ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

LAB

Langileen sindikatu abertzalea, 20 urtez

  • Duela 20 urte sortu zen LAB sindikatua Ipar Euskal Herrian,eta ordutik, enpresetan lan sindikala egiteaz gain,mugimendu sozial andanaren bultzatzaile izan da. Bi hamarkadako ibilbidea ez da oztoporik gabekoa izan.


2020ko abenduaren 11n - 12:02
Argazkia: LAB

Ipar Euskal Herriko militante ezkertiar eta abertzaleen aspaldiko kezka izan da sozial arloan lan egiteko beharra. 1970eko hamarkadan Jazar taldea izan izan zen, Susta eta EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea 1990eko hamarkadan, eta Atxik kolektiboa 1997 inguruan. 1999an desegin zen, baina, aski fite berriz hartu zuten ideia, nagusiki Seaska eta Sokoako langile batzuen artean, haien eskubideak defendatzeko tresna baten beharraz oharturik. Eztabaida prozesu bat abiatu zuten, hiru hauturekin: Frantziako sindikatu bati lotzea , sindikatu bat sortzea zerotik eta Euskal Herriko beste sindikatu bati lotzea. Biltzarrak egin zituzten tokian toki, eta sindikatu abertzale bat nahi zutela, eta LABi lotuko zirela erabaki zuten. “Guretzat berez zihoan hori izan behar zela. LAB zen ezker abertzaleko sindikatua”, oroitu da Dominika Dagerre. LABekin harremanean jarri ziren onespena lortzeko, eta erabakia berretsi zuten biltzar nagusian. Dagerrek aurkeztu zuen egitasmoa LABen V. nazio kongresuan. 2000. urteko maiatzaren 1ean egin zuten lehen agerpen publikoa, Baionan. “Momentu historikoa” gogoan du Amaia Fontangek; “berehala ikusi genuen zaila izanen zela tokia hartzea”. 20 urtez, boikotak, erasoak, eta auziak pairatu ondotik, lekua eskatzen jarraitzen dute oraindik.

Fontang izan zen LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko lehen langilea. Baionako Marengo karrikan ireki zuten lokalera sartu eta ordenagailuaren aitzinean eseri zen aldi hura gogoan du. “Argi zen ez ginela prestatuak. Borroka sozialetatik ateratzen ginen, baina borroka sindikala beste zerbait zen”. Lan kodea ireki eta juridikoki prestatzen hasi ziren, eta laguntza ere izan zuten: Kortsikako STC sindikatuarena batetik, eta baita Frantziako sindikatu batzuetako kideena ere, hori inoiz ofiziala izan ez bada ere.

Sindikatua egituratzea izan zen lehen lana, langileengana jotzea afiliatzeko, arloz arloko egoera sozioekonomikoaren azterketak egiten hastea, enpresetan batzordeak sortzea… Hasieran, LABen sartzeko ez zuten eskatzen beste sindikatuetako afiliazioa kentzea. Bazen esperientzia sindikal bat, eta hori baliatu nahi zuten. “Hemen gehienak enpresa txiki eta biziki txikiak dira. Beraz, nahitaez sindikalismo mota berezi bat behar da haiekin aritzeko eta haien eskubideak defenditzeko”, azaldu du Dagerrek. “Hasieratik aztertu genuen prekarietatea gero eta handiagoa zela, eta erabaki genuen gure indarrak ematea prekarioen antolaketan. Hori baita defendatzen genuena: langileek berek behar dutela antolatu, beraien eskubideak defenditzeko”. Aldi baterako enpresei buruz antolatu zituzten hainbat ekintza prekarietatea salatzeko, baita saltegi handietako langileei buruz ere. AC eta Attac mugimenduekin elkarlanean aritu ziren.

Sortu eta berehala izan zuten lehen oztopoa, enpresetan LABen batzordeak sortu nahi izan zituztelarik.Ordezkaritza izatea eskatzen zuen legeak, eta LAB ez zuten sindikatu gisa onartzen. Bokaleko ADA enpresan batzordea sortu, eta auzitara eraman zituen hango nagusiak; gainerako sindikatuek ere bai. Galdu egin zuen LABek. Auzi gehiago izan zituzten, baina enpresa batzuetan onartu zituzten. “Anartean legea aldatu zuten; guretzat biziki inportantea izan zen”, gogoan du Fontangek.

Hasieran arrakasta izan zuten mugimendu abertzalean, eta aski fite ehun afiliatu izatera iritsi ziren, baina ezker abertzalearen baitako eztabaidek eragina izan zutela dio Dagerrek. “Batzuentzat LAB ez zen denen sindikatua, alde batekoak ginen. Alta, hasieratik tendentzia guziak baziren. Gure hedapena trabatu du, eta luzaz”. Kideen aniztasuna osoa zela azpimarratu du, eta horregatik ez zutela egoera politikoari buruz posturarik hartzen. “Gure asmoa zen sindikatua eraikitzea, puntu! Horri eman genion lehentasuna”. Haren ustez, horren ondorioa izan da, besteak beste, sindikatuetan ez zirenak edo Frantziako sindikatuetan zirenak LABen sartu ez izana; “beste batzuek zaila ikusten zuten LABek eraginkortasuna lortzea mundu sindikalean eta enpresetan”.

Terexa Mitxelena CGTko kidea da; mugimendu abertzaleko kidea ere bai. Erretretan da orain, baina sindikatu ordezkari izan da urte anitzez. Duela 20 urte LABen sorrera ez zuen “batere gaizki ikusi”; halere, CGTn egotea erabaki zuen. “Langileen defentsan ari nintzen CGTn, ene lana egiten nuen, eta ez nuen aldatu nahi sindikatuz. Pentsatzen dut CGT tresna hoberena dela horren egiteko. Ez diot galdetzen ene sindikatuari ene eskakizun guztiak betetzeko, baina langileen defentsan aritzea. Horretan ari gara”, esplikatu du. Ez zaio “trabagarria” abertzale izanik CGTn egotea. “CGTko kideek badakite abertzalea naizela, eta ez du inoiz arazorik sortu. Abertzale zenbaitek ez dute ulertzen zergatik CGTn naizen”.

Boikota

Beste sindikatuengandik jasandako boikotak markatu du LABen 20 urteko bidea. 2000an, Espainian egindako terrorismoaren kontrako itunarekin bat egin zuten Frantziako sindikatu nagusiek, eta LABen kontrako erabateko blokeoa erabaki zuten ETAren jarduera armatua gaitzesten ez zuelako. “Estakuru bat besterik ez zen; somatzen zuten lehiakorrak izaten ahal ginela”, iritzi dio Dagerrek. “Beste argumentua zen ez ginela sindikatua, alderdi bati lotuak ginela. Alta, erabat autonomoki funtzionatzen genuen, politikoki independenteak ginen”. Gainerako sindikatuen boikota “gogorra eta ustekabekoa” izan zela aitortu du, lehen manifestazioetan “fisikoki baztertuak” izateraino. 2011n utzi zuen jarduera armatua ETAk, 2017an itzuli zituen armak, eta 2018an desegin zen, baina 2020. urtean boikot berarekin segitzen dute, sindikatu abertzalea intersindikaletik kanpo utzita. “Aski fite, gurea egitea erabaki genuen”, esplikatu du Dagerrek; uzten ez zieten lekua hartzea, funtsean. Maiatzaren 1eko mobilizazioetan beste sindikatuek baino 500 metro beranduago egiten zuten deialdia, ibilbidearen erdian jende lerroan sartu, eta alderdi politiko eta gainerako eragileen aitzinetik zegokien lekua hartzeko. Enpresetan ere elkarlana sustatzen saiatu ziren; “arazo nagusia zuzendaritzetan zegoen”.

Baionako Lan Auzitegiko hauteskundeak izan ziren lehen inflexio puntua, 2002. urtean. “Gure harridurarako epaile bat lortu genuen”, azaldu du Geronimo Prietok; hura izan zen hautatua. “Beste sindikatuekin parez pareko diskurtsoa izatea ahalbidetu zigun; sinesgarritasuna eman zigun”. 2008ko hauteskundeetan lau epaile lortu zituzten; “gu gabe inork ez zuen gehiengorik lortzen ahal”. Beste sindikatuak LABekin mintzatzera behartu zituen.

2009an Oldartu kolektiboa bultzatu zuen LABek, Guadalupe eta Martinikako mugimenduetan inspiratuta, eta Baiona-Angelu-Biarritz eremuko garraio publikoen doakotasunaren aldeko kanpaina abiatu zuen. AB, Batasuna eta NPA alderdiak, LAB, CNT, ELB eta Solidaires sindikatuak, Segi, kolektibo feminista eta Attac bildu ziren besteak beste. Talde hori izan zen 2010eko erretreten erreformaren kontra grebalarien asanblea bultzatu zuen, eta 2016an lan legearen aurkako kolektiboa —honetan, trenbideetako CGT sindikatuak ere parte hartu zuen—. LABek pisu handia izan zuen elkarlan horietan. “Jasaten zen boikota saihesteko manera zuen, gure eragina zabaltzekoa”, erran du Dagerrek. “Asmoa ez zen entrismoa, besteekin lan eginez gure ideiak zabaldu eta indar gehiago lortzea baizik”.

2016ko enpresa txikietako hauteskundeak beste inflexio puntu bat izan ziren. Frantziako CGT sindikatuak helegitea ezarri zuen LABen hautagaitzaren kontra. Epaitegian aurkeztutako salaketak zioen LABek ez duela sindikatu profesional estatusa betetzen, euskarari garrantzia emanez elebitasuna hobesten duelako, eta sindikatu independentista gisa aurkezten delako. CGTren arabera, bi ideia horiek “ez datoz bat balio errepublikanoekin”. LABek helburu politikoak dituela gaineratu zuen idatzian, eta ez dituela “esklusiboki” langileen eskubideak defendatzen. Ipar Euskal Herrian sekulako eztabaida sortu zuen CGT sindikatuaren baitan. Lan legearen kontrako mobilizazio gogor baten ondorena zen, LABeko eta CGTko kideak batera aritu ziren karrikako mobilizazioetan, baina erabilitako argumentuen kontra ere asaldatu ziren CGTren barneko euskaldunak eta abertzaleak. Azkenean, “Parisen hartutako erabakiaren” kontra agertu zen Ipar Euskal Herriko egitura. Prozedura judizial luze baten ondorik, Parisko Kasazio auzitegiak behin betiko arrazoia eman zion sindikatu abertzaleari. “Ahalbidetu zigun gure izaera sindikala juridikoki blindatzea”, adierazi du Prietok;”baina prozeduran galdutako sosa ez dugu errekuperatu”. Azken urteetan, CGTrekin batera antolatu izan ditu maiatzaren 1eko mobilizazioak LABek. Ohiko mobilizazioen antolaketatik kanpo utzi ohi dute oraindik.

Bertan erabaki

Gaur egun sindikalismoa “oro har krisian” dela uste du Prietok; “Langile kontzientzia apaltzen ari da”. Prekarietatearen eta neoliberalismoaren gorakada aipatu ditu Dagerrek: “gero eta zailagoa da lan sindikala eramatea; behar dira borroka molde berriak pentsatu”. Hala ere, Ipar Euskal Herrian LABek sekzioak irekitzen eta kideak lortzen segitzen duela azpimarratu du Prietok.

Ipar Euskal Herrian negoziazio kolektiborako eremu propioa sortzea da LABen erronka nagusietako bat, urteotan garatu duten Bertan Erabaki ildoaren baitan. Garapen Kontseiluan anitz landu dute gaia, baita beste sindikatu batzuekin ere. Baina oztopo anitz badira oraindik, eta gainerako sindikatu gehienek ez dute pausoa eman nahi. “Sindikatuen indarrak Ipar Euskal Herri mailan neurtzeak, LABek duen indarra erakutsiko luke”, dio Prietok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LAB
Jaime Iribarren (LAB)
"Zapia buruan eramateagatik diskriminatu egiten dituzte lantokietan"

Elkarretaratzea egin dute Iruñean asteazkenean SOS Arrazakeria taldeak eta LAB sindikatuak salatzeko zapia buruan erabiltzen duten zenbait emakumeri "mehatxuak" eta "irainak" eragin dizkietela euren lanpostutan. "Ohikoa" den diskriminazioa... [+]


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Osakidetzan zortzi milioi euro “irregularki” eta “legez kontra” esleitu izana salatu du LABek

LABek Osakidetzako kontratuen zatikatze irregularra detektatu du. 381 kontratu txiki aurkitu ditu 2022an, zortzi milioi euro baino gehixeagokoak. Herri Kontuen Euskal Epaitegiari prozeduraren berri emango dio.


2024-01-04 | Jon Torner Zabala
Jende gutxiago dago langabezian, baina prekarietatea "pandemia" bilakatzen ari da

Hego Euskal Herrian, 2023ko abenduan urtebete lehenago baino 4.641 langabe gutxiago zegoela jakinarazi berri du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Sindikatuek, dena den, datu horren itzalean dagoen errealitateaz ohartarazi dute. ELAk, adibidez, gogorarazi du lau lan... [+]


Eguneraketa berriak daude