Krimea eta Kosovo

  • 2014 urte historikoa izango dugu Europan. Bai Katalunia zein Eskozia abiapuntuan daude: erreferendum bitartez, bai batak zein besteak, geroz eta oldarkorrago eta antidemokratikoago den Europar Batasunaren baitan beren etorkizuna erabakiko dute. Gaur egun dugun zalantzari handiena “nazioarteko komunitateak” izango duen jarreraren ingurukoa da: “europar barne arazo” hauen aurrean nazioarteko legediarekin erantzungo duen edo ez. Baina hala izan ala ez izan, herri hauen balizko independentziak aurrekari historiko bat ezarriko du denontzat, baita ere euskaldunontzat. Baliteke Europar batasunetik at bizirautea? Bai eta beharrezkoa da, hala uste dugu.


2014ko martxoaren 31n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Betiereko belgikar krisia (Flandria ez dago prozesu independentista klasiko batean murgildurik, hura belgikar federazioa osatzen duten bi subjektuen, Flandriaren eta frantses-hiztun Waloniaren arteko “adostasunezko” haustura federal bat baita; bion eliteek eraginda baita ere) edota 2006ko montenegroar sezesioa (hau ere arrazoi ekonomikoek eragindako “anaien arteko banaketa” izaki; bi subjektu federalek historia, hizkuntza, erlijioa eta etnia osaketa komunean dutelarik) alde batera utzirik, begirada dena krimear penintsulan paratzen dira. Krimear herria, Ukrainako Estatu-kolpe faxistari erantzunez, ustekabean Europan ematen ari diren prozesu independentisten zerrendan izena ematea erabaki du; eta hala, eztabaidaezinezko herri-babes batez, Errusiarekin bat egiteko nahi historikoa bete du.

Eta batez ere NATOk Jugoslaviaren aurka hasitako “oldarraldi humanitarioa” gertatu zenetik 15 urte bete direnean (hiru hilabetetan “gizalegez” milaka zibil hil zirelarik) Kosovoko prozesuari babesa eman zizkiotenak (hau ez zen autodeterminazio prozesua izan, okupazio militarra eta narko-kolonia baten sorrera baizik, gainera kasualitaterik gabe Montenegro, Mazedonia edo Greziako albaniarren arazoa zoko-bazter uzten zuelarik) Krimearen zilegitasunaren inguruko zalantzekin agertzen zaizkigu, bere autodeterminazio eskubidea ukatzen dutelarik. Bi kasuon arteko konparazioa ez da lekuz kanpokoa, beharrezkoa baizik: nazioarteko legediaren ikuspuntutik Kosovok eta Krimeak antzeko prozesuak azaleratzen dituzte eta biek europar Batasunetik at “de facto” sezesiorako aukera badagoela frogatzen dute.

Baina gehienetan, Kosovo eta Krimearen arteko konparazioak mendebaldeko paradigmatik abiatzen dira, gezurra edota manipulazioa oinarri dutela. Izan ere, Krimean ez da prozesua baldintzatu duen okupazio militarrik eman, Donetsken barrena “demokratikoki” ibili diren lepo armatutako blackwaterrak salbu. Itsaso beltzeko errusiar itsaso-armadak 1789tik darama Krimean, hau 1991 arte (Inperioa zela, Errepublika Sozialista zela) bere herrialdearen parte zelarik; eta ordutik hona duela hilabete arte Estatu burujabea zen Ukrainarekin sinatutako akordioen arabera dago Sebastopolen; honela penintsulan (krisian kuarteletatik ia atera gabe egon diren) 25.000 soldadu izan ditzakeelarik, Kieveko gordailuentzat diru-pagotxa ordaintzearen truke. Bestalde, norbait “okupatzaileak denak” esanez nahasten saiatzen bada ere, Krimeako autodefentsa indarrak ere presente daude, tartean Ukrainako Alderdi Komunistak antolatutakoak ere badirelarik, populazioa Kieveko agintearen ordainpeko eraso-txakurren erasoez babesten dutelarik. Kosovon ez da halakorik, han estatubatuarren eta KFORrek, oraindik, urte andana pasata, lurraldea okupaziopean, dominaziopean eta menpekotasunean dutelarik. Camp Bondesteel base militar estatubatuarrak oinarrizko garrantzia du Balkanen zehar Europa Erdialdea Itsaso Beltzarekin eta Itsaso Adriatikoarekin konektatzen duten pasabideak kontrolatzeko. Kontrola doan gainera, estatubatuarrek ez bait dute txakur txikirik ere ordaintzen.

“Errusiar okupazioa” delakoaz gain, beste gezur bat ere aireratzen dute: erreferenduma iruzurra izan omen da. Emaitza argiek krimearren borondatearen inguruan zalantzari tokirik uzten ez badiote ere, erreferendumaren aurretik gezur hori bolo-bolo zebilen. Baina herri-erabakia sekula ere ezin daiteke iruzurra izan, eta are gutxiago halako kasuetan. Datuek hala baieztatzen dute: krimear tatariarren eta ukrainarren gehiengoa ere baiezkoaren alde azaldu zen. Eta horrez gain, Estatu-kolpearen ondoren ukrainar armadan eman ziren desertzioek (Krimean %85a) edo kontinentearen eta penintsularen arteko migrazio uholdeek (esaten den arabera, egunero 300 pertsona heltzen dira Krimeara “Ukraina etnikotik” ihesi) krimearren eta baita ukrainarren herri-borondatearen inguruko zalantzak uxatzen dituzte. Beraz oso bitxia da krimear prozesuaren “zilegitasun faltaz” hitz egiteko “garbiketa etnikoa” aipatu izana. Hemen errealitatea eta nahia (nazioarteko komunikabideen nahia) nahasten dira. Errealitatearen arabera, Krimeako gatazkaren intentsitatea oso baxua izan da: 2 hildako bakarrik (gainera ukrainar unionistek eragindakoak); “eredutzat” hartzen den esloveniar prozesuan baino lau aldiz gutxiago. Eta Kosovo “eredu” bezala hartuz gero; gutxiengo serbiar, ijito, gorani edo turkiarren aurkako garbiketa etnikoen ostean, konparaketa argiagoa egiten zaigu. Eta oraindik ere arrazoi historikoak aipatu ditzazkegu, adibidez 1942ko okupazio nazia eta garbiketa etnikoak, hauek Kosovoko konposaketa demografikoa irauli zutelarik. Baina Kosovon sezesiorako arrazoi “etikoak” mahaigaineratzen zituztenek eskubide hori krimearrei ukatzen diete, edota hobeto esanda, arrazoi horiek ukrainar lurralde-batasuna edo Krimearen erabateko “tatariartasuna” (beste inorentzako tokirik ez balego gisan!) defendatzeko darabilte, sobietarren deportazioak (testuingurutik aterata, etnia-deportazio soilak izango balira) argudio gisa erabiltzen dituztelarik; aldi berean, Balkanetako garbiketa etnikoei buruz txintik ere esaten ez duten bitartean.

Lotsarik gabeko moral bikoitza erabiliz eta Europar Batasun kanpoan (eta barruan) Estatu berriak sortzeri buruzko “erabateko legezko arrazoiak” ahotan dituztelarik; darabilten “autodeterminazio” kontzeptuari buruz hausnarketa bat egin behar dugu: geopolitikan “autodeterminazioa” interesen arabera interpretatzen da. Gaur egungo marko politiko, ekonomiko eta militar europarrean autodeterminazioa ez da eskubide unibertsala: hori da errealitate etsigarria. Euskal Herriaren burujabetza lortu nahi badugu, estrategia eraginkor bat beharko dugu, eta analisi hau ezin izango dugu baztertu. Independentzia izango bada, Europar Batasunetik at izango da. Nazioarteko legedia ez dago inolaz ere herri-borondatearen aurretik.

Zorionak Krimea!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude