Lan mundua euskalduntzeko egitasmo pilotua abiatuko dute ELAk eta LABek Urola Kostan

  • Lan mundua euskalduntzeko bidean egitasmoa bateratua aurkeztu dute ELA eta LAB sindikatuek, Euskararen Nazioarteko Egunaren (abenduak 3) ingurumarian. Azaldu dutenez, 2017ko urtarrilean jarriko dute martxan proiektu pilotua, Urola Kostan, eta Kontseiluarekin batera jardungo dute egitasmoa aurrera ateratzeko.


2016ko azaroaren 29an - 16:26
(Argazkia: Dani Blanco)

Iragarri dutenez, sindikatuetako kideak eskualdeko 10-15 enpresatan arituko dira proiektuan, eta “langile guztiei” ateak zabalduko dizkiete. Formazio tailerrak, enpresetako egoeren diagnostikoak eta euskalduntze ekintzak egingo dituzte, besteak beste. Protagonismoa langileena izango bada ere, lan munduko gainerako eragile guztiekin harremana garatzeko asmoa agertu dute. Kontseilua arduratuko da zubi lana egiteaz.   

Bi sindikatuotako ordezkarien esanetan, “langileok euskararen normalizazio prozesuaren eragile aktibo izan behar dugu; hizkuntza eskubideak lan eskubideen barruan daudela uste dugun neurrian, ekintza sindikalaren bitartez eragitea izango da helburua”. Egitasmoaren plangintza betetakoan emaitzak aztertu eta hurrengo urratsak erabakiko dituztela esan dute; ez dute zehaztu proiektu pilotuak noiz arte iraungo duen.

“Lan munduaren euskalduntze integrala da gure erronka”, azpimarratu eta euskara sustatzean erabilera ardatz izango dutela gaineratu dute.

Euskararen Eguneko adierazpen instituzionala sinatzeari uko

Egitasmoa aurkezteaz batera, LABek eta ELAk adierazi dute uko egin diotela HAKOBAk (Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak) Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta prestatutako agiria sinatzeari, hala nola sinatzaileen argazkian agertzeari. Azaldu dutenez, “gonbidapenean edonork atxikimendua emateko moduko dokumentua dela azpimarratu dute egileek; horrek testuaren edukia erabat lausotu du, Jaurlaritzak ez du egiazko konpromiso politikorik hartzen”.

Sindikatuen iritziz, HAKOBAren agiriak norbanakoen konpromisoari ematen dio garrantzi handiena, haien erantzukizuna eta erakundeena maila berean jarriz. Onartezintzat jo dute hori ELAk eta LABek. Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin harremanik ez dutela gogorarazi dute, “lantokietan euskara sustatzeko LanHitz akordioa apurtu eta Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenez geroztik”.   


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude