen gainean hitz egiten duen dokumentala. Mahai-ingurua egingo dute Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak, Anaitze Agirre EHUko ikerlariak eta Mariana Zaragoza Mexikoko giza eskubideen defendatzaileak.

18:00 Aquí estamos. Azken urteotan Kanariar Uharteak bihurtu dira Europara sartzeko ibilbide nagusia. Bertan bizi duten egoera salatzen du dokumentalak. Javier Rios zuzendaria eta Loueila Mint El Mamy migranteen eskubideen alde lanean ari den abokatu sahararra izango dira solasaldian.

AZAROAK 13

11:00 Vecinas, vivas donde vivas eta Vidas invisibles. Mujeres migrantes bajo el plástico. Almeriako landaguneetan emakumezko jornalariek jasaten duten esplotazioa eta eskubideen urraketa salatzen dituzte bi film horiek. Nadia Azougagh giza eskubideen ekintzailea eta Nora El Hadramy jornalari eta aktibista izango dira gaiari buruz hizketan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza eskubideak
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Eguneraketa berriak daude