Manifestazio nazionala izango da azaroaren 18an Beskoitzeko ikastolaren alde

  • Ikastolak eraikina jaso nahi du herri lurretan eta herriko etxeak ezezkoa emana dio. Ikastolako eragileek salatu dute proiektuari baldintza arbitrarioak ezartzen dizkiotela eta hautetsiekin elkarrizketa izatea ezinezkoa dela. Manifestazio nazionalera deitu dute azaroaren 18an, Beskoitzen. Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak antolatu dituzte.

Argazkia: Enbata.

2023ko azaroaren 17a - 10:21
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Beskoitzeko herriko etxea eragozpen teknikoak ari da mahai gainean jartzen ikastolak bere proiektua aurrera eraman ez dezan. Ikastolaren hainbat eskaerei ezetz esan die, eta hortaz, proiektu nagusia, hau da, prefabrikatuak kendu eta eraikina jasotzea ezinezko bihurtzen dute. Seaskako eragileek eskatu dute herrian dauden gela hutsak baliatzea, herriko kantinan bazkaltzea, aparkaleku publikoan autoa uztea edota jabe pribatu baten lursaila alokatzea. Denari ezezkoa eman dio herriko etxeak. Eraikin berria egingo balute, 50 ikasleko muga ere ezarri diete. Gaur egun, 51 ikasle dituzte.

Pello Jorajuria Seaskako lehendakaria da eta Euskal Irratiei egindako adierazpenetan azaldu du 1970eko hamarkadako hautetsien jarrerak gogora ekartzen dituela orain jazotzen ari denak: “Herriko etxearen jarrera euskararen kontrakoa da eta nahita hartzen du. Ikastola mugatu nahian, nahi dute euskara mugatu beren herrian. 1970eko hamarkadan ezagutu genituen horrelako hautetsiak, uste genuen garaia gainditua zela, baina ez, beti hor dira euskararen kontra egin nahi duten herriko etxe batzuk”.

Herriko etxearekin ezin hitz egin

Ikastolako ordezkariek duela hilabete Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetarekin hitz egiteko aukera izan zuten eta herriko etxearekin bitartekaritza bideratzeko eskatu zioten. Baiezkoa eman zuen prefetak.

Herriko etxeari ikastolako ordezkariek elkarrizketarako deia egina die, baina ez dute erantzunik jaso. Sud Ouest egunkarian haien iritzia azaldu zuten Christine Cheverry Paluat eta Patrick Eliçagoyen auzapezordeek. Artikuluan eraikina egiteko baimena zergatik ez zuten emango azaldu zuten.

Julen Jauregi, Beskoitzeko ikastolako koolehendakariak hautetsiek prentsan idatzitakoaz egin ditu adierazpenak Euskal Irratietan: “Prentsaren bidez, haien erantzunean erraten digute airea hartzeko gure gunean behar ditugula gehitu bi aparkaleku toki… Eta azkenean, zer izanen da ondokoa? Beti baldintza arbitrarioak metatzen ditugu eta aski dugu. Guk nahi duguna da haiekin mintzatzea eta horregatik galdegiten dugu Seaskarekin azaroaren 18an denak biltzea, Beskoitzen erakusteko Euskal Herriak nahi duela ikastola bat atera dadin hemen. Euskararen geroa jokatzen da” .

Azaroaren 18koa manifestazio nazionala izango da, “ahalik eta erakustaldirik handiena egiteko”. Nekane Artola, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko buruak hala hitz egin du Euskal Irratientzat: “Badago hemen blokeo egoera bat, eta honek behar du desblokeatze bat, eta desblokeatze horretan ikusten dugu Euskal Herriko ikastolen babesak indarra emango diola elkarrizketari”.

Hamar urte ikastola prefabrikatuan

Beskoitzeko ikastola 2014an jarri zen abian eraikin prefabrikatuan, herriko etxeari alokatutako lurretan. Lau ikasle hasi ziren. Beti izan dituzte gorabeherak herriko etxearekin. Duela hiru urte hasi ziren hizketan eraikitzeko baimena eskuratu ahal izateko. Irail honetan jaso dute erantzuna, Ayensa alkateak ezezkoa eman du. Herriko lurretan egoteko baimena du ikastolak, baina oraingoz eraikitzeko baimenik ez. 51 haur ari dira ikasten prefabrikatuetan.

 


Seaska kanaletik interesatuko zaizu...
2023-11-20 | ARGIA
Beskoitzeko ikastolaren alde ehunka euskaltzale bildu da

2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.


2023-11-17 | Euskal Irratiak
"Ikastolaren garapena oztopatuz, euskararen biziberritzea gelditu nahi dute Beskoitzen"

Egoera tirabiratsua bizi dute Beskoitzeko ikastolako gurasoek herriko etxearekin. Herriko gelak baliatzeko debekuak, baimen ezeztatzeak edota jantegi publikoan bazkaltzeko mugak...


Beskoitzeko ikastolak hamar urte egin ditu eraikin prefabrikatuetan

Ikastolak eraikina jaso nahi du herri lurretan eta herriko etxeak ezezkoa emana dio. Ikastolako eragileek salatu dute proiektuari baldintza arbitrarioak ezartzen dizkiotela eta hautetsiekin elkarrizketa izatea ezinezkoa dela. Manifestazio nazionalera deitu dute azaroaren 18an,... [+]


Urruñako ikastolan ere TxikiLinux erabiltzen hasi dira

Donibane Lohizuneko ikastola izan zen TxikiLinux erabiltzen hasi zen Ipar Euskal Herriko lehen ikastetxea. Bide beretik, sistema eragile libre eta euskaldunaren aldeko pausoa eman dute orain Urruñako ikastolan.


2023-09-08 | Euskal Irratiak
Iazko ikasle kopurua mantendu du Seaskak, goranzko joerarekin

Senpereko Kattalin Elizalde kolegioarekin 39. ikastetxea ireki badu ere, 4.177 haurrekin egin da sartzea, haur hezkuntzatik lizeora. Kopuruak mantentzen dira beraz, bereziki lizeoan eta kolegioetan irabazi, eta lehen mailan galdu baitira haurrak.


Eguneraketa berriak daude