"Logopedia luxu bilakatzen ari da"

  • Paso a Paso errehabilitazio zentroan bizitako lan baldintza txarrak salatu ditu Amaia Agirre logopedak.


2023ko apirilaren 21an - 06:00
Azken eguneraketa: 08:15

Lanean ez duenez arazorik izan nahi, asmatutako izen bat jartzea eskatu du Amaia Agirre logopedak. Kontatu duenez, Osasunbidean solik hamasei logopeda inguru daude haurrak eta helduak artatzeko: “Horrek ageria uzten du ez diotela garrantzirik ematen logopediari; hala ere, aldatzen ari da”. Horren ondorioz, batzuetan aukera bakarra pribatura jotzea izaten dela dio: “Logopedia luxua bilakatzen ari da”.  Hortaz, logopeda askok pribatuan lan egin behar izaten dute.

Agirrek ikasketak amaitu zituenean Paso a Paso errehabilitazio zentroan lanean hasi zen 2019. urtean. Zentroko nagusiek gehiegikeriaz jokatu zutela salatu du: “Gazteak ginenez horretaz baliatzen ziren gure eskubideak urratzeko”. Duela bi urte lana utzi zuen “oso zorrotzak”,  “autoritarioak” eta “tiranoak” zirelako: “Oso langile onak eta oso profesionalak ginen, eta dena eman arren inoiz ez zen beraiek nahi zutena bezainbeste”. 

Esate baterako, hilabetero erabiltzaileen eboluzioaren inguruan mintzatzeko elkartu, eta helburuak aztertzen zituzten: “Beraientzat zen uzta kilotan jasotzea bezala, baina ez da hain erraza. Helburuak lortzeko tresnak izan arren, beti ez dira lortzen”. Agirrek uste du erabiltzaileentzat “onuragarria” dela denak elkartzea; hala ere, beste modu batean landu beharko litzatekeela uste du.

"Lana oso polita da, eta egia da prekarioa dela, baina zentro batzuetan baldintza onak daude"

Zorroztasunaz gain, 30 opor egun baino ez zituzten, eta langileek horietatik hamabost egun aukeratzen zituzten: “Niri beti ostiraletan jartzen zidaten jai, opor naturalak zirenez, larunbata eta igandea jai egun bezala hartzen zirelako, eta horrela, hiru egun kentzen zizkidatelako”.

Agenda begiratzeko aplikazio bat ere bazuten, baina orduak eta pazienteak “etengabe” aldatzen zizkieten abisatu gabe: “Etengabe sartzen nintzen aplikazioan askotan aldatzen zigutelako ordutegia; hori manipulatzeko beste modu bat zen, ezin genuelako lanetik deskonektatu”.

Horrez gain, soldata oso baxua zela salatu du: “Kalkulua egin nuen eta ordu bakoitzeko 6 euro irabazten nituen”. Zorroztasunak, soldata baxuak eta nagusien gehiegikeriak ondorio psikologikoak eragin zizkien: “Estres handia neukan, eta gutxigatik ez nuen antsietatea izan”. Gaineratu du lankide guztiei eragiten ziela lan egoera txarrak: “Lankide askok estresa eta antsietatea zeukaten, eta denak joaten ginen psikologora”.

Jarrera autoritarioa izan arren, langileen konfiantza lortzeko hasieran jatorrak izaten zirela kontatu du: “Lortzen zutena zen gauza pertsonalak kontatzea, gero gure kontra erabiltzeko; adibidez, ea hipotekarik edo bikotekiderik genuen jakin nahi zuten”.

Orokorrean, langileen jarrera nagusien aurrean “pasiboa” zela uste du: “Esaten zigutena betetzen genuen”. Mugak jartzea “zaila” zen arren, Agirre zen nagusiei mugak jartzen zizkien bakarra: “Horren ondorioz, zigortzen ninduten ordu okerragoak jartzen edo gaizki hitz egiten”.

Lan baldintza txarren ondorioz, hamazazpi hilabeteko eszedentzia bat eskatu zuen, eta ez ziotenez eman, enpresatik alde egin zuen. LAB sindikatuarengana jo zuen laguntza eske: “Kitatzea gaizki eman zidatenez salaketa jarri, eta arrazoia eman zidaten”. Kontent da lana utzi zuelako.

Paso a paso zentroko esperientzia txarra izan arren, zentro onak badirela nabarmendu du: “Lana oso polita da, eta egia da prekarioa dela, baina zentro batzuetan baldintza onak daude”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eguneraketa berriak daude