ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

“Kooperatibismo herrikoiaz” eta “berekoikeria kooperatibistaz”

  • HUN – HerriUni eta Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak jardunaldia antolatu zuten martxoaren 5ean, Gernikako Astran. Bertan, Jabier Lertxundik hitzaldia eskaini zuen eta bere ustez “kontrajarriak” diren bi kooperatibagintza ereduak aztertu zituen: MCC batetik, eta Esparzak garatutakoa, bestetik. Eta baita autogestioaren ideia ere. Honela iritsi zen Lertxundi MCCri buruzko liburu kritikoa idaztera: “Andoni Esparza ezagutu nuen. Niretzat deskubrimendua izan zen gizon hori. Mondragon esperientziari buruz berak zeuzkan informazio eta artxibo guztiak nire esku jarri zituen. Horrela idatzi nuen La Tecmocracia en MCC, el OPUS DEI y el PNV liburua. Liburu hau oso kritikoa da. Bertan Jose Maria Arizmendiarreta agertzen da eta baita ere MCCk egindako ibilbide enpresariala”.

    Andoni Esparzaren biografia (La otra experiencia – El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza)  idatzi zuen Julia Itoizek ere hitzaldia eman zuen jardunaldi honetan. Bihar argitaratuko dugu hitzaldi horren kronika.


2022ko maiatzaren 03an - 07:12

Jose Maria Arizmendiarretak hezkuntza arloan egindako ekarpena aitortu zuen Jabier Lertxundik: “Bere horientazioa gazteria eta lana izan ziren. Lan munduan aukera gehiago izateko gaztedia indartsua nahi zuen, teknologikoki formatua, alegia”. Baina Andoni Esparzaren artxiboa arakatuta, frankismo garaian Arizmendiarretak egin zuen ibilbidearekin egin zuen topo Lertxundik.

Heriotz zigorra jasotzetik langileen kutxa bat sortzera

Markinakoa zen Arizmendiarreta eta 36ko gerran “nazionalista” zela adierazi du Lertxundik: “PNV inguruko aldizkarian kazetari ari zela harrapatu zuten, Burgosko kartzelan sartu eta hiltzera kondenatu. Gero kondena kendu zioten, Gasteizko seminarioan ikasi zuen eta apaiz joan zen Arrasatera”.

“Ni general frankista bat naiz” esaten omen zuen Lauzirika apezpikuak destinatu bide zuen Arizmendiarreta Arrasatera. Langile borroka gogorreko herri batekin egingo zuen Arizmendiarretak topo, Lertxundik kontatu duenez: “Gerra garaian Arrasaten giroa potente egon zen abertzale eta langileen borrokan, eta apaizek parte hartu zuten borroka horietan. Orejatarrak jabe ziren Union Cerrajera lantegia zela-eta hainbat ekintza egin ziren, 1934an iraultza egin zuten eta fusilatu egin zituzten... Oso historia gogorra egon zen altzairugintzan”.

Arizmendiarreta herrira heldu, eta gazteekin aipatutako lana egiten hasi zen. Eta geroago, Lankide Aurrezkia sortu zuen: “Esango nuke Arizmendiarretaren inflexio puntua hori izan zela” adierazi du Lertxundik. Garai hartan erregimen frankista aldatu egin zela azaldu du, “falangistatik Opus Deira: Ekonomia, Industria eta Atzerri ministerioak Opus Deikoak ziren. Eta negoziazio horretan, Arizmendiarretak lortu zuen Lankide Aurrezkia martxan jartzea. Oso zaila zen hori egitea. Apaizek eta elizek soilik lortzen zuten, elizarenak ziren edo ‘cajas rurales’ deitzen ziren kutxak sortuz. Baina Lankide Aurrezkia langileena izan zen, eta oso zaila zen hori lortzea”.

“Frankista zen. Kito. Hori ez dago ukatzerik”

Erregimenak Mondragon esperientziari argi berdea zergatik eman zion kuestionatu du Lertxundik: “Ezin dut ziurtatu, baina baliteke jokaldi estrategiko bat izatea Mondragon eta inguruko langileria eredu batean sartzeko, baina kontrolatuta. Zergatik esaten dut hori? Aurrezki kutxa edo banku batek baliabideen %10 berezkoa izan behar du. Laboral Kutxaren berezko baliabideak izan ziren Santander Bankuak, Atlantico Bankuak, eta Banco Popular Españolek zituzten akzioak. Hirurak Opus Deikoak. Jaiotza ekonomiko hori, sustengu ekonomikoa, Espainiako Gobernutik kontrolatutakoa izan zen. Hori frogatuta dago”.

Laboral Kutxako lehenengo juntan egon zen finantzieroa seinalatu du Lertxundik: Azkarate. “Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateko promozioko lehena izan zen, unibertsitate horren aldizkarian bertan aipatua. Berak jarri zituen oinarriak, ondoren jarraituko zen bide finantzieroarenak. Ondoren San Jose Kooperatibaren (egun Eroski dena) ordezkaria izan zen (nahiz eta ez zen bertako kooperatibista). Hatzaz hautatu zuten, San Jose Kooperatibara joan eta bidea zabaldu zezan”.

Arizmendiarretak Lanaren Saria jaso zuen, frankismoak urtean behin “langile onenari” ematen ziona.

Lertxundik, bere liburuan jasoa duen argazki bat erakutsi zuen, Arizmendiarretaren hiletakoa: “Hilkutxaren ondoan bibotedun bat ageri da, Guardia Zibilaren komandantea, Tejero. Egun marketing operazioa dago, aurpegi garbiketa, santu egiteko ekimena... Arizmendiarreta frankista izan zen. Kito. Hori ez dago ukatzerik”.

Kooperatibismoen garapena eta auzitegiko bataila

Aipatutako Lankide Aurrezkia sortzen Arizmendiarreta eta Esparza elkarrekin aritu zirela azaldu du Lertxundik eta ordurako Esparzak Elorrioko Funcor enpresaren bueltan bere eredu kooperatibista martxan jarrita zuela: “Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen, herria izan zedin garrantzitsuena, ez teknologian eta ekonomian soilik, baizik eta kulturan, hezkuntzan... Han egon ziren Oteiza, Buñuel zinemagilea, pintoreak... Gauza asko egin zituzten Funcorren, kirolaren alde ere bai, txirrindulari taldea izan zuten...”.

Lertxundik horrela deskribatu zuen Mondragon inguruan sortu zen kooperatibismoa eta bere garapena: “Ez zen lurralde elkartasunean oinarritu, baizik eta elkartasun sektorialean. Mondragon esperientzia izan zen lehenengo, Laboralaren kooperatiba elkartuak geroago, eta gero MCC. Multinazional eredua da, dirua ateratzen duena kanpoan dauden fabrikak esplotatuz. Ez da elkartasun eredu bat, berekoikeria kooperatibista baizik: bakoitza sentitzen da enpresari txiki bat eta beste langileen esplotatzaile. Hemen dauden kooperatibistak oso ondo, haientzako primerakoa da, ongi doa sistema (kooperatibista horrentzako). Baina hori da autogestio eredua, mundu osoan zabaltzeko? Hor dago tranpa, kooperatibismo hori kooperatibista horrentzako delako”.

Lertxundik hala salatu zuen: “Arizmendiarretak eta bere kideek Funcor zapuztu eta itxi egin zuten, ez zirelako eredu horren aldekoak. Funcorreko diruen erabilera ez egokia leporatuaz ("malversación de fondos") eta Andoni Esparzaren aurka salaketa faltsua jarri ondoren, Andoni atxilotu egin zuten eta epaiketa egin zioten”. Akusazio partikularra egin zuen Mondragon Taldearen abokatua Jose Antonio Ardanza izan zen eta epaiketako gertakizun hau kontatu zuen Lertxundik: “Ardanza Elorriokoa zen eta berak ere Funcorren beka bat jaso zuen, Belgikan karrera ikasteko. Epaiketan Ardanza Esparzari eskua ematera joan zitzaion, eta Esparzak zaplazteko bat eman zion”.

Esparza atxilotu eta kartzelaratu egin zuten “eta hortik aurrera fisikoki ukituta geratu zen” azaldu zuen Lertxundik: “Libre geratu zen, kargurik gabe baina bizitza osorako erasanda. Iruñera joan zen bizitzera eta han beste saiakera batzuk egin zituen, baina fisikoki ezin zuen. Geroago MCCk Esparza bereganatu nahi izan zuen, baina berak beti ukatu zuen gonbidapen hori”.

“Berekoikeria eta beldurra nagusi direlako ezin dugu beste sistemarik sortu”

Autogestioa da beti erronka Lertxundirentzat, doktore tesia eta hainbat liburu egin ditu gai horren bueltan. Baita azken liburua ere, konfinamenduan idatzi zuena: Anormaltasun berria.

“Hau da autogestioaren nire ideia: jabetza kolektibo asko izatea, adibidez Udalarenak, Aldundiarenak, Gobernuarenak... Eta hori autogestioz kudeatzea. Baina alde batetik berekoikeria dela, eta bestetik beldurra, jendea mugitu gabe geratzen da. Eta zerbait eraikitzen baduzu, beti sortzen da jabetza pribatuaren logika eta horrek menperatzen eta zapuzten du proiektua”.

Egungo egoeraz ezkorra da: “Arazoa da ez garela gai sistemari aurre egiteko, sistematik ihes egiteko. Ez gara gai beste eredu batzuk sortzeko. Berekoikeria kooperatibista egun gizarte osoan sartuta dago eta beldur handia dago: autozentsura, autoerrepresioa... Eta horrela oso zaila da autogestioa sortzea. Pentsatzen dut egun mikroesperientzia batzuk posible direla. Baina esperientzia autogestionario oso bat ez da izango. Izan ere, krisiz krisi eta denboraren poderioz, gu beherantz eta atzerantz joan gara, defentsa jarreran. Eta garenak gara”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu:: Ekonomia eraldatzailea
2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]


Olatukoopek Saretze Eguna egingo du Gasteizen, ekonomia eraldatzaileko eragileen artean harremanak josteko

Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.


Eguneraketa berriak daude