Kukubaso elkartea sortu dute, "ia erabat galduta" dagoen bertako basoa berreskuratzea helburu, eta banda marroiaren kalteari eta eukaliptoaren "mehatxuari" aurre egiten saiatzeko; maiatzaren 18an aurkeztuko dute elkartea bera, Seminarixoan (18:30).
Bergarak duen 77,3 kilometro koadroko azaleraren barruan %1 da jabetza publikokoa eta bertako jatorria duen basoa ia erabat galduta dago, harizti, pagadi eta bestelako bertako espeziei dagokienez. Gainera, egungo Bergarako lurretako %60an pinu eta konifera landaketa intentsiboak dira nagusi; 2018an intsignis pinuei eragiten dien banda marroiaren arazoak eztanda egin zuenetik hainbat eta hainbat pinu bota behar izan dituzte, bertako paisaia izugarri aldatzeraino.
Hain zuzen ere, pandemiak eragindako mugikortasun mugen ondorioz bergarar asko konturatu dira bertako mendi, baso eta naturaguneak zein egoera kaskarrean dauden.
Hala, egoera zail horri buelta ematen saiatzeko sortu dute Kukubaso, eta maiatzaren 18an egingo dute elkartea aurkezteko ekitaldi publikoa; Seminarixoan izango da, 18:30ean, eta Kukubasoko presidente Ainhoa Agirrebeña, Naturkom-eko kide eta MUko irakasle Aitziber Sarobe eta biologian doktore Kiko Alvarez izango dira hizlariak.
Banda marroiak "egiturazko krisi bat" azaleratu duela eta etorkizunera begira "zerbait" egin beharra dagoela sinistuta abiatu du Kukubaso herritar talde txiki batek. Izenaren jatorria dago AHTko Bergarako lotuneko lanek desagerrarazi zuten izen bereko basoan, eta estatutuetan ondo zehaztuta daude euren helburuak: "Bergarako eta bere inguruko lurretan dauden bertako basoak berreskuratzea, eta ekosistema horiei lotzen zaien biodibertsitatea mantentzea; bertako basoa sustatuz, landareei eta animaliei babeslekua eskainiz eta errekak osasuntsu mantenduz, gure bizi kalitatea hobetu eta Bergara bizigarriagoa eraiki nahi dugu; hori guztia, herri-lurren ideia berreskuratuta".
Helburu nagusiak horiek dira, eta horiek lortzeko jarduerak ere zehaztu dituzte. Lurrak erostea da jardueretako bat: "Bertako basoa berreskuratzeko ekimenak egin nahi ditugu, lurraldearen zaintza eta lursailak herri-lur bihurtzea barne. Lurrak erosi, lur-jabeekin hitzarmenak sinatu, mendi irteerak antolatu eta landaketak egin".
Bestalde, Kukubasoko kideek argi dute Udalarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea "ezinbestekoa" izango dela: "Udaleko ordezkariekin elkartzea da asmoetako bat, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrean bertako basoa kontserbatu eta biodibertsitatea defendatzearen aldeko neurriak hartu eta arautu ditzan. Baita herriko ikastetxeekin tailerrak antolatzea ere, herriko enpresa eta lantegiekin gure helburuak bultzatzeko proiektuak landu eta hitzaldiak antolatzearekin batera".
Kezka eta ardura bazeuden aspalditik, baina, askotan gertatzen den moduan, inflexio-puntu bat behar izan zuen Kukubaso elkarteak ere bere sorrera azkartzeko. Urtarrilaren 26an Seminarixoan izandako hitzaldi bat izan zen inflexio-puntu hori. Trantsizio sozioekologikoaren zikloaren barruan Udalak bioaniztasunaren eta basogintzaren gainean antolatuko saioak arrastoa utzi zuen jarraitu zuten herritarrengan.
EHUko irakasle Arturo Elosegi eta Mendia Bizirik taldeko Iñaki Madinabeitia izan ziren hizlari nagusiak eta haiekin batera egon ziren Errez kooperatibako Iñaki Etxebeste eta Markel Arriolabengoa, Tantai Baso Jabe kooperatiba proiektuaren berri ere eman zutenak. "Hitzaldian, Soraluzeko eta Eibarko Baso Biziak taldeko kideak ezagutu genituen eta eurekin elkartu ostean jakin genuen elkartea nola sortu zuten. Esan ziguten sekulako arrakastarekin abiatu zutela taldea eta animatu gintuzten Bergaran ere martxan jartzera. Talde txiki bat aritu gara elkarteari forma emateko, eta orain, jendea batzeko unea da", azaldu du Kukubaso kide Joseba Zuzaetak.
Errez kooperatibako Etxebesterekin eta Arriolabengoarekin ere egon ziren elkartea sortzeko urratsa egin aurretik, Arianne Kareagak gogoratu duenez: "Errez kooperatibakoek bailarako ikuspegia dute eta galdetu genien ea pertinentea zen Bergaran elkartea sortzea. Esan ziguten baietz: zenbat eta elkarte gehiago egon, orduan eta hobeto. Topatuko ditugula aurrerago elkarlanerako formulak".
Bertako basoak berreskuratzeko asmoz Debagoienean sortu den lehen elkartea da Kukubaso. Beharrak eragindako borondatea badute, eta baita ezagutza ere, badituzte-eta gaian adituak direnak elkarte barruan. Biologian doktore Kiko Alvarez da adituetako bat: "Argi utzi behar dugu bioaniztasunaren galera global baten aurrean gaudela. Hala ere, nork bere herritik ere aurre egin beharreko arazoa da". Bergarako mendien eta basoen kontserbazioa "eskasa" dela dio Alvarezek: "Apenas dugu lur publikorik, eta, beraz, ezinbestekoa da, Kukubasoren zein Udalaren partetik, lur-eremuak berreskuratzen joatea bertako basoa berreskuratzeko. Helburua argia da: bertako basoaren bioaniztasuna berreskuratzea, ondasunak eta zerbitzu publikoak sortzearekin batera".
Kukubasoko kideak bereziki kezkatuta daude lur-jabe handiak eukaliptoa landatzen hasita daudelako Bergarako lurretan. Pol-Pol iturriaren inguruan – Kerexetako trikuharritik behera– eta Partaititik gora Asentzio inguruan, esaterako, eukaliptoa landatu dute.
Alvarezek argi dauka zenbaterainoko "mehatxua" den eukaliptoa hemengo lurretan landatzea: "Eukaliptoak bi zentzutan egiten dio kalte gure ingurumenari: batetik, espeziea bera da kaltegarria, lurra pobretzen duelako eta bere inguruan dagoen bioaniztasuna nabarmen murrizten duelako. Eukaliptoek estrategia kimikoak garatzen dituzte beste espezie begetal batzuk ondoan hazi ez daitezen. Gainera, eukaliptoaren orbela nekez deskonposatzen da gurean, eta erreketara heltzen denean uraren konposizio kimikoa eraldatzen dute, eta, beraz, baita gure ur-ekosistema ere. Bigarrenik, eukaliptoa ustiatzeko modua oso kaltegarria da dagoeneko oso zigortuta dagoen ingurumenarenarentzat. Egurra ahalik eta azkarren ateratzeko ahaleginak eta ustiapena amaitzen denean zuhaitz guztiak sustraietatik atera behar izatea oso-oso kaltegarria da lurrarentzat. Ezin dugu ahaztu lurra gure ondasun preziatuena dela, bizitzaren oinarria, mendeak behar izaten direla berriro sortzeko".
Kukubasoren helburu nagusia da, esandako moduan, lur-jabe txikiei lurrak erosita edo utzita bertako basoa berreskuratzea. Baina nola? Zein preziotan? Honako hau dio Alvarezek: "Lurrak erosi ahal izateak ilusio handia pizten digu, baina oso zaila izango dela ere badakigu. Nahi duguna da nahikoa bazkide eta babes jasotzea elkarteari lurrak pixkanaka erosten joatea ahalbidetzeko eta lur horietan modu aktiboan egitea bertako basoaren berreskurapenaren alde. Uste dut, gainera, badela modua jendeak Kukubaso berea ere badela sentitzeko; proiektu komuna da, denon artean egina eta denontzat izango dena".
Garai bateko herri-lurren ideia berreskuratzea dute buruan, eta gertu daude, Alvarezen arabera, lur-jabe txikiei aholkularitza zerbitzua emateko: "Zaila da orain bertan aholkularitza zerbitzu hori nola emango dugun zehaztea, bideari ekin besterik ez diogulako egin. Dena den, ez dugu inongo arazorik Kukubasoren helburuekin bat egiten duten lur-jabeei euren lurren kudeaketa nola egin dezaketen aholkatzeko. Hau da, Bergaran bertako basoa berreskuratzeko eta baso hori ahalik eta ondoen mantendu nahi duten jabeekin lan egiteko oso gogotsu gaude".
Jendea erakarri nahi dute, uda aurretik: "Etorri Kukubaso ezagutzera, bazkide egitera eta gurekin kolaboratzera. Uste dut herritarren parte hartzea garrantzitsua dela, eta baita, nola ez, Udalaren inplikazioa lortzea ere. Denondako proiektua da, eta ilusio handiarekin heltzen diogu. Eta, ororen gainetik, etorkizunerako proiektua da".
Trantsizio sozioekologikoaren bueltako hitzaldi zikloaren barruan, bioaniztasunaren eta basogintzaren gaineko saioan Mendia Bizirik taldeko Iñaki Madinabeitiak azpimarratu zuen bertako basoa "ia guztiz" galdutzat ematen dela Bergaran; ez dago harizti, pagadi edota bertako espeziez osatutako basorik. Basorik ez, eta bertako landaredia oso sakabanatuta: "Egitura begetal oso pobrea dugu eta elkarren artean ez dute konexiorik; horrek hainbat arazo sortzen ditu". Horrenbeste pinu eta konifera era intentsiboan landatu ostean, lurrak pobretu egin dira eta pinuak eurak ere makalago hazi dira: "Hala sortzen dira pandemiak, banda marroia eta bestelakoak".
EHUko irakasle Arturo Elosegi ere izan zen arrasto handia utzi zuen hitzaldi hartan; Euskal Herriko basogintza krisian dagoela esan zuen: "Prezioen gorabeherek, errelebo faltak eta landaketetan izandako izurriek pinuaren gainbehera eta basogintzaren etorkizuna birplanteatzeko beharra ekarri dute. Azken urteotan gertatzen ari den aldaketa handiena eukaliptoen hedapena izan da. Argitaratutako ikerketa zientifikoek nabarmen utzi dute zuhaizti horiek ingurumeneko eragin kaltegarria dutela, bereziki, biodibertsitatean. Beraz, Euskal Herriko ingurumena zainduko duen basogintza-eredu bat bilatzeko erronka handia dugu aurrean".
Kukubasoko kideen esanak
Ainhoa Agirrebeña, Kukubasoko presidentea: "Argi geratu zaigu zerbait egin behar dela"
Elkartea sortuta, ezagutzera emateko unea da, ezta?
Kukubaso zer den eta zertarako sortu dugun ahalik eta ondoen azaldu nahi diogu herriari. Sare sozialetan aktibo gaude, interesa izan ahal dezaketen herritarrak erakartzeko, eta gero, ekitaldi nagusia izango da maiatzaren 18ko Seminarixoko hitzaldia. Elkarlana da zuen ardatza. Ezinbestekoa. Ahalik eta parte-hartze handiena eta zabalena ari gara bilatzen, ez bakarrik natura arloko eragileekin. Lanerako gertu dagoen edozein kolektibo batu daiteke. Ikastetxeekin lan egiteko asmoa dugu, adibidez.
Pandemiak agerian utzi du bertako lurren egoera...
Herritik ezin mugitu ibili gara eta bertako mendi eta basoetara egin dugu. Hala ohartu gara pinuen banda marroiak eta azken urteetako kudeaketak eragin duen kalteaz; zerbait egin behar dela argi geratu zaigu.
Joseba Zuzaeta, Kukubasoko kidea: "Has gaitezen, seme-alabek gozatu dezaten"
Bergarako basoetan asko ibilitakoa zara. Nola daude?
Guztiz gorrituta. Zutik dauden pinuak lehortuta eta ustelduta daude. Egoera oso makala da. Hori gutxi balitz, lur jabe handi batzuk eukaliptoa landatzen ari dira Bergarako lurretan, egurra lantzen duten enpresei begira.
Eukaliptoa zergatik da mehatxua lur hauentzat?
EHUko Arturo Elosegik hainbat kalte aipatu zituen. Baina nik bizitakotik hitz egingo dizut: eukaliptoa landatuta dagoen basoetatik igaro besterik ez dago konturatzeko lur eremu horretan ez dagoela bizitzarik.
Egoera zaila da, beraz.
Ezkorrak izateko motiboak egon arren, mezu positibo bat bidali nahi dut. Erdi Aroko arkitektoek ez zuten euren katedralak amaitzen ikusten, baina gure herriko ondare dira; herri-lurrak berreskuratzen has gaitezen lehenbailehen, gure seme-alabek gozatu dezaten.
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil denak.
Veneziako urmaela, 452. urtea. Hunoen inbasioak bultzatuta, Italiar penintsulako barrualdeko hainbat biztanlek eremu zingiratsuan hartu zuten behin behineko babesa. Baina lonbardiarren inbasioak iritsi ziren urte batzuetan, eta bizitoki iraunkorra bihurtuko zen etorkin... [+]
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]
Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman dituzte Iratiko oihaneko liken eta goroldioetan. Ikerketan ondorioztatu dute kutsatzaile horietako batzuk inguruko hiriguneetatik iristen direla, beste batzuk nekazaritzan egiten diren erreketetatik, eta, azkenik, beste batzuk duela zenbait... [+]
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]
Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]
Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]