Luis Enrique Sorianori eragindako “min eta kalte moral eta materialak” onartu ditu enpresak

  • Akordio judiziala lortu dute 2021ean lantokian bere buruaz beste egin zuen Soriano gaztearen familiaren abokatuak eta Azpeitiko Manuel Aizpuru enpresaren ordezkariak. Enpresak Sorianori eragindako min eta kalte moral eta materialak onartu ditu, eta kalte-ordainak ordainduko dizkie senideei.

Sorianoren heriotza salatzeko Azpeitian egindako elkarretaratze bat 2021eko abuztuan. Argazkia: Jon Urbe / Foku

2023ko ekainaren 20an - 09:55

2021eko uztailaren 30ean Luis Enrique Soriano gazte dominikarrak bere buruaz beste egin zuen Azpeitiko Manuel Aizpuru enpresan lanean zela. Handik astebetera kasuaren berri eta Sorianoren senideen testigantza zabaldu zituen Elkar-ekin talde azpeitiarrak. Gaztearen suizidioaren eta bere lan-baldintzen artean lotura zegoela salatu zuten. Sorianoren senide batzuek, ESK sindikatuarekin batera, epaitegietara jotzea erabaki zuten.

20 urteko gaztea hil zela ia bi urtera, ekainaren 26an epaiketa hastekoa zen Donostiako lan arloko 1. epaitegian, baina jakitera eman dutenez, hilaren 14an Sorianoren senideen abokatuak eta enpresaren ordezkariek akordio judiziala sinatu dute, auzibide judizialari amaiera emanda.

Akordioaren arabera, enpresaren aseguru etxeak eta enpresak berak kalte ordain ekonomikoak ordainduko dizkiote Dominikar Errepublikatik Azpeitira etorritako Luis Enrique Sorianoren familiari, eragindako min eta kalte moral eta materialen ondorioz.

Maiatzaren 19an jakitera eman zituen ARGIAk Luis Enrique Sorianoren nominak, eta bertan ikus zitezkeen berak eskuz idazten zituen hilero egiten zituen aparteko ordu kopuru handiak. Lan Ikuskaritzak berak ere arau-hausteak ikusi zituen Sorianoren heriotzaren inguruan, eta legeak onartutakotik gorako orduak egiteaz gain, zegokion oporraldirik ez zuen jasotzen, larunbatetan ere lan egitera behartu zuten, COVID-19 gaitzak jota egon arren lantokira joatera behartzen zuten, gauez eta bakarrik egin behar izan zituen lanaldiak, bestelako tratua ematen zioten gainerako langileen aldean, lantokian presioa etengabekoa zen, besteak beste.

Luis Enrique Sorianoren omenez Elkar-ekineko kideek margotutako murala 2022ko azaroan. Argazkia: Elkar Ekin

Enpresaren "atsekabea"

Akordioa sinatu duten egunean bertan, Manuel Aizpuru enpresak Uztarria hedabidera idatzi du. Adierazpen horretan enpresa "atsekabeturik" dagoela dio Sorianoren heriotzagatik. Beti justiziarekin kolaboratzeko prest agertu dela azpimarratu dute eta, halaber, "atsekabea" agertu du hainbat eragilek emandako informazioak eta egindako baieztapenak tarteko.

Elkar-ekin taldea aipatu gabe, diote eragile batzuek enpresa eta haren kudeatzailea Sorianoren heriotzaren "zuzeneko erantzule egin" zituela, baina "suizidioa bezalako gertakari serio bati buruzko erabateko ezjakintasuna" erakusteaz gain, "baldintza sozialek, berez, ezin dutela suizidioa azaldu" argudiatu dute.  Horrek ekarri ditu, enpresaren hitzetan, haien aurkako "irainak eta herriko plazan kritika publikoa egitea" eta "epaiketa paralelo bidegabea".  Heriotza jazo zenetik kaleratu diren informazioak eta egindako baieztapenak ez direla enpresarekin inoiz kontrastatu ere salatu dute.

Akordioa, "lorpen esanguratsua"

Elkar-ekin-ek baikor baloratu du akordioa, enpresak eragindako kalte moralen eta materialen "aitortza argia" jasotzen duelako, baita kalte-ordainak ordaintzeko konpromisoa ere.

2021ean gaztearen testigantza publiko egin eta ondorengo asteetan Azpeitian oinarririk gabeko zurrumurru asko zabaldu zirela azpimarratu dute: "Bere gertukoen testigantza zalantzan jartzea, gertaera erlatibizatzea, familiari buruzko difamazioak aireratzea eta suizidioaren arrazoiak desitxuratzea, besteak beste". Horregatik, diote, da garrantzitsua kalte moral eta materialen aitortza akordioan jaso izana, "difamazio horiek ezerezean uzten dituelako, migratzaileak estigmaren, susmoaren eta zalantzaren itzala daramatelako soinean".

Azken hilabeteetan "presioak, xantaiak eta difamazioak" jasan dituztela ere salatu dute Elkar-ekineko kideek, "haien jarduna isiltzeko” asmoz.

Enpresak publikoki adierazitakoaren harira, puntuz puntu erantzun gabe, ondokoa azpimarratu du eragile antikapitalistak. "Baldintza sozialek, berez, ezin dutela suizidioa azaldu enpresak esateak, zur eta lur uzten gaitu. Suizidioen kausak konplexuak dira, baina argi dugu baldintza sozialek eta materialek (lanak, etxebizitzak, hil amaierara iristeko presioak, enpresa batean jasotako tratu txarrak eta abar) goitik behera zeharkatzen dutela gizakion osasun mentala. Egoera horiek daude eritasun psikologiko askoren oinarrian, eta horien ondorioz hainbat suizidio kasu gertatu dira. Horrela jasotzen da, besteak beste, hainbat epaitegik antzeko kasuen aurrean eman dituzten sententzietan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-15 | Itxaro Borda
Maiatz ederrak

Maiatzean nahi dena egiten ahal dela dio frantsesezko erran zahar batek eta hala dela iruditzen zait. Egunak luzatzen dira, tenperatura hupatzen eta halako axola-gabezia aire zerbaitek inarrosten dizkigu buru zokoak. Egia aitortze aldera, nire garuna martxo bukaeran hasten da... [+]


Bilbobuseko greba bertan behera, langileek aurrekoardioari baiezkoa emateko zain

Bilbobusen greba mugagabea "bertan behera" geratu da momentuz, UGT, CCOO eta USO sindikatuek aurreakordioa itxi ostean Biobiderekin, Bilboko Udalak zerbitzu publikoa eskaintzeko azpikontrataturiko enpresa. Langileek ostegunean batzarrean erabaki beharko dute adosturiko... [+]


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


2024-05-09
Siemens Gamesak "doikuntzak" iragarri ditu eta kezka areagotu da langileen artean

Energiaren sektoreari loturiko konpainiak bere zuzendari nagusia aldatu du, doikuntzak iragartzearekin batera. Euskal Herriko lantegietan ia 3.000 langile aritzen dira eta sindikatuak kezkatuta agertu dira, kaleratzeak ekar litzakeelako erabakiak.


Eguneraketa berriak daude