Mobilizazio handia espero dute gaurko, Macronen pentsio erreformaren kontra

  • Langile sindikatuen eta herritarren babesik ez dauka Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bideratu pentsio sistemaren erreformak. Ipar Euskal Herrian, CGC, CGT, FO, FSU, LAB, Solidaires eta Unsa Education sindikatuek deitu dute greba orokorrera. Manifestazioa Baionako Lan Boltsatik abiatuko da ostegun honetan 10:30ean. ARGIAk jarraipen berezia eginen du Twitter bidez.

     


2019ko abenduaren 04an - 17:22
CGC, CGT, FO, FSU, LAB, Solidaires eta Unsa Education sindikatuek deitu dute greba orokorrera
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pentsio sistemaren erreformaren kontrako mobilizazio eguna dute gaur Frantziaren meneko diren lurraldeetan eta jendetsua eta determinatua izango dela aurreikusi daiteke. Sektore publikoan zein pribatuan egingo duten greba orokorrarekin irudikatuko dute desadostasuna ostegun honetan.

Ipar Euskal Herrian, CGC, CGT, FO, FSU, LAB, Solidaires eta Unsa Education sindikatuek deitu dute grebara. Sektore publikoan azkarki sentituko da greba, besteak beste, garraio publikoetan, ikastetxeetan, Baionako auzitegian, haurzaindegietan, ospitaleetan, zabor bilketen kudeaketan... Sektore pribatuan ere sentituko da mobilizazioa. Manifestazioa 10:30etan abiatuko da Baionako Lan Boltsatik.

Erreforma horrek klima aldaketaren areagotzea dakarrela azaldurik, protestari lotzeko deia luzatu dute Bizi! gisako hainbat talde ekologistek. Jaka Horiak ere batuko dira manifestazioei. Biharamunean ere grebarekin jarraitzeko asmoa sendi da hainbat sektore edota enpresetan eta sindikatu gehienek bilerak eginen dituzte ostegun gauean, segidaz erabakitzeko.

Pentsioen indibidualizazioa

Pentsioen apaltzea ondorioztatuko luke Macronek aurkeztu erreformak. Hain zuzen, erretretei bideratu dirua Frantziaren BPGaren %14era mugatuko du Gobernuak. Jakinda pentsiodunen kopurua azkarki emendatuko dela datorren urteetan, bai ala bai apalagoa izango da bakoitzari bideraturiko pentsioa. Gainera, pentsioa kalkulatzeko erreferentzia urteak ere aldatuko dira: orain arte bezala hogeita bost urte hoberenak hartu beharrean, urte guztiei begiratuko zaie. Erretreta heinaren apaltzea ondorioztatuko du horrek ere.

Puntutako sistema jarriko dute martxan eta hori da erreformaren aldaketa nagusietariko bat. Langileak puntu batzuk bilduko ditu bere lan bizitzan zehar, eta erretretara heltzerakoan, puntu horiek euro bihurtuko dira, indize baten arabera. Kontua da puntu horiek ez dutela balio finkoa ukango. Erretretara sartzerako urtean puntuak daukan balioaren araberakoa izango da erretretaren heina. Puntuaren balioa finkatzeko orduan, egoera finantzarioaren oreka mantentzea izango dute helburu.

Kapitalizazio sistemari bidea irekiz

Kapitalizazio sistema osagarri bati irekitzen dio bidea Macronen erreformak. Hau da, erretreta hartzen duenerako dirua gordetzeko aukera ukango du aktiboak. Gaur egun, aberatsenei mugatua du banaketa sistematik atera eta kapitalizazio sistemara pasatzeko aukera (hilabetean 27.000 euro gordin baino gehiago irabazten dutenei) baina erreformarekin, hilabetean 10.000 euro gordin baino gehiago irabazten duenari emango zaio aukera. Baliteke ondoko urteetan muga hori oraindik gehiago apaltzea eta beraz kapitalizazio sistemak behin betikoz tokia hartzea elkartasunean oinarrituriko sistemari.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Eguneraketa berriak daude