Marvel Kapitaina eta SuperGirl, Lanbideren ateetan gaizkia borrokatzen

  • Indarkeria matxista pairatu duten emakumeei dagozkien diru-laguntzen aurrean, Lanbidek ezartzen dituen trabak eta murrizketak salatu dituzte Barakaldoko Beurko auzoko Lanbideren bulegoan.

ARGIA @argia
2019ko apirilaren 09a
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren kontrako plataformak burutu dute ekintza astearte goizean. Bi ekintzaile Marvel Kapitaina eta SuperGirl superheroien mozorroekin azaldu dira Euskal Enplegu Zerbitzuak Barakaldoko Beurko auzoan duen bulegoaren ateetara, salatzeko ezein superheroik jendartea salbatzeko baino balentria gehiago egin behar izaten dituztela zenbait emakumek hilabete amaierara heltzeko.

Ekintzaren bidez, udalerri bereko emakume batek egindako arrazoibideak aurkeztu dituzte. Aipatu emakumeak indarkeria matxista pairatu du, bi adingaberen kargu da, eta ongintzako erakundeen bidez jasotako elikagaien eta familia zein auzokideen babesari esker bizirauten du. Bizi duen egoera zaurgarria izanik ere, Lanbidek “modu sistematikoan” ukatzen dizkio dagozkion diru-laguntzak.

Arrazoibideekin batera, indarrean den jurisprudentzia eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeak zein honen babespean diren adin txikikoak babesten dituen legeria ez aplikatzeagatik Arartekoak Lanbideren kontra emandako ebazpenak ere aurkeztu dituzte.

Ekintzarekin, indarkeria matxista pairatu duten emakumeekiko Lanbideren jokabide oker hau eguneroko ogia dela ulertzera eman dute. Hori horrela, Lanbideren praktika txarrek emakumeak abusu, jazarpen eta erasoak pairatzera derrigortzen dituela nabarmendu dute, laguntza faltak derrigortu egiten baititu indarkeria matxista pairatzen jarraitzera.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: DSBE  |  Indarkeria matxista  |  Barakaldo

DSBE kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude