“Sendabelarrek badakite, gu gara haiei buruz hainbeste ez dakigunak”

  • Sendabelarrek dakitena liburua kaleratu berri du Garbiñe Larreak ARGIArekin. Egungo kezka sortarekin jo dugu beregana, eta ikuspegia aberastuta itzuli gara, gure bizimoduari buruzko galderak soinean dakartzagula.


2021eko urriaren 24an

Zein sendabelarrekin identifikatzen duzu zeure burua eta zein harreman izan duzu zure biografian sendabelarrekin?

Nire burua ez dut sendabelar bakarrarekin identifikatzen. Gustatzen zaizkigun zein behar ditugun sendabelarrak aldatzen joaten dira bizitzan. Orain batzuk gustatzen zaizkit, gero, ikusi behar zein.

Ni urnietarra naiz eta naturopatia kontsultako lana egiten dut: iridiologia erabiliz diagnostikoa egitea, pertsonaren egoera aztertzea eta tratamendua jartzea. Azken urteetan sendabelarren inguruko ikastaroak eman ditut eta kosmetika naturalekoak ere bai. Batere pentsatu gabeko ibilbide bat izan da: ukendu bat egiten hasi, lagun batek proposatu ikastaroa berak antolatuko zidala, eta espero gabe hortik jendearen eskaria iritsi zen, xarabe bat egin nahi zutela edo tintura... hein handi batean jendearen beharrek egindako bidea izan da ikastaroena.

Neure bidea ere horixe izan da: ikasle garaietan beste asmo batzuk nituen, Zuzenbidea ikasi nuen baina 24 urterekin kronikoa zen eta nahiko gaizki neraman gaitz batekin laguntza beharrean ikusi nuen neure burua eta beste zerbaiten bila hasi nintzen. Hobeto bizitzeko eta hainbeste botika hartu beharrik ez izateko bide bat behar nuen. Pixkanaka joan nintzen, konturatu gabe, ikasten, formatzen... Bizitzak ekarri nau bide honetara, ez da neuk erabakitakoa.

Elkarrizketa osorik bideoan:

Ayurveda ikasitakoa zara. Zergatik zaizu baliagarri?

Ayurveda Indiako medikuntza tradizionala da. Medikuntza tradizionalak asko dira, Txinakoa, Europakoa... Indian Ayurvedari estimu handia diote eta beraien tradizioa ezagutu, landu eta kontserbatu egin dute. Han medikuntza ingelesa eta indiarra daude, eta ikasketak ofizialak dira. Europan hainbat tradizio egon dira, eta estatu bakoitzak modu ezberdinean bideratu du gaia: adibidez, Alemanian badago Heilpraktiker izeneko figura; ikasketa ofizialak dituen naturopata. Europako gainerako herrialdeetan ez dago horretarako aukerarik.

Beraz, Ayurveda ez da medikuntza tradizional bakarra, bat gehiago da, baina berak duen ikuspegia bereziki gustatzen zitzaidan. "Zer zaila den hau", sentitu nuen hasieran: pertsona bakoitzak zer landare behar duen noiz, zenbat denboran... besteetan ez nuen halako zehaztasun mailarik ikusten. Askotan gogoa ematen zidan utzi eta etsitzeko. Baina haien oinarrizko galdera bat da “eta zergatik pentsatzen duzu hau sinplea denik?”. Estresatzen gara pentsatzen dugulako denontzat balio digun landare bat badagoela, denontzako tratamendu bat... eta ez da horrela.

Bat egiten dut bere planteamendu honekin ere: zure ingurua ezagutu behar duzu, hori delako zure botika. Hortik abiatuta asmatu behar duzu zure burua zaintzen. Marketing berdeak sortu dizkigun ideiak puskatzea eskatzen du: sendabelarrik onenak kanpotik ekarri ditugula dioen lilura puskatzea.

Sendabelarrek dakitena jarri diozu izenburu. Sendabelarrek badakite edo  horrelakoak dira?

Nik uste badakitela. Gu gara sendabelarrei buruz oraindik hainbeste ez dakigunak. Botanikak lan ikaragarria egin du aurreko mendeetan eta gaur egun ere bai. Fitoterapian oraindik ikerketa lerro asko dago. Baina landareak gutxietsi egiten ditugu. “Begetala bezala bizitzea” gauza txartzat daukagu baina guk ez dakigu begetala nola bizi den, zer gaitasun dituen landare batek, zeri aurre egin dion... Landareak dituen mekanismo asko, abilidade asko, ezezagunak zaizkigu oraindik. Eta zenbat eta gehiago jakin horri buruz, orduan eta gehiago harritzen naiz landareek duten inteligentzia eta jakinduria mailarekin. Landareek gureak ez diren hainbat gaitasun dituzte eta kosta egiten zaigu hori onartzea. Sendabelarrek badakite, eta guk oraindik ez dakigu beraiek zer dakiten.

Badira bi mutur: “Sineskeria hutsa da, sendabelarrek ez dute sendatzen”; eta, “naturalak direnez dena dute on, ezin dute kalterik egin”. Zer esango zenieke horietako bakoitzari?

Laboaren kantak dio, “lilurarik ez”. Lilura baldin badago ez da ongi ikusten, itsutasun bat sortzen du. Landareei dagokionez, alde txar batzuk edo toxikologia ez ikustea ekar dezake, beraz, nik ez dut lilurarik nahi. Horrek zehaztasuna, zorroztasuna kendu egiten dizkio eta arrisku potentzial asko eransten dizkio.

Erabateko ukazioak ere ez du zentzurik. Edozein farmaziatan begiratu eta iruditegia ez da pilulena, sendabelarrena da. Eneko Landabururi entzuna da pilulen aiton-amonak direla hauek: pilulek sintetizatutako osagaiak dituzte eta portzentaje ikaragarri batean sendabelarretik abiatuta egiten dira. Beraz, hori ukatzea Europako farmakopea ez ezagutzea da, sendabelarretatik abiatuta egin delako.

Zer galtzen dute Medikuntzak eta bide alternatiboek elkarri bizkarra emanda?

Azken urteetan medikuntza integratiboa egiteko saiakera egon da eta badago hori sustatzen duen elkarte bat. Uste dut bidea hori dela. Osasunaren Mundu Erakundeak berak esana du herri medikuntza tradizionalak bateratu egin behar direla sistema publikoetan. Munduan hainbat tokitan egiten da. Tibeteko ospital publiko batean bi leihatila dauzkazu eta norberak aukeratzen du zein eratako medikuntza jaso nahi duen, fitoterapiarekin lan egin daitekeelako. Integrazioaren bidea nahitaezkoa da, eta bi aldetatik egon behar du jarrerak, elkarren osagarritasuna bilatzeko. Zenbat eta etsaitasun handiagoa eta zenbat eta muturrerago jarri, askoz okerrago, galdu egiten baitugu osasun zerbitzu oso bat emateko ahalmena.

Argazkia: Dani Blanco.

45 landarek dute fitxa bana liburuan. Zergatik 45 horiek?

Aukeratzea zaila izan da. Hainbat irizpide erabili ditut: lehena, eskura izatea, hau da, batzuk erosteko aukera dago eta beste batzuk aurkitu beharrekoak dira. Inguruan ditugunak dira, batzuk oso arruntak eta beste batzuk ez hain arruntak, jakintza berreskuratze aldera jarri ditudanak.

Niretzat irizpide garrantzitsua da galtzeko zorian daudenak ez ipintzea. Baita ere begiratu diot sustraia gutxi erabiltzeari, horrek landarea ateratzea eskatzen duelako.

Geureganatu ditugun hainbat landare ere ipini ditut, gurekin geratu direnak, baina saiatu naiz azken urteetan kanpotik iristen ari zaizkigun sendabelarrak ez ipintzen. Ez nago kontra, alderantziz, ezagutu egin behar ditugu, erabili, baina zertan ari garen jakinik eta batez ere desplazamendurik gabe: kanpotik ekartzea baldin bada gurea arbuiatzeko modu bat, nik gurea aldarrikatu behar dut. Pena ematen dit, jendeak ez du pasmo-belarraren irudia ezagutzen, baina echinacea purpurea denok ezagutzen dugu eta hori marketingaren ondorio da.

Liburuan, landare bakoitzak du "Kontuz!" atala, albo kalteei eskainia.

Sendabelarrekiko liluraren aurrean, nahiago dut aspirina hartu zenbait belarren infusioa baino. Naturala da, baina naturala ez da beti ona. Naturala zein neurritan, zeinek eta nola hartu, oso arriskutsua izan daiteke. Batik bat, gaixotasun kroniko bat badago eta bizi guztirako botika bat hartzen ari bada edo batek suplemento bat hartzen badu... elkarreraginak daude, eta sendabelarrak egin dezake botikaren eragina murriztea edo bikoiztea! Eta informazio hori ez dago inon, ez sendabelarren liburuetan, are gutxiago Interneten. Ez zait iruditzen dibulgazioa benetan serioa denik ez bada hori aipatzen.

Zure izeba batek sendabelarren baratzea omen zuen...

Elduainen, gure aitaren izeba Anita Eguesek, jateko baratzea zuen eta sendatzeko baratzea. Eta ez ziren jateko baratzearen ertzetan ipinitako lau sendabelar. Beste baratze bat zen, eta han ipiniak zituen arnasbideetako, liseriketako... gorputzak zituen beharrentzako egokiak ziren landareak. Eskura zituen eta hala zaintzen zituen.

Jatekoa sortzeko gu izan gaitezke ekoizle eta aldi berean kontsumitzaile; eta sendabelarrekin berdin. Horrek ez du kentzen, nik momentu batean larritasuna baldin badaukat, edo ez banaiz gai, edo mugak baldin baditu erabilera horrek, laguntza profesionala behar dudanik. Ez dut erabateko autogestioaren irudirik eman nahi.

Argazkia: Dani Blanco.

Nola bizi duzu pandemia? 

Pandemiaren gaia izan da, hasieran, sinistu ezinezko gauza bat. Pelikuletan gertatzen ziren gauza horiek... beste edozeinek bezala bizi izan dut, hasieran estres puntu batekin, sinetsezin puntu batekin, eta gerora neke pandemikoarekin.

Niri gertatu zitzaidan, lanean hasi nintzenean jendea artatzen, aurrez aurre, hilero iritziz aldatzen nuela. COVID-19a pasatu zuen bakoitzarekin zerbait berria ikasten ari nintzen. Guk pneumoniak artatu izan ditugu, arnasbideetako gaitzak ere bai. Baina hemen beste zerbait zegoen, askoz sakonagoa eta harago zihoana. Pneumonia batek ekarri izan ditu ezintasunak, ondorenerako konplikazioak, bai, baina ez ikusi ditugun hauek. Garbi daukat gu ez geundela prestatuta, eta jendearen beharren arabera ikasi behar izan dugula. Tronbosiak izatea, tiroideetako gaitzak, COVID-19 iraunkorra edo berrinfekzio baten ondoren ohetik jaikitzeko gai ez dena... hori dena berria izan da, eta esan beharra dago baliabide faltan, ezagutza faltan, galduta egon garela eta ahal izan dugun neurrian egin dugula lan.

Sendabelarrek dakitenetik, baduzu pistarik, galderarik edo ekarpenik pandemiaz?

Lehenik, azken bi urteetan arnasbideetako sendabelarrak asko ari direla jaiotzen eta ugaritzen gure artean. Horri begiratu egin behar zaio. Birika-belarra, eztul-belarra, plantaina... niretzako badago sinkronia moduko bat.

Ez dago sendabelar bakar bat “hau da onena” esan ahal izateko, eta uste dut hortik ihes egin behar dela, ez dagoelako sendabelarrik denontzat balio duenik; bakoitzaren beharrak ezberdinak dira. COVID-19arekin bada hainbat jende tripetatik gaizki geratu dena, eta ez arnasbideetatik. Beraz, hari ez dio lagunduko arnasbideetako landare batek. Ikuspegi zabalagoa izan behar da, eta behar ezberdinak ezagutu behar dira.

Infekzio handia izan denean, hemen betidanik erabili ditugun berbenak eta pasmo-belarrak lagundu dute. Baina belar horiek indartsuak dira, tamainan hartu behar dira, eta kontrako ondorio asko dituzte. Beraz, ezagutu egin behar dira. Horiek ongi erabilita lagundu dute, baina baita ere, gaitzaren ondorenean, bestelako sendabelarrak erabiltzeak ere: immunitate sistema indartzeko sendabelarrak badaude eta hobekuntza hori ez da astebetean lortzen, edo zirkulazioa hobetzeko belarrak badaude eta asko behar izan ditugu, jendea zainetatik gaizki geratu delako.  

Kritiko diren osasun langile batzuek adierazi dute jazarpenaren beldur direla, ez dutela askatasunik pentsatzen dutena esateko.

Hasteko, esan nahi nuke ez nukeela beraien tokian egon nahi. Bizi izan dugun larritasun eta beldur egoeran, prentsaurrekoak militarrek ematen zituzten. Hor disidentzia garesti paga daiteke eta dudarik gabe larri egon daitezke. Pertsona horiek lan egin beharra dute bizitzeko, beraz, egunero ari dira lanean beste ikuspegi batekin. Ahal duten moduan, neurri berriekin, erremedio berriekin... denok behar izan baititugu baliabide berriak honi aurre egiteko.

Niri aberasgarria iruditzen zait planteamendu ezberdinak egotea. Zenbat eta monolitikoagoa den diskurtsoa, orduan eta arrisku gehiago daukagu hanka sartzeko, edozein gaietan.

Ikusirik nolako autoritarismoa egon den, nolako zapalketa egon den egoera askotan, uste dut beraiek egin duten lana badela beharrezkoa; lehendik egiten ari ziren bide bat ere bada. Jarrai dezatela, aberastu egingo dutelako ikuspegia. Eta lan egiteko molde ezberdinak baldin badituzte, hori ere ikertu dadila. Egon dadila borondatea, dena beharko dugulako honi buelta emateko. Beti bakarra den ikuspegi edo lerro batek ongi egin dezake lan, baina pertsona asko hortik kanpo geratuko dira. Beste gaitzekin ere, lerro bakar batetik eramaten denean, pertsona askok hor ez du aurkitzen beraientzat behar duten erantzuna.

Argazkia: Dani Blanco.

Birus bati hesiak jartzen aritu gara eta gutxi jo dugu gorputza indartzera. Gure gorputzak benetan gutxi dezake gaitz honen aurrean?

Gaixoengan gauza oso arraroak ikusi ditut eta aldez aurretik pentsatu ezingo nituenak ere bai. Zergatik erasan dio honi modu honetan? Zergatik honek ez dio bueltarik ematen? Nolatan pertsona hau hain gaizki? Eta kontrakoa ere bai, nolatan zaurgarria zen pertsonak nahiko ondo pasa duen... aditu egin behar da hemen ere, eta behatu.

Egoera zaila izan da eramaten, osasuna ez delako izan bereziki zaindu dena. Nire ustez, gizarte honetan osasuna ez da balio garrantzitsu bat. Badu fama, baina koherentzia falta zaigu. Ez dut uste erakutsi behar digutenik osasuntsu egoteko zer egin behar den, prebentzio kanpaina asko egiten dira. Baina prebentzioak ez dauka izen onik, zuk zure burua zaintzen baduzu erraz entzungo duzu “ortorexikoa” zarela. Autokonplazentzia handia dago, adibidez, alkoholarekin. Orain kale-zurrutarekin badira polemikak baina hau gizarte alkoholiko bat da eta alkohola benetako arazo da gizarte honetan. “Osasuna erdigunean jarri behar da” esaten dugu baina hori benetan eguneroko bizitzara ekartzen hasten garenean, horrek esan nahi du ordutegiek arrazionalak izan behar dutela, pertsonak ezin du bere lana 19:00etan bukatu, ezin du 22:00etan afaldu... Dena ez da elikadura, deskantsua ere bada, ariketa fisikoa egiteko denbora behar da, osasun mentala zaintzea ez da broma... horretara denetara iristeko, pentsatu behar dugu nola ari garen bizitzen eta zeri ematen diogun lehentasuna. Delegatzen ari gara, osasun profesionalek konpondu beharko baligute bezala dena eta gauza asko eta asko bizi ohituretan daude. Bizi ohiturak aldatuta eta elikadurari garrantzia emanda, buelta emango genieke egoera askori. COVID-19arekin ikusi da hori, hainbat eta hainbat badira lehendik gabeziak zituztenak, eta COVID-19a pasatu eta gero ez diote bueltarik ematen. Zergatik zituzten gabezia horiek?

Burujabetzak maite ditugu ARGIAn. Botiken negozioak menpekotasuna sortzea behar du?

Negozioak definizioz bezeroa behar du eta bezeroari beharra sortu behar zaio, eta ez badago beharrik asmatu egin behar da. Edozein osasun planteamendu negozio bezala ikusten bada, bezeroaren fideltasuna behar da. Hori askotan gaitzak kroniko egitetik dator.

Marketing berdea ere badago eta horren biktima gara, oso nabarmen. Beharrak sorrarazten dizkigute. Hainbat eta hainbat pertsona ari da suplementuak hartzen eta berez ez dute beharrik. Inork ez die esan analitika bat egin beharko luketela, lehenik ikusteko ea gabezia bat daukaten, gero suplementatzeko. Eta suplementu hori ia beti elikagaietatik dator, edo sendabelarretatik. Zergatik ez ikuspegi kritiko bat garatu eta ikusi guk zenbaterainoko autonomia eduki dezakegun?

Liburuarekin jendeari autonomia ematea nahi izan dut. Eta hau higienistengandik ikasi nuen: Eneko Landaburu, Karmelo Bizkarra... beraiek osasunaren autogestioa egin ahal izatea planteatzen dute. Norberak bere buruari entzuten jakitea, ikustea zer behar dituen, ikustea zer puntu ahul dituen, eta ikustea norberak bere kabuz nola egin dezakeen hobetzearen alde.
Larrialdi egoerak ditugunerako, adibidez sukarra, baliabideak edukitzea da gakoa. Liburuan saiatu naiz baliabideak ematen eta gustura geratu naiz liburura eraman dudan segurtasun, eraginkortasun eta zorroztasun mailarekin, izan ere, gauza etereoak ez zaizkit gustatzen: “Hormonentzat ona da” irakurtzen dudanean, urduri jartzen naiz. Zer hormona? Zeinenak? Zenbat denboran? Zehaztasun maila handia behar du. 

Emakumearen ikuspegitik ere egin dut liburu hau, guretzat baliabideak emateko. Hilekoaren inguruan edo bizitzan ditugun etapetan ez dadila aukera bakarra botikekiko dependentzia izan. Eduki behar ditugu beste aukera batzuk ere. 

Burujabetzak beldurra ematen du? Zer delegatu behar dugu osasunean eta zer ez?

Delegatzea naturala ere bada. Pertsona batek sei urte pasa baldin baditu Medikuntza ikasten eta beste urte batzuk MIR ateratzen eta gaztetasunaren zati handi bat sakrifikatu badu gero besteei eskaintzeko, horrek errespetu bat behar du, eta horren parekorik ez dago ezer. Begietako gaitz bat badaukazu, motz geratuko gara sendabelarrekin. Eta gaitz kroniko asko daude Medikuntzaren beharra dutenak. Niretzat medikuarengana jotzea oso naturala eta beharrezkoa da.

Bakoitzaren rola zein den garbi edukitzea oso garrantzitsua da. Eztarriko mina eta anginak genituenean gure etxean medikuarengana joatea lotsagarritzat genuen, enplasto bat ipini genezakeelako. Bereizi egin behar da zer mailatan den norbera bere burua zaintzeko gai eta noiz joan behar duen laguntza eske.

Argazkia: Dani Blanco.

Elikaduran erradikalago jokatzeko ordua dela irakurri dizut...

Askotan ikusten dut elikadurarekiko planteamendua oso distortsionatua: nahi dudan eran elikatuko naiz, ez du inporta jaki horiek nola ekoitziak izan diren, non, horren atzean zer dagoen... hori dena alde batera uzten dut, eta gero arazoa daukadanean pilula batek konponduko dit. Pilula gorriak ez badit konpontzen, pilula berdeak konponduko dit. Eta osasuna erabat delegatzen da.
Baina ardura hartzea da begiratzea zer ari garen jaten, nola ekoitzia dagoen. Ekologistek arrazoi izan ohi dute, baina 20-30 urte ondoren ematen zaie. Ekologistak Martxan taldeak urteak daramatza esaten zer kutsadura maila ditugun bai kosmetikoetan, bai elikagaietan: fruta eta barazkietan adibidez, eta lasai asko jaten ditugu eta ez gara konturatzen koktel edo salda kimiko batean bizi garela. Ondoren gaitza maldizio bezala ikusten da: zenbat hipotiroidismo, zenbat alergia, zenbat gaitz autoimmune dagoen, eta ez gara konturatzen hori bizi estilo eta elikadurarekin lotua dela hain zuzen...

Askori esan diet: "Ezin dizut lagundu ez baduzu jateko era aldatzen, horren garrantzia ezin baduzu ikusi". Urtez urte gero eta diru gutxiago gastatzen badugu jaten, ez dit balio gero zuku berdeak edateak, detox bat egiteak, gero tox-era banoa berriro! Edo hamar egunean arroza janaz egotea eta hamaikagarrenean sagardotegira joatea. Mutur horietan ibili beharrean, utzi bakean gorputzari.

Jan egunero egiten da, hiru aldiz, nahiz eta orain barau intermitentea oso modan dagoen. Baina oso modan dago, kontuan eduki gabe gero jaten denean zer jaten den. Dagoen ogirik eskasena eta txarrena jaten badugu ez dugu harritu behar ondorioekin. Hemen badira pandemia permanenteak, eta bat diabetea da. 40 urtetik gora zenbat pertsona ikusten ditudan lehenik tentsioaren pastilla hartzen, gero azukrearena eta kolesterolarena... hori sindrome metabolikoa da, eta aurreko urteetan zer jan eta edan dugunarekin lotuta dago erabat. Hor ezin da bestaldera begiratu. COVID-19a karga biral handikoa gertatu denean, pertsona horiek oso gaizki egon dira. Zer bizi aukera egiten ditugun da gakoa. Eta noski, zer estres maila daukagun, zer deskantsu, eta askotan ez dira norberak aukeratutako egoerak izaten.

Liburu hau eskutan, nabarmen geratzen da beste liburuetako ausentzia: emakumeen gorputza. Zer diozu medikuntza eta emakumeon gorputza binomioaz?

Mina egon denean erdigunean, hilekoaren mina adibidez, edo endometriosia bezalako gaitz gogorrak egon direnean, ez da behar bezala ikertu: analgesiarekin artatu izan da, eta nabarmena da emakumeok gaitz hauekin askoz gehiago bideratzen gaituztela psikiatriara. Ezagutza eta baliabide falta nabarmena da.

Ziklo hormonalaren pean egoteak esanahi bat du eta ezberdin eragiten digute sendabelarrek. Hori kontuan edukitzea ezinbestekoa da. Zer adin duen ere bai, eta aurretik zer gaitz izan dituen... horri erreparatu gabe, ez gara ongi ari.

Tradizioz emakumeek transmititu duten sendabelarrei buruzko jakintza dibulgatzen duzu. Sorginak erre zituztenekoa datorkit burura.

Gu kolegiatuta gauden naturopatak gara baina borrokan ari gara ikasketa hauek ofizialak izan daitezen eta ogibide errekonozitua izan dadin. Niretzat sorgin ehiza beti dago hor. Eta beti egongo da hau batere gustatuko ez zaion estamentu bat eta jende klase bat. Osasungintza monopolio bat da eta legeak egiten du horrela izatea: ikasketa ofizial unibertsitarioak egin dituena da osasungintzan aritu daitekeena, gainontzekook ia beti intrusismoan ari garen salaketa hor dago. Gurea bada bazterrean, marginalean egiten den lan bat. Aldi berean, ekonomikoki bolumen eta presentzia handia duena.

Sendabelarrei buruz, askok esan didate “Garbiñe, hori bekatu zen”, eta ea ni nola ausartuko nintzen beste bati erakusten edo publiko egiten. Behin baino gehiagotan gertatu zait nirekin hizketan ari zena zutitzea, sukaldeko atea ixtea eta ondoren esatea ukendua nola egiten duen. Ez Ilustrazioak, ez Elizak, ez osasun estamentuak ez zuten bukatu honekin, baina bazterrean egote hori konnotazio psikologiko, pertsonal, emozional hauekin eraman da: badaezpada hau isilean eraman dezagun, badaezpada bazterrean, ez dugu plaza publikora atera nahi. Askok jarrera hori oso garbi daukate, garai batean arriskuak izan zituenez, kontuz ibili nahi dute.

Argazkia: Dani Blanco.

OSASUNA-GAIXOTASUNA

"Osasuna...
edozein momentutan galdu daitekeen gauza bat da. Gure etxean amak esaten duenez, “horiek denak guretzako daude”. Hau da, gaitz horiek denak gure zain bezala daude. Osasun egoera jarraikor hori ideal ezinezko bat da: gizarteak gaztetasuna, sasoia eta osasuna nahi ditu, baina hori ez da gauza jarrai bat, edozein momentutan gal daiteke; min hartzea oso erraza da, gaixotzea oso erraza da...

Osasuna, osotasuna... balio handiko gauza bat da. Berdin dio zenbat diru duen pertsonak, zer edertasun, zer gaztetasun, desesperazio handiarekin ikusten ditut beste guztia badaukatenak baina osasunik ez, eta beraz, ez dira gai beste guztia gozatzeko. Osasuna oinarri bat da ondo bizi ahal izateko".

"Gaixotasuna...
ez da gustagarria, inork ez du nahi. Gaixotasuna ahultasuna da, zaurgarritasuna, menpekotasuna askotan... erlatibizatzea inportantea da: gaixo egoten ere jakitea. Gaixo on izatea ez da edozer gauza.

Gaixotasunera egokitzeak laguntzen du. Batzuetan ez dago beste erremediorik, gaitz kroniko batekin bizi behar da. Hori ahal den ondoen eramatea, bizi kalitate bat mantentzea, pertsona moduan garatu ahal izatea, posible da. Ez da galera absolutu bezala ikusi behar, umiltasuna da derrigorrezkoa hemen. Gaitzaldi batek jende bati ematen dizkio pertsona moduan garatzeko eta hobetzeko baliabideak".

SENDABELARREK DAKITENA LIBURUA

Liburu honetan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza aurkituko duzu. Ukenduak, tinturak, infusioak eta abar autonomiaz egiteko azalpenak ematen ditu. Sendabelarren inguruko ezagutzan sakontzea, ikasitakoa eta jasotakoa elkarbanatzea, ekarpen berriak egitea, euren toxizitatea eta albo kalteak ezagutzea eta, batez ere, gure egunerokotasuna aberasteko balioko diguten ezagutza praktikoak eskuratzea da liburu honen egitekoa.

Orriak: 280 orrialde

Prezioa: 25 euro

SENDABELARREI BURUZKO HITZALDIA ZURE HERRIAN

Zuen herrian Garbiñe Larreak Sendabelarrek dakitena liburuan oinarritutako hitzaldia ematerik nahi? Idatzi bizibaratzea@bizibaratzea.eus helbidera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
Itzaltzen ari zaigun argia

Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz bezala, larreak “argi txikiz” apaintzen zirela maiatza inguruko gau garbietan... [+]


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


Eguneraketa berriak daude