Krisiak emakume langileen baldintzak okertu ditu, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera

  • COVID-19arekin eztanda egin duen mundu mailako krisiak sektore feminizatuei eragin die gehien. Lanpostu galera handienak emakumeek jasan dituzte eta etxeko zaintza lan gehiago erori da euren gain.


2020ko uztailaren 01an - 10:00

Lan-munduan emakumeen eta gizonen berdintasunari oztopo gehiago sortu zaizkio koronabirusaren pandemia hasi zenetik. Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) astearte honetan nabarmendu duenez, osasun-larrialdiak piztutako krisi ekonomikoak eragin handiagoa izan du langile asko dituzten sektoreetan, emakumeen enplegu gehiago suntsitu du gizonena baino; eta haurren, adinekoen eta mendekoen zaintza guztia etxeetara bideratu du, hezkuntza eta laguntza zentroak ixtearen ondorioz.

Lan guzti hori pandemian ere ez da modu orekatuan banatu, izan ere, emakume langileei pandemiak “neurriz kanpo” eragin diela azaldu dute. Azken hamarkadetan genero-berdintasunaren arloan garatu omen diren “aurrerapen apalak galtzeko” eta “lanarekin lotutako genero-desberdintasunak areagotzeko” arriskua dago, pandemiak lan-munduan dituen ondorioei buruzko OITren azken txostenaren arabera. Aditzera eman dutenez, pandemiak enpleguan eragindako kalteak askoz handiagoak izan dira erakundeak aurreikusitakoak baino. Mundu mailan 2020ko bigarren hiruhilekoan galdutako lanorduak %14 izan ziren, hau da, lanaldi osoko 480 lanpostu suntsitu ziren (asteko 40 ordukoak), eta kalkuluen arabera, 365 milioi lanpostu galdu ziren.

Langabeziak kolpatuta

Erakundeak datu kezkagarri gehiago ere eskaini ditu, izan ere, emakumeek lan-merkatuan duten presentzia gizonena baino txikiagoa da oraindik, eta soldata-arrakala bezalako oztopoek zeharkatzen dute jarduera ekonomikoa. Azken krisi honek berezitasun nabari bat du gainera, emakumeen enplegua gizonena baino are arrisku handiagoan baitago oraingoan, batez ere krisiak zerbitzuen sektorean izan dituen ondorioengatik.

Mundu mailan, emakume enplegatu guztien artean, ia 510 milioik, hots, %40ak, gehien kaltetutako sektoreetan egiten dute lan. Horien artean aurkitzen dira ostalaritza eta elikadura-zerbitzuak, handizkako eta txikizkako merkataritza, higiezinen sektorea, merkataritza, administrazio-jarduerak eta manufaktura-industria. Eremu horietan enplegatutako gizonen proportzioa %36,6koa da, gainontzekoak emakumeak dira.

Debaluazioa

Zehazki, OITk nabarmendu du etxeko zerbitzuetan dihardutenentzat pandemiaren aurkako neurriak oso kaltegarriak izan direla, eta sektore horretako protagonistak nagusiki emakumeak direla. Erakundeak ekainaren 4an aurkeztutako kalkuluen arabera, 55 milioi pertsonak, hots, mundu osoko etxeko langileen %72,3k, “itxieraren eta gizarte-segurantzako estaldura eraginkor baten faltan, lanpostuak eta diru-sarrerak galtzeko arrisku handia dute".

Espainiako Estatuan, adibidez, etxeko langileek oraindik ez dute langabezia-eskubidea aitortuta. Gobernuak aldi baterako sorospena onartu zuen eurentzat pandemia puri-purian zenean, baina egoera erregularrean aurkitzen diren horiengana baino ez da iristen. Langile informalen artean ere emakume gehiago dago mundu mailan, eta horien artean migratzaileak nabarmentzen dira batez ere, erabateko zaurgarritasun egoeran geratu baitira krisi honetan. Estatuek ohiko zirkulazioa debekatu dutenez, pertsona horien lana oztopatu egin dute, eta gainera ez dute babes sozialerako aukerarik.

Errekuperazio erlatiboa

Hainbat herrialdetako kasuak adibide gisa jarrita, OITk nabarmendu du apirileko eta maiatzeko urte arteko enplegu-murrizketa kasu guztietan "nabarmen handiagoa” izan dela emakumeentzat gizonezkoentzat baino. Kanadan, adibidez, emakumeen enplegu-murrizketa %16,5ekoa izan zen, eta gizonena, aldiz, %13,8koa. Espainiako Estatuan, Jose Luis Escriva ministroak azpimarratu duenez, pandemiaren lehen hilabeteetan izandako enplegu-galerak gizonei eta emakumeei “antzeko neurrian” eragin omen zien, 524.000 gizonezko gutxiago eta 423.000 emakumezko gutxiago. Ekainaren erdialdera arte erregistratutako enplegu-errekuperazioak emakume ugari atzean utzi ditu ordea: 226.000 gizonezko itzuli dira lanera, eta emakumeak, berriz, 62.000 baino ez.

Zaintzaren zama

Emakumeen enpleguek pairatzen duten arriskua ez da lan-berdintasunera mugatzen ordea. Heziguneen eta menpekotasun egoeran aurkitzen diren pertsonei laguntzeko zentroen itxierek familia-zaintzako zeregin guztiak itzuli dituzte etxeetara. Behin etxean egonik, zeregin horiek emakumeengan jausten dira, Espainiako Estatuko zenbait ikerketak seinalatzen dutenez. Pandemiaren aurretik, "emakumeek soldatapekoa ez den zaintza-lan guztiaren hiru laurden inguru hartzen zuten euren gain", gogorarazi du OITk. Emakumeen zaintzari eskaini behar dioten denbora hori "areagotu egiten da haurrak etxean daudenean", konfinamenduan zehar izan den bezala. Erakundeak, gainera, guraso bakarreko familien “zailtasun berezia” nabarmentzen du, gehienak emakumeak baitira, %78,4, zehazki.

Baldintzen mailaketa

Lan-ordutegi malguak ezartzea eta telelanaren aplikazioa izan dira enpresa ugarik konfinamendu hilabeteotan hartu dituzten neurriak, "etorkizunean ohikoagoak izan daitezke”, OITren ustez. Erakundeak eskatu duenez, herrialdeei dagokie gizonen eta emakumeen telelana egiteko “aukera berdintasuna” bermatzea, bai eta "laneko segurtasun eta osasun gaiak behar bezala jorratzea ere, etxeko indarkeria barne". OITk gogora ekarri duenez, "aurreko krisiek erakutsi dute emakumeek beren lanpostuak galtzen dituztenean, soldatapekoak ez diren zaintza-lanean gehiago parte hartzen dutela, eta enpleguak urriak direnean, sarritan ukatu egiten zaizkiela emakumeei gizonentzat eskuragarri dauden lan-aukerak". Hori dela eta, azken krisi honek "emakumeek lan merkatuan dituzten diru-sarrerak bertan behera uzteko mehatxua egiten du, soldataz kanpoko zaintza lanaren banaketan izandako aldaketa positiboekin batera", ohartarazi du nazioarteko erakundeak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume langileen eskubideak
2024-02-27 | Leire Artola Arin
"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Gehiegizko berdintasuna

Berdintasuna, haurdunaldia bezalaxe, badago edo ez dago. Berdintasunik ez dagoenean, ezberdintasuna dago, hori da neurtu eta baloratu daitekeena. Akaso berdintasunaren ondorioak izan daitezke gehiegizkoak batzuentzat, baina horrek eztabaida ondorioetan kokatuko luke, sekulan ez... [+]


Itzalpeko emakume arkeologoen itzala

Errenteria (Gipuzkoa), 1892. Aizpitarte kobazuloetan Gipuzkoako lehen indusketa arkeologikoak egin ziren, Lersundi kondea buru zuen taldearen eskutik. Handik hamaika urtera, 1903an Alfontso XIII.a Espainiako erregeak bisita egin zuen aztarnategira, eta aitzakia horrekin argazkia... [+]


Eguneraketa berriak daude