5.000 urte zorpean baina oraingoan barkamenik ez

  • “Barkatu gure zorrak, guk gure zordunei barkatzen dizkiegun bezala” errezatu dute bi mila urtez kristauek. Antzeko eskariak egin dituzte gainerako erlijioetan. David Graeber antropologo anarkistak dio zapaltzaileek beti jakin izan dutela tarteka zorrak barkatu behar zirela, zorpetuak matxinatu ez zitezen. Beti... neoliberalismoa heldu arte.


2012ko irailaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Wikipediako argazkian, ezkerrean, David Graeber kaleko protesta batean New Yorken. Elkarrizketa batean honela mintzatu da Occupy Wall Street mugimenduaz: “#Occupyren sorreran inplikatutako lehenengoak gehienak antikapitalistak ziren. Galdetzen badida

Zorrak barkatu, ez da beste biderik. Historian zehar behin eta berriro egin dute estatuek, hala ezarri dute erlijioek, hain zuzen establishment-aren  iraupenerako, itolarriaren herioan herritarrak dena ipurdiz gora jartzen hasi baino lehen. Horrela mintzo dena Occupy Wall Street mugimenduko bultzatzaileetakoa da, baina antropologo anarkista famatua ere bai. David Graeberren Debt: The Fist 5.000 Years (Zorra, lehen 5.000 urteak) hemengo liburutegietan asteotan banatzen da gaztelaniaz En deuda, una historia alternativa de la economía izenburupean.

David Graeber (AEB, 1961) Londresko Goldsmiths unibertsitatean irakasle da, aurretik Yalekoak kanporatu ondoren. Aurretik idatzita dauzka besteren artean bat Madagaskarreko herritarren artean esklabotza utzi arrastoen ikerketa (Lost people: magic and the legacy of slavery in Madagascar) eta Fragments of an anarchist anthropology. Agian egunen batean Argiak izanen du pentsalari honen ideiak zabalago azaltzeko aukera.

Zorrak baziren historiako lehen aztarna idatziak azaldu zirenerako 3.200 urte Kristo aurretik Mesopotamian. Esan nahi baita ordurako bazirela diru kontu sofistikatuak eta kreditu sistema konplexuak; dirua bera baino milaka urte lehenago sortu zela kreditua, Adam Smithen ondoren ekonomialari gehienek esan dutenaren alderantziz.

“Ekonomiaz urteotan kontatu digutena gezur handi bat besterik ez da”, salatu du Graeberrek elkarrizketetan. Ekonomialariek beti esan dute herritarren arteko trukea egon dela ekonomiaren sustraian: “Emadazu behi bat nire 40 oiloren truke”. Aldiz, antropologoek betidanik jakin omen dute hori horrela ez zela, aztertu dituzten herri zaharretan truke mota hori ez dutelako inon aurkitu sekula.

“Antropologook –dio Graeberrek– horrelako gizarteetan ikusi duguna da herritar batek esaten diola besteari ‘bai behi ederra, e?’ eta besteak ‘gustokoa baduzu, eraman ezazu’ eta hura honekin zorretan geratzen da. (...) Benetako galdera da ea nola ‘zurekin zorretan nago’ hori bihurtzen den neurri sistema zehatz bat, nola sortzen den dirua zenbaketa unitate moduan”.

Erantzuna dago bortizkerian. Gerran eta esklabotzan. Graeberrek 500 orriko liburuan zehar azaltzen du dirua, maileguak, metal preziatuak, zorra, gerra, inperioak eta esklabotzak osatutako koktelak eduki dituen garapen eta aldiak.

Duela 5.200 urte lehen idatziak azalduriko Mesopotamian, tenplu-jauregi erraldoien altzoan asmatu zuten azoka bere kontabilitate, mailegu eta zorrekin. Interesak ere bai,  %20koa 2.000 urtez.

Zorrekin bateratsu asmatu zuten barkamena ere, historiagile eta ekonomialariek gutxitxo aipatu bide dutena.  Eguraldi txarreko urteetan, edo izurriteetan, nekazariak zorretan itotzen ziren. Sarritan hartzekodunek zordunaren aziendak, lurrak eta etxeak kendurik, seme-alabak edo emaztea esklabo hartzen zituzten; azkenik nezakazaria bera ere bai.

Matxinaden beldurrez agintariek zanpaketa handia zerabiltenez, zordun askok hirietatik ihes egiten zuten, sasian eskeko edo lapurretan bizirautera. Hori saihesteko ezarri zituzten agintariek zorren jubileo eta bestelako barkamenak.   Arbeletik zor guztiak ezabatu

Graeberrek dioenez, sanskritoz, hebreeraz eta arameoz “zorra”, “errua” eta “bekatua” hitz berdinez izendatzen dira. Beranduago erlijio handiak sortu zituzten fundatzaile guztiek antzinako zorrei buruzko hizkeraz beztitu zituzten beren mezuak: “Esan nahi balute bezala zorrak ez direla sakratuak, benetan ekintza sakratuak direla zorra barkatzea, zorrak ezabatzeko ahalmena, zorrak benetakoak ez direla jabetzea”.

Ez da izan ez zorrik ez merkaturik instituzio gotor bat gabekorik, izan jatorri jainkotiarreko monarkiak, edo sharia bezalako lege erlijiosoak edo inperioak. Herritarrak bezala menperatuak behartu egin behar dira bai zergak eta bai zorrak ordaintzera. 500 urteotan umotuz etorri den kapitalismora etorrita, potentzia handiek munduaren gehiengoa betirako esklabotzara kondenatu zuten. Beti aipatzen da Haitiren kasu dramatikoa, independentzia lortu arren kolonoekiko zorretan geratu baitzen; zor huraxe da gaur uharte erdi hark bizi duen hondamendiaren iturburu.

Inperio kapitalista modernoek Erromaren eta Greziaren eredua erabili izan dute beren zor krisiak gainditzeko: bertako populazioaren lasaitasuna erosi gero eta urrutiagoko kolonizatuen zor eternoen bizkar. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Keynesen tesiak aplikatuz, klase borroka etentzat eman nahi izan zuten kapitalistek, Graeberren esanetan: “Gordin azaltzeko, Ipar Atlantikoko, AEBetatik Alemaniarainoko, langile zuriei tratua eskaini zieten. Alde batera uzten bazituzten sistema errotik aldatzeko ameskeriak, baimenduko zieten  sindikatuak edukitzea, abantaila sozial multzo handi bat gozatzea...”.

Baina 1979an Ronald Reagan eta Margaret Thatcher agintera iristearekin, sistema kapitalistak langileekiko ituna hautsi egin zuen. Sindikatuei eraso ostean, herritarrak konbidatu zituen merkatuan jokatzera, zorretan sartzera. Graeberrek horri deitzen dio “zorren inperialismoa”.

Arazoa da zorretan oinarrituta funtzionatzea asmatu zuten mesopotamiarren alderantziz, orain sistema kapitalistak ahaztu du barkamena, zorpetuei arnasa hartzeko modua egingo liekeen jubileoa.

“Horren ordez –esan zion Graeberrek Naked Capitalism guneko Philip Pilkintoni– zorpetuak babesteko instituzioak sortu ordez, hartzekodunak babesteko instituzio erraldoiak sortu dira, esaterako Nazioarteko Diru Funtsa  eta rating agentziak. Agentziok aldarrikatzen dute, logika ekonomikoaren kontra, zorpean daudenek ezin dutela ordainketarik eten. Esan beharrik ez dago, ondorioa katastrofikoa da. Ikusten ari gara antzinako jendeari beldurrik handiena eragiten ziona: jende zorpetua hondamendiaren ertzetik balantzaka”.

Kapitalistak berak ere zorpean daudenez, 2008an piztutako krisi-tzarrarekin jendeak ikusi du sistemak edo estatuek, edo Graeberrek dioen moduan “Inperioak”, zordun txiroak behartu dituela zordun aberatsak erreskatatzera.

Occupy Wall Street mugimendukoekin Graeberrek eskatzen du mundu guztiarentzako: “Arbelean idatzitako zor guztiak ezabatu”. Dirua sorkuntza sozial bat baldin bada, promesa bat, aberatsek eskatzen dutenean desagertu daitekeena, denok parte hartu behar dugu promesak egin eta negoziatzeko prozesuan.

Informazio gehiago:

- Liburua gaztelaniaz: En deuda, una historia alternativa de la economía.

- Oro y Finanzas gunean gaztelaniaz egileak laburrago idatzitako La deuda, los primeros 5.000 años.

- Madrilonian gaztelaniara Naked Capitalism gunetik ekarrita ¿Qué es la deuda? Entrevista con el antropólogo económico David Graeber.

- ATTACeko Eric Toussaint liburua komentatzen La amplia tradición de anulación de deudas en Mesopotamia y en Egipto del 3º al 1º milenio antes de J.C.

- Graeber Democracy Now telebistan zorraren historiaz (bideoa).

- David Graeber Wikipedian.

- Gaztelaniaz osorik PDFez eskuragai Graeberren "Fragmentos de antropología anarquista".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko Diru Funtsa
2023-01-27 | ARGIA
Marrakexen urrian antolatuko duten kontra gailurrera deitu dituzte mundu osoko mugimendu sozialak

Urriaren 9tik 15era, Nazioarteko Diru Funtsa NDFk eta Munduko Bankuak urteroko bilkura egingo dute. Aurten Marrakexen (Maroko) izango da eta, eta epe berean, mundu osoko eragileak eta mugimenduak biltzera deitu ditu zor ez-legitimoen kontrako batzordeak,... [+]


2023-01-26 | Gedar
Nazioarteko Diru Funtsaren susmoa: deskontua amaitzean, prezioak puztu al dituzte gasolindegiek?

20 zentimoko laguntzaren deuseztapenari probetxua aterata, gasolindegiek erregaien prezioak igo dituztela uste du Nazioarteko Diru Funtsak. Laguntza bertan behera utzi zutenetik, %15 inguru garestitu dira erregaiak. Funtsak zalantzan jarri du Espainiako Gobernuaren neurriaren... [+]


2023-01-03 | ARGIA
Munduko ekonomiaren herena atzeraldian sartuko da aurten, Nazioarteko Diru Funtsak aurreikusi duenez

Aurtengo urtea iazkoa baino "latzagoa" izango dela ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari Kristalina Georgievak, CBS telebista estatubatuarrean. Atzeraldian egongo ez diren herrialdeetatik kanpo ere, ehunka milioi pertsonak kalteak jasango dituztela... [+]


Tori bat eta eman bi: horrela zukutu dugu munduaren Hegoaldea, NDF lagun

Munduaren Hegoaldeari 152 bilioi dolar ostu dizkio Iparraldeak azken sei hamarkadatan, truke-desberdintasunagatik: herrialde pobreetan prezioak eta soldatak baxuagoak direnez, desoreka dago merkataritza balantzan. Baina egoera hori nahita sortu dute Nazioarteko Diru Funtsa... [+]


Eguneraketa berriak daude