Lerro artean: Espainiako Kontu Auzitegiak erraustegiaz emandako epaiaren osteko adierazpen gakoen bilduma

  • Espainiako Kontu Auzitegiak urriaren 10ean ateratako sententziak arrazoia eman die Ainhoa Intxaurrandieta (GHK-ko lehendakari ohia) eta Iñaki Errazkini (Ingurumen diputatu ohia). PSE eta EAJren aldeko botoekin, egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jarri zuen haien aurkako salaketa. Epaiaren ostean hainbat eragilek hainbat hedabidetan egin dituzten adierazpenen bilduma osatuko dugu albiste honetan.


2018ko urriaren 12an - 11:17

Sententzia osorik irakurtzeko aukera jarri zuen sarean Naizek urriaren 11n.

Ingurumen diputatu eta GHKko lehendakari Jose Ignacio Asensiok adierazi du (Iturria: Diario Vasco, urriaren 11) "bide juridikoa ez dela amaitu eta ebazpenak errespetatu behar direla irmoak direnean". Azaldu du GHK-ko zerbitzu juridikoak errekurtsoa jarri aztertzen ari direla eta iragarri du gaiak "Auzitegi Gorenean" amaitu dezakeela. 

Epaitu den kasua ulertzeko gakoak oso garbi azalduak ditu Ainhoa Intxaurrandietak otsaileko Larrunen, eta bertan azaleratuak ditu lehen erraustegi proiektuaren kudeaketan gertatu ziren irregulartasunak.

Hemen biltzen goaz, epaia atera ostean hainbat mediotan argitaratu diren elkarrizketetatik, auziari buruzko informazio pertinenteenak:

 

Kudeaketaz

Ainhoa Intxaurrandieta: "Sententzia sakonera sartu da eta argi eta garbi esan du errauste planta gain-dimentsionatua zegoela, errauste planta ez zela bideragarria eta ezin zela eraiki".

Iturria: Oarsoaldeko Hitza, urriaren 11n.

 

Ainhoa Intxaurrandieta: "Epai honetan argi eta garbi geratzen dena da guk ez geneukala beste aukerarik. Testualki dio 'era inviable' [bideraezina]. Ez zegoen beste aukerarik, erraustegiaren kontratua apurtu egin behar zen eta gainera kalterik ez geniola sortu [herrialdeari], ordaindu genuelako ordaindu zitekeen gutxiena".

Iturria: Info7, urriaren 11n.

 

Ainhoa Intxaurrandieta: "[Autzi hau] aitortza bat da: kudeaketa onaren aitortza. Akreditatuta geratu da dena ondo egin genuela eta, gainera, beste aukerarik ez zegoela.

(...) epaileak esaten du gure aurreko kudeatzaileek bazekitela sententzian jasotzen den guztia: oker ari zirela. Sententzian jasota dago kontratua sinatu baino bi urte lehenago ingeniaritzek jada ohartarazi zietela ez zegoela nahikoa hondakinik, eta aukera zutela birdimentsionatzeko, eta, hala ere, ez zutela egin, eta, hori guztia jakinda, aurrera egin zutela. Kontu Auzitegiak epaitu ditu gure aurreko agintariek eta guk eginiko kudeaketa, eta, horren arabera, herritarren interes ekonomikoak defendatu genituen guk; haiek, ez".

Iturria: Berria, urriaren 12an.

 

SWAPak noren ardura?

Iñaki Errazkin: "Horren inguruan, gauza inportante bat esaten du epaiak. 2007-2011ko legealdian hartutako erabaki batzuen ondorio da sententzia. Baina haratago ere egiten du. Esaten du legealdi honetan egungo agintariek aukera izan zutela swap-en sententzia etorri zenean bertan behera uzteko diru xahuketa hori, eta ez zutela nahi izan. Hitz horietatik interpreta daiteke ez zutela onartu nahi izan beren hanka sartzea, eta guri egotzi nahi izan zigutela horren ardura. Epaileak errieta egin die. Esan die diru publikoarekin ezin dela jokatu aurkari politikoari eraso egiteko; saiatu behar duzula zuk kudeatzen duzun administrazio horrentzat ahalik eta egokien jokatzen. Gogoratu du egungo agintariek uko egin ziotela swap-en auzi horretan Gorenera jotzeari, non beste batzuek lortu duten epaimahai batek arrazoia ematea. Egungo agintariei ere leporatu die, beraz, arduragabe jokatzea. 'Zuretzat hainbeste diru den eta hain kaltegarria den erabaki bat duzu, eta ez zara saiatzen horri buelta ematen?'. Epailearentzat ez da ulergarria hori.

Ainhoa Intxaurrandieta: Epailearen arabera, diru hori errekuperatzeko aukera izan dute, baina helegitea kendu dute, eta diru hori eskatu diote, hain justu, kontratu hori apurtu nahi zutenei, hau da, guri bioi, jakinda guk sekula ezingo genuela ordaindu eta banketxeek bai.

Iñaki Errazkin: Ondorioa argia da: EAJk eta PSEk 46 milioi xahutu dituzte EH Bilduri egurra emateko".

Iturria: Berria, urriaren 12an.

 

Auzi teknikoa edo politikoa?

Ainhoa Intxaurrandieta: "Nahiz eta jakin juridikoki dena ondo egin genuela eta izugarrizko kaltea saihestu diogula herrialdeari, bagenekien auzibide honen oinarrian zegoena ez zela juridikoa, politikoa zela. Joko zelaia ere ez zen ohikoa: salaketa EAJk eta PSEk jarri zuten, eta PPko ministro izandako Margarita Mariscal de Gante genuen epailea".

Iturria: Berria, urriaren 12an.

 

Ainhoa Intxaurrandieta: "Hasieratik esaten genuena frogatutzat eman dute Madrilen".

Iturria: Info7, urriaren 11n.

 

Gararen editoriala: "Kontu auzitegiak administrazio publikoa fiskalizatzeko organoak dira, oso politizatuta daudenak. Sententzi hau sinatzen duena Aznarren garaiko Justizia ministroa bazen, [Intxaurrandieta eta Errazkinen garaiko] ustezko irregulartasunak detektatu eta ebaluatu zituena Euskadiko Kontu Auzitegia izan zen –horrela azpimarratu zuen atzo Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok– , zeinaren egungo lehendakaria den hamabi urtez Bizkaiko diputatu izan zen eta EAJko militante den Jose Luis Bilbao. Esku salatzaile bera dabil leku guztietan eta prozesu honek bilatzen duen bakarra da nork agintzen duen argi uztea".

Iturria: Naiz, urriaren 12an.

 

Beste auzibide bat dago zabalik Espainiako Auzitegi Gorenean

Ainhoa Intxaurrandieta: "Auzibide horretan eztabaidatzen ari dena ez da ongi ala gaizki egin genuen, baizik eta nori zegokion hartzea erabakia: guri ala Batzar Nagusiei. Aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen guri zegokigula, baina ez zela erabaki teknikoa izan, erabaki politikoa izan zela".

Iñaki Errazkin: "Gorenean dagoen auzibideari buruz, bi kontu: bata da eskumenen banaketarena, eta hori Euskal Herrian askotan ez da oso garbi izaten: egunerokoan ikusten dugu, gai jakin batzuetan, udaletan-eta. Beste kontu bat da errauste plantaren bideragarritasunaren ingurukoa, eta horri buruz argi mintzo da Kontu Auzitegia: aztertu ditu obren kontratuak, bankuekin eginikoak... Eta ebatzi du hartu genuela hartu genezakeen erabakirik egokiena gipuzkoarrei eta diru publikoaren erabilerari begira. Hori hala izanik, bigarren mailan geratu beharko luke lehenengo puntuak. Baina ez naiz batere fio".

Iturria: Berria, urriaren 12an.

 

Epai honen ondorioak politikan

Ainhoa Intxaurrandieta: "Eraikitzen ari diren erraustegia ere, aurrekoa bezala, gaindimentsionatuta dago, honek ere ekarriko ditu kalte ekonomikoak, baita ingurumenean eta osasunean ere. [Epai] honek arnasgune bat ematen digu, kudeatu daiteke zentzuz, guk frogatu genuen, denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, denborak erakusten du kudeatu daitekeela elite ekonomikoei hortzak erakutsiz. Eta [eraikitzen ari diren] erraustegiarekin ere berdin egin daitekeela".

Iturria: Info7, urriaren 11n.

 

Ainhoa Intxaurrandieta: "[Auzi honekin] demostratu da talka hori dagoela, batzuk begiratzen dute gutxi batzuen mesedetan eta beste batzuk guztion mesedetan. Bi kudeatzeko modu daude, bata ikusten ari garena gaurko Aldundian eta 2007-2011 legegintzaldian: diru publikoa poltsiko pribatuetara nola bideratu azpiegitura horien bitartez; eta bestea da guk lau urtetan demostratzeko aukera izan genuena: enpresei eta banketxeei begiratu ordez, herritarrei begiratuta kudeatu daitekeela".

Iturria: Info7, urriaren 11n.

 

Iñaki Petxarroman: "Kontu auzitegiak emandako epaia garrantzitsua da, batez ere, beste ikuspegi batengatik: Legitimitatea ematen diolako proiektu politiko ezberdinak martxan jartzeko aukerari, baita erraustegia bezalako makro-proiektu handietan ere. Alde horretatik, etorkizunez betetako arma bat da epaia".

Iturria: Berria, urriaren 10ean.

 

Ainhoa Intxaurrandieta: "Auzi hau etorkizuneko kudeatzaileentzako abisu bat zen: 'Negozio potoloak ez dira ukitzen'. Ikusi dugu negozio potoloak gaizki eginda daudenean eta gutxi batzurentzako negozioak direnean, noski baietz, gelditu daitezkeela, eta guk, herritarrok, erabaki behar dugula zer bai eta zer ez den egingarria".

Iturria: Info7, urriaren 11n.

 

Gararen editoriala: "Sententzia honek salatzaileak salatu bihurtu ditu eta orain haiek eman beharko lituzkete azalpenak erraustegiaren kudeaketa txarraz, berau zuzendu eta irtenbideak proposatuz".

Iturria: Naiz, urriaren 12an.

 

Iñaki Errazkin: "Euskal Herri mailan jarrita, kudeaketa publikoak –hondakinenak, energiarenak...– beste espazio eta eztabaida mota bat merezi du, beste parametro batzuetara eraman behar dugu: edukietara, gure gizartearen geroari begira... Baina hor zailtasun handi bat dugu, horren aurretik interes ekonomiko eta elite eta hierarkia batzuk daudelako. Arduradun politikook oso tinko jokatu behar dugu horien aurrean, eta oso garbiak izan behar dugu gure erabakietan. Gai hauen atzean interes indartsuak daude; hori ezin zaio ezkutatu gizarteari, eta, guk, gainera, uste dugu aurre egin behar zaiela interes horiei. Konturatu gara presio asko daudela eta jarrera hori izateagatik oso prezio altua ordain dezakegula, baina borroka hau luzea da. Ea sententzia honek balio digun indarberritzeko".

Iturria: Berria, urriaren 12an.
 

Ainhoa Intxaurrandieta: "Berriro ere egoera honetan egongo banintz, berriro ere berdin egingo nuke".

Iturria: Info7, urriaren 11n.

 

Tasio umoregile grafikoak horrela irudikatu zuen. Iturria: Gara eta Naiz, urriaren 11n.

"Kontu Auzitegiak arrazoi ematen die Intxaurrandieta eta Errazkini erraustegia gelditu izanaren auzian".

 

Epaia jakin osteko erreakzioak:

EH Bilduk urriaren 11n egindako agerraldiaren laburpena,  Hamaika Telebistako bideo honetan:

 

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren adierazpena eta urriaren 26ko manifestaziorako deia:

— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) 2018(e)ko urriaren 10(a)

Gipuzkoa Zutikek eskertu ditu herriz herri Intxaurrandieta eta Errazkinen kasuaz informatzeko hitzaldiak antolatzen aritu diren herritarrak:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude