La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

  • Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura oraindik gauzatu gabe dagoela salatu dute.

Batzar Nagusian aurkeztu dute La Cumbreren memoriarako egitasmoa. BN Gipuzkoa

2025eko urtarrilaren 28an - 12:43
Azken eguneraketa: 15:31
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Astelehen honetan aurkeztu dute elkarte memorialistek Gipuzkoako Batzar Nagusietan La Cumbre memoria leku gisa egokitzeko proiektua. Jauregia Espainiako Gobernuaren jabetzakoa den arren, 2022ko urriaren 19an Memoria Demokratikoaren Legea onartu zen, eta La Cumbre zein Ezkabako gotorlekua memoria leku moduan aitortu zituen. Legea onartu eta urte betera aplikatu beharko litzateke erabakia, 2023ko urrian.

Proposamenean kokalekuaren etorkizuneko erabileren oinarriak finkatu dituzte estatu terrorismoaren biktimen senideek, Aranzadi zientzia elkarteak, Egiari Zor-ek, Argituz-ek, Mikel Zabalza Herri Ekimenak eta Berridatzi Elkarteak. Frankismo eta Trantsizio garaietako errepresioari buruzko erakusketa iraunkorra, pedagogia eta dibulgazio zerbitzua, webgunea, argitu gabeko kasuak ikertzeko gunea eta akonpainamendu psiko-sozialerako gunea sortzea proposatu dute, besteak beste.

Aurkezpenean izan dira Asun Lasa eta Pili Zabala senitartekoak, eta Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea. Eraikina lehenbailehen Donostiako Udalaren esku uztea eskatu dute. Zabalak adierazi du ez duela ulertzen “hainbeste erresistentzia” lege batean idatzita dagoen mandatu bat betetzeko.

Berehalako lagapena

Egitasmoaren aurkezpenaren ostean hartu dute hitza batzarkideek. EH Bilduko Luis Barigarrementeriak bat egin du elkarte memorialisten proposamenarekin eta lagapena "ahalik eta azkarren" egin behar dela adierazi du, hori izango delako "abiapuntua".

EAJko Ianko Ganboak ere lagapena gauzatzeko beharra aldarrikatu du. La Cumbre memoria kolektiborako tokia izan behar dela adierazi du, baina fokua Lasa eta Zabalaren bahiketan, torturan eta hilketan jarri behar dela, Berriak jaso duenez.

PPren ordezkaritza hartu du Jorge Motak, Donostiako Udaleko zinegotziak. Ángel Jesús Mota Martuteneko espetxeko funtzionario ohiaren anaia da bera, 1990ean ETAk buruan tiro eginda hil zuena. ETAren biktimei ere aitortza eman behar zaiela azaldu du, eta La Cumbren lekua izan beharko luketela.

 


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko urriaren 14
Patxi Martinez de Marigorta. Memoriaren bide bihurtsua
"Trantsizio garaiko barkamen-ituna izan zena, ahanztura-itun bihurtu da"

2026ko irailaren 23
Esker mila

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.