Lur arraroena giza adimena denean

  • Urteak daramatzagu, Estatu Batuen eta Txinaren arteko talka, ekonomikoa oraingoz, sutu zenetik batez ere, lur arraroen kopla ezpainetan dugula. Zuzenean (haien ekoizpenaren ia-monopolioak Txinari egun ematen dion negoziazio-ahalmen handiagatik) nahiz zeharka (izen bitxidun elementu kimiko horiek goreneko teknologietan duten balio erabakigarria dela eta).

Argazkia: Alamy

2022ko urriaren 21an - 09:36
Azken eguneraketa: 15:43

Halakoekin zerikusia duten azken gorabehera ezagunek badute, batzuetan, komikotasuna (hala, samario-kobaltozko iman txinatarren kontura Pentagonoak arestian hilabete baino gehiagoz eten behar izan duen F-35 hegazkinen emaria). Baita bitxitasuna ere, besteetan: abuztuko tentsio-aldiaren harira Txinak Taiwanekiko salerosketetan debekatu zuen lehen gaietako bat... harea izan zela, adibidez. Badu zergatia. Edonola ere, argi dago goi-teknologien inguruko gerra, ekonomikoa oraingoz, hasi besterik ez dela egin.

Orain arteko azterlanetan apenas aipatu den osagai bat gehitzen ari zaio, ordea, ekuazio horri, dagoeneko. Talentua ez da, ez, lur arraroetako bat... “arraroa” baden arren, definizioz bederen. Egun eman ohi zaion adieran, haatik, kidetasun estuena du goi-teknologiaren osagai guztiekin.

Horregatik, seguruenera, ez zitzaigun batere arraroa egin Xi Jinpingi entzutea, XX. kongresuaren aurrean irakurri zuen txostenean, “zientzia eta teknologia dira gure produkzio-indar nagusiak, talentua da gure lehengai nagusia eta berrikuntza da gure hazkunde-gidari nagusia”.

Kostako da antzeko ezer aurkitzea iraganeko kongresu-txostenetan. Baina ez da batere harrigarria iazko iraileko azken astean Txinako Alderdi Komunistak, formalidade guztiekin, “talentuaren lanketarako” egin zuen konferentzia nazional bereziaren aditzera duen edonorentzat: han esan zuen Jinping-ek hori eta gehiago.

Gero eta argiago dago gaur egun Txina dela, Indiarekin batera, oinarrizko talentu-lehengai horren sorleku handienetakoa, handiena ez bada, edozein delarik neurgailua. Txinatar eta asiar lehengai horren onuradun nagusienetakoa, nagusiena ez bada, Estatu Batuak direla ere ukaezina dela esango nuke. Gero eta gutxiago da “wasp” (edo “was” soilik) AEBetako talentua.

Horregatik norbaitek tentu handi-handiz irakurri behar luke Asian American Scholar Forum-ak sustatu eta Harvard, Princeton eta MITeko adituek landuta argitaratu berri den txostena, Estatu Batuetan jasaten ari diren jazarpenagatik "etxera" itzultzen ari diren jatorri txinatarreko ehunka zientzialarien egitate asaldagarria azaltzen duena.

Gizalegea ahaztuta ere, ez da oso zentzuzkoa Estatu Batuetan gertatzen ari den hori.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude