Madrilen omenaldia egin diote ultraeskuindarrek hil zuten Yolanda Gonzalez deustuarrari

  • Duela 35 urte hil zuen Madrilen Espainiako eskuin muturreko Batallon Vasco Españolek (BVE) ikasle mugimenduko kide eta sindikalista.


2015eko ekainaren 15ean - 11:50
Yolanda Gonzalezen hilketa salatzeko mobilizazio bat (Argazkia: El Diario)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Igandean sindikalista gazteari Madrilen egindako omenaldian 400 pertsona inguru bildu dira,eta  Espainiako hiriburuko Aluche auzoko lorategi batzuei Gonzalezen izena jarri diete. Omenaldian Manuela Carmena Madrilgo alkate berriaren gobernuko kideak izan dira. Gonzalezen familiaren abokatuak eskatu du nork hil zuen argitu dadila, baita epaiketaren nondik norakoak ere.

Gonzalez etorkin familia batean jaio zen Bilboko Deutu auzoan. Partido Socialista de los Trabajadores (PST) talde troskistako kidea omen zen, zenbait iturriren arabera. 1980. urteko otsailaren 1ean irakaskuntzako greba baten ondoren bahitu zuten gaztea, eta galdekatu eta torturatu ondoren hil zuten.

Emilio Hellín espainiar ultraeskuindarra izan zen  gazte bilbotarraren hilketaren arduraduna. Beste kide batzuekin batera 53 urteko kartzela zigorra jaso zuen arren, 7 urte baino ez zituen espetxean egin. Ondoren bere izena aldatu eta Paraguaira alde egitea lortu zuen. 2006 eta 2011. urteen artean Espainiako guardia zibilaren aholkulari lanak egiteagatik Espainiako Barne Ministeritzak hamabost aldiz kontratatu zuen eta 140.000 euro ordaindu zizkion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Eguneraketa berriak daude