Kongresuak eta Senatuak ez dute Auzitegi Konstituzionalaren eskakizuna bete behar

  • Espainiako Auzitegi Konstituzionalak estatuko demokraziaren historian lehen aldiz bertan behera utzi du Diputatuen Kongresuan tramitatzen ari ziren lege bat, Zigor Kodearen erreforma bat, hain zuzen, ahalbidetuko lukeena Konstituzionaleko gehiengoa progresista izatea –orain kontserbadorea da–. Baina posible da hori? Auzitegi Konstituzionalak eskumen hori du parlamentuaren gainean? Iñaki Lasagabasterrek, Administrazio Zuzenbideko EHUko katedradunak, gako batzuk eman ditu Viento Sur aldizkarian eginiko analisi honetan. Funtsean, argudiatzen du Auzitegi Konstituzionalak ez duela legeen tramitazioak geldiarazteko legezko eskumenik.


2022ko abenduaren 21an - 08:00
Azken eguneraketa: 12:37
Espainiako Auzitegi Konstituzionala./ Argazkia: Wikipedia.

Une honetan Espainiako Estatuan gertatzen ari den krisi politiko-instituzionalak krisi izena merezi du, bi arrazoirengatik. Auzitegi Konstituzionalaren eta ganbera legegileen arteko liskarrak –kasu honetan Diputatuen Kongresua eta Senatua– sinesgaitza dirudi, nahiz eta pertsona batzuek aurreikusten zuten. Oso zaila da ulertzen botere bat, Auzitegi Konstituzionala, zuzenbidearen bidez gatazka politikoak zuzentzeko eta baretzeko lekua izan beharko lukeena, gatazka horien eragile nagusi bihurtu izana, eta, gainera, bere ekimenez. Onartezina da konstituzioz (artikulu bakarrak ere ez baitu baimentzen) eta demokratikoki (epaileen gobernua) Auzitegi Konstituzionalak agindu bat eman nahi izatea Diputatuen Kongresuari, legegintza-prozedura bat geldiarazteko. Hasieratik esan beharra dago Diputatuen Kongresua ez litzatekeela agindu hori betetzera behartuta egongo, Kongresua bortxaezina delako. Senatua eta ganbera legegile autonomikoak bezalaxe.

Kongresua bortxaezina bada, zergatik ausartzen da Auzitegi Konstituzionala haren aurka jotzen eta prozedura geldiarazteko agintzen? Horren arrazoia, besteak beste, oraintsuko historia batean aurkitu beharko litzateke: Auzitegi Konstituzionalari eta beste auzitegi batzuei aukera eman zaie erkidegoetako ganbera legegileen aurka jotzeko. Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak aspaldi bidali zion ofizio bat Asturiasko Parlamentuko Mahaiari, eta osoko bilkuran gai bat tratatzeko agindu. Horren aurrean, Asturiasko Ganberako abokatu batek lan bat argitaratu zuen, “Harridura baten kronika” izenburua zuena. Gaur egun, harridura hori desagertuta dago, zeren Auzitegi Konstituzionalak eta beste auzitegi batzuek agindu desberdinak bidali baitizkiete Eusko Legebiltzarrari eta Kataluniako Parlamentuari. Agindu horiek ez betetzeak dakar pertsona horiek desobedientziagatik auzipetzea. Egia da kasu horietan Auzitegi Konstituzionalak eta auzitegi arruntek horrela esku hartu dutela, jakinda legebiltzarkideek ez dutela immunitaterik, hau da, jakinda ganberek baimenik eman gabe auzipetu daitezkeela kideak, eta hori ez da gertatzen ez Kongresuan ez Senatuan.

Onartezina da konstituzioz (artikulu bakarrak ere ez baitu baimentzen) eta demokratikoki (epaileen gobernua) Auzitegi Konstituzionalak agindu bat eman nahi izatea Diputatuen Kongresuari, legegintza-prozedura bat geldiarazteko

Gertakari horiek oso larriak dira; krisi instituzionala eta politikoa dira, lehen esan bezala. Krisi juridiko-instituzionala da, ez baitago Auzitegi Konstituzionalari eta auzitegi arruntei horrelako zerbait egiteko aukera ematen dien konstituzio-agindurik. Auzitegi Konstituzionala eta auzitegi arruntak legezkotasun-printzipioaren mende daude, eta beren eskumenak aitortuko dizkien lege bat behar dute. Araurik ez badago, ez daude gaituta esku hartzeko. Baina, are gehiago, lege batek esku hartzeko aukera emango liekeen kasu teorikoan ere, lege hori konstituzioaren aurkakoa izango litzateke, ganberen bortxaezintasun-printzipioaren aurkakoa izango litzatekeelako.

Juridikoki, konklusioa ezin argiagoa eta saihestezina da. Hala eta guztiz ere, Auzitegi Konstituzionalaren balizko esku hartze inkonstituzional horretatik krisi politiko bat eratorriko litzateke, une honetan imajinaezina den tamainakoa. Kongresua eta Senatua ez daude behartuta Auzitegi Konstituzionalaren agindua betetzera, bortxaezinak direlako, eta eurak direlako beren bortxaezintasun horren defendatzaileak. Horrek esan nahi du ez dutela epailearen agindua bete behar. Auzitegi Konstituzionalak ohiko auzitegiei (zehazki, Auzitegi Gorenari) eman beharko lieke desobeditzaileak auzipetzeko ardura, hala badagokio. Auzitegi Gorenak egoki iritziko balio, ezetz esan lezake, eta Kongresura edota Senatura idatzi bat bidali beharko luke legebiltzarkideen immunitatea kentzeko eskatzeko, auzipetu ahal izateko. Ganberek euren buruen immunitatea kentzen ez badute, ezingo dira prozesatu; hortxe amaitzen da. Aldagai batzuk egon litezke, baina uste dut azken hori izango litzatekeela, aldrebesenen artean, egingarriena.

Zuzenbide konparatuan ez dago antzeko zerbait planteatzen duen kasurik. Are gehiago, teorian, gatazka bat egon liteke Auzitegi Konstituzionalaren eta Parlamentuko Mahaiaren artean, eta ez luke aukerarik izango legez ebazteko. Salbuespena da kaltetutako legebiltzarrak legegintza-eskumenak izatea eta erregulazioa aldatzea, eta horrela aukera ematea Auzitegi Konstituzionalari ahalmen horiek baliatzeko ebazpenerako. Pixka bat gehiago aurreratuz, legegintza-prozedurari buruzko gogoeta egitea komeni da.

Legegintza-prozedura

Auzitegi Konstituzionalak ezin du legegintza-prozedura geldiarazi. Horrelako agindu bat Diputatuen Kongresura bidaltzen badu, prebarikatzen eta botere-banaketaren aurkako delitua egiten ariko litzateke. Gorteak behartuta egongo lirateke legegintza-prozedurarekin jarraitzera. Gorte Nagusien erabakiaren aurka ez legoke erantzun juridikorik. Baldin eta ez bada ulertzen bozketan parte hartu duten gorteetako kideak auzipetu beharko liratekeela. Eta galdera hau nahitaezkoa da: zein demokraziatan prozesatzen dira parlamentuko kideak lege bat bozkatzeagatik? Gai horri buruz hitz egin da jada. Orain, Auzitegi Konstituzionalak gai horretan duen jurisprudentzia bera kontuan hartu behar da.

Kongresua eta Senatua ez daude behartuta Auzitegi Konstituzionalaren agindua betetzera, bortxaezinak direlako

Modu horretan jokatuta, Auzitegi Konstituzionala bere jurisprudentziaren aurka joango litzateke, non legebiltzarren izaera definitzen baitzuen “eztabaida publikoaren agertoki pribilegiatu” gisa, eta gaineratzen baitzuen “legebiltzarreko eztabaidaren balizko emaitzak ez duela baldintzatu behar eztabaida horren bideragarritasuna bera”. Era berean, esaten du “jurisdikzioa defendatu behar dela soilik arau hausteen aurrean, inoiz ez lege-proiektu edo asmoen aurrean. Jurisdikzioak erantzun dezake asmo horiek eragiten duten forma juridikoaren aurka, baina asmoa bera eta horren eztabaida immuneak dira kontrol jurisdikzional ororekiko, jendarte demokratiko batean, bereziki eztabaida parlamentu batean oinarritzen bada, eztabaida publikoaren egoitza pribilegiatuan”.

Hori horrela izan bada Auzitegi Konstituzionalarentzat, zer argudiotara jo dezake une honetan legegintza-prozedura bat geldiarazteko?

Legebiltzarraren bortxaezintasuna

Legebiltzarraren bortxaezintasuna hainbat estatutu-xedapenetan eta konstituzioan jasotzen da. Zuzenbide positiboan aho batez jaso zen, baina ez dator bat doktrinan eta jurisprudentzian duen arretarekin. Hala ere, botere-banaketaren printzipioaren osagai zentrala da bortxaezintasuna, funtsezkoa.

Legebiltzarraren bortxaezintasun kategoriaren esanahia Auzitegi Konstituzionalean aurki daiteke. Gogorarazten du legebiltzarkideen bortxaezintasunaren oinarria “instituzio parlamentarioaren askatasuna eta independentzia bermatzea” dela. Gaineratzen du, halaber, bortxaezintasun parlamentarioa eta immunitatea ez direla pribilegioak; izan ere, ez dira ganberetako kideen interes pribatuagatik esleitzen, baizik eta “interes orokor batengatik, hots, haien askatasuna eta independentzia bermatzeagatik, kide diren organoari bermatzen zaionaren isla den aldetik”. Bortxaezintasun parlamentarioak esan nahi du ezein organok ez duela jurisdikziorik ganberaren funtzionamenduari buruz. Juridikoki gaitzesgarria den asmorik bat badago, beti kontrolatu beharko da azken emaitza, batez ere araua bada, baina inola ere ezin izango da legegintza-prozeduran esku hartu.

Auzitegi Konstituzionalak ezin du legegintza-prozedura geldiarazi. Horrelako agindu bat Diputatuen Kongresura bidaltzen badu, prebarikatzen eta botere-banaketaren aurkako delitua egiten ariko litzateke

Auzitegi Konstituzionalak Espainiako konstituzio-sisteman duen lekuari buruz: konstituzio kontrakoak izateagatik legeak atzera botatzeko monopolioa izatetik, parlamentuaz gaindiko eragile politiko izatera

Botere-banaketaren printzipioa, botere legegile, exekutibo eta judizial baten aurreikuspenarekin, ez zen nahikoa izan askatasuna bermatzeko, Europako historiak erakusten duen bezala.

Hori dela eta, oinarrizko eskubideen defentsa bermatzeko beharra sortu zen legegilearen aurrean ere. Eginkizun horretarako sortu ziren Auzitegi Konstituzionalak, eta leku bakoitzean esanahi eta garrantzia desberdinak dituzten eskumenak jaso dituzte. Espainiako konstituzio-sistema Kelsenen ikusmoldeari zor zaio, non Auzitegi Konstituzionala legegile negatibo gisa eratzen den, legeak konstituzio-kontrakotasunagatik baztertzeko eskumena baitu. Eskumen horrekin batera, oinarrizko eskubideen defentsa dago, babes-errekurtsoen, eskumen-gatazkak konpontzeko prozeduren eta toki-autonomiaren defentsaren bidez.

Legegile negatiboaren funtzioak esan nahi du eskumena duela legeak konstituzioaren aurkakotzat deklaratzeko, eta hori eraginkorra da epaia BOEn argitaratzen den unetik. Baliogabetze adierazpen horrek ordenamendu juridikotik ezabatzen ditu konstituzioaren aurkakotzat jotako legea edo artikuluak, dagokien ex nunc edo ex tunc ondorioekin. Deklarazio-epaia denez, ez dagokio betearaztea, eraginak argitalpenarekin berarekin agortzen baitira. Auzitegi Konstituzionalak ahaztu egiten du 1978ko Konstituzioak aurreikusitako erakunde-egituran duen eginkizuna, eta zeregin aktiboa hartzen du parlamentuko ganberen zuzendaritza politikoan. Konstituzioaren aurreikuspenak erabat iraultzea da hori, eta Europako kultura juridikoarekin zerikusirik ez duen planteamendua.

Auzitegi Konstituzionalaren jurisdikzioa eskatu egiten da, eta haren eskumena gaitzen duen arau juridiko bat egon behar da. Bada, Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoak bere aginduetako batean ere ez du aurreikusten estatuko edo autonomia erkidegoetako legebiltzarrei aginduak igortzeko aukerarik. Beraz, Auzitegi Konstituzionalak ez du bere ahala egikaritzeko gaitasuna ematen dion araurik. Epaiak betearazteko ahala ez da baliozkoa hori zehazten duen legerik gabe.

Auzitegi Konstituzionalak ezin die mandaturik bidali parlamentuetako mahaiei; izan ere, halako jarduera batek ahaztuko luke bi urte lehenago baieztatu zuela parlamentuen izaera eztabaida publikorako leku pribilegiatu gisa, eta ezin dela funtzio hori oztopatu, eta BOEn argitaratu ondoren gerta daitezkeen aurka egiteek soilik eragiten diotela. Auzitegi Konstituzionalak ahaztuko luke ganberak bortxaezinak direla, eta horrek esan nahi du auzitegiek ezin dutela beren eginkizunetan esku hartu. Legebiltzarreko eginkizuna bete ondoren bakarrik egin ahalko zaio aurka, oinarrizko eskubideak ez errespetatzeagatik. Hori da baimendutako interferentzia bakarra. Legebiltzarraren bortxaezintasunak esan nahi du ez dagoela haren funtzionamenduari eragin diezaiokeen jurisdikzio-ahalmenik.

Eta galdera hau nahitaezkoa da: zein demokraziatan prozesatzen dira parlamentuko kideak lege bat bozkatzeagatik?

Legebiltzarraren bortxaezintasuna ahaztearekin batera, ganberetako kideen bortxaezintasunaren eskumenaren murrizketa dago, adierazpen-askatasunerako eskubidearen isla, bereziki legebiltzarrean. Ganberen kide gisa gauza batzuk esan daitezke, zeinak herritar gisa esanez gero jarraituak izango liratekeen. Puntu horretan Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia gogoratu behar da; izan ere, jurisprudentzia horrek balioespen-tarte zabala aitortzen die estatu kideei, eskumen hori aintzat hartzean, bereziki legebiltzarkideen adierazpen-askatasuna errespetatzeari begira. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zorrotz aztertzen eta kontrolatzen ditu adierazpen-askatasun horretan legebiltzarrean gerta daitezkeen interferentziak. Giza Eskubideen Europako Auzitegiarentzat, legebiltzarreko kideen adierazpen-askatasunaren muga hasten da indarkeriarako deia egiten badute. Agian, Auzitegi Konstituzionalak arreta handiagoa jarri beharko lioke azken horri.

Kongresuak eta Senatuak ez dute bete behar Auzitegi Konstituzionalak lege bat egiteko prozedura parlamentarioa geldiarazteko emandako agindua, halako errekerimendu bat konstituzioaren aurkakoa delako. Auzitegi Konstituzionala konstituzioaren interprete gorena da, legez ezarritako prozeduren bidez, eta ez beste batzuen bidez, Kongresuak eta Senatuak onartutako lege arautzaileak hala adierazi duelako. Konstituzioa defendatzea lehenik herritarrei eta haien legezko ordezkariei dagokie. Horixe da demokrazia batean ahaztu behar ez dena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako Parlamentua
Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko bideari ekin diote berriz ere Espainiako Kongresuan

Egungo Espainiako Gobernua osatzea ahalbidetu zuten alderdi gehienek onartu dute EAJk hirugarrenez aurkezturiko proposamena Espainiako Kongresuan, baina zalantzak daude hemendik aurrera PSOEk hartuko duen jarreraren inguruan, beste aldietan sozialistek ez baitute urrats gehiago... [+]


2023-12-13 | ARGIA
Patxi Lópezek ukatu egin du Iruñeko zentsura mozioa Sánchezen inbestidura baino lehen adostu zenik

Espainiako Kongresuan egiten ari diren eztabaidan oihartzuna izan du Iruñeko alkatetza aldatzeko PSNren eta EH Bilduren arteko akordioak. Alberto Nuñez Feijóok esan du "akordio enkaputxatu" bat dela. Patxi Lópezek, berriz, ukatu egin du... [+]


2023-09-28 | Sustatu
Espainiako Estatuko hizkuntza gutxitu ahaztuenak: Extremadurakoak

Espainiako Kongresuan hizkuntza gehiago mintzatu daitezke joan den astetik: euskara, galiziera eta katalana, aldibereko interpretazioarekin norabide bakarrean. Asturierak eta aragoierak, estatus txikiagoa erdietsi dute: diputatuek erabil ditzakete, itzulpena jarraian ematen... [+]


Inbestidura prozesua ezusteko gabe igarota, Chivitek Nafarroako lehendakari kargua hartu du

11:30ean izan da kargua hartzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuan, eta gonbidatu gisa joan dira hainbat ordezkari politiko, tartean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Kontseilari berriak ere izendatu dituzte: lau Geroa Baik gidatuko ditu eta bat Zurekin Nafarroak;... [+]


Eguneraketa berriak daude